Ana Herrera. Nafarroako Kultur kontseilaria

«Normaltasunik eza eta ukazioa bizi izan ditu Nafarroan euskal kulturak»

Sektorearen «tenperatura» hartzeko baliatu ditu Herrerak karguan daramatzan bost hilabeteak. Dioenez, «barrurantz» begira egon da orain arte kultur mundua. Eta bada garaia kanpora atera eta kudeaketa modu berriak martxan jartzeko.

Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
1991n hasi zen Ana Herrera (Iruñea, 1966) Nafarroako Kultura, Kirol eta Gaztediaren Departamentuan lanean. Besteak beste, Ikuspuntu Zinema Dokumentalaren Jaialdiko zuzendari exekutibo izandakoa da. Ongi ezagutzen ditu sailaren barrenak, eta akaso horregatik nahiko lituzke gauza asko aldatu, horretarako aurrekontua balu. Oraingoz, sektoreen parte hartzean, kultur eskubideetan eta herri kulturan jarri ditu kudeaketa berriaren fokuetako batzuk.

Bost hilabete pasatu dira izendatu zintuztenetik. Zer egin duzu tarte horretan?

Tenperatura hartzeko baliatu dut denbora, elkarrizketa asko izateko, eta errealitatea gertutik ezagutzeko. Horretaz gain, 2016rako aurrekontu lerroetan lan egiteko ere baliatu dugu tarte hau, bai eta oro har legealdi osorako lerroak zehazteko ere.

Zer sentitu duzu izandako elkarrizketa horietan?

Hilabete hauetan askok esan digu urteetan ez dutela izan bilerarik izateko aukerarik, haien egoera modu pausatu batean azaldu ahal izateko zuzendari nagusi edo kontseilariari. Elkarrizketa falta transmititu digute. Eta jakinarazi digute ez dela egon kultura sektoreekin komunikazio bide egonkorrik. Gu haiekin bildu gara, egoera aztertzeko. Esango nuke hilabete hauetan Nafarroako kulturan pisua duten eragile ia guztiekin batu garela. Joan eta etorriko lana izan da; zailtasunak kontatu dizkigute, baina baita proposamen eta ideia berriak mahai gainean jarri ere.

Aldatzeko gauza askorekin egin al duzue topo?

Bai, baina kontuan hartu beharra dago daukagun aurrekontuarekin [iazkoaren ia berdina] tarte mugatua dugula arlo ekonomikoari dagokionez. Aurrekontu handiagoarekin gauza gehiago aldatu ahalko genuke. Kulturaren arloan, sektoreekiko arretan desoreka handia egon da, bai sektore artistikoetan, bai lurraldetasunari dagokionez, eta baitasektore transbertsaletan ere, hau da, herri kultura, arte plastikoak... Aurrekontu berriekin desoreka horrekin apurtzen saiatzen ari gara.

Kulturari duintasuna emateaz mintzatu izan zara. Zer da hori?

Akordio programatikoak jasotzen du hori, kulturari duintasuna emateko beharra oso argi ikusi zutelako akordioaren sinatzaileek. Argi dago kulturak aurrekontuetan murrizketa handia pairatu duela azken legealdian, baina baita nolabaiteko paralisia ere sektoreekiko komunikazioan, eta baita kanpora begirako zabalkundean ere, beste erkidegoetan egiten dena ikusteko, beste batzuekin sarean lan egiteko. Uste dut kultur mundua barrurantz begira egon dela, eta azkenean ito egin da, kultur sektoreak harresiz inguratutako Erdi Aroko hiri batean bizi izan balira bezala. Beraz, aurrekontuetan duintasuna behar da batetik, baina bestetik sektorearen duintasunaz ere ari gara: instituzioek ongi trata dezatela kultur munduan lan egiten duen jendea, eta jende horrek administrazioarekin elkarlanean aritzeko aukera izan dezala, kanpokoarekin ere harremanak izateko. Horixe falta izan baita.

Kulturarako sarbidea bermatzea ere jasotzen du gobernu akordioak. Asmo hori du osatu nahi duzuen Kultur Eskubideen Legeak?

Oraindik ez gara horretara jarri, baina bai. Kulturarako eskubidean lan egin behar dugu oinarrizko eskubidea den heinean, eta oinarritik hori bermatzeko zer mekanismo jarri aztertu behar dugu.

Horrek esan nahi du gaur egun ez dela sarbide hori bermatzen?

Esanen nuke baietz, bermatua dagoela oro har, baina ez dago arautua, eta ez dago sarbide horrek huts egiten duenean alarma piztuko dela ziurtatuko duen mekanismorik. Instituzioen ardura da kulturarako berme horri balioa ematea, ez dadila hitz hutsetan geratu, eta balioa har dezala zerbitzu publiko gisa. Hori da gobernu honek nabarmendu nahi duena, zerbitzu publikoa.

Sarbideaz ari garela, sarri kritikatu da Baluarte bezalako azpiegituren «elitismoa».

Baluartek denboraldi egonkorra du, eta antzeko auditorium edo antzokiek beste leku batzuetan betetzen duten tokia betetzen du. Denboraldi egonkor hori da jendeak kultura elitistatzat hartzen duena; esan beharra dago merkatuko prezioen azpitik daudela Baluarteko prezioak, administrazioaren babesa dagoelako ahalik eta merkeen izan daitezen. Baina egia da badela muga bat. Horregatik, azken bi urteetan, denboraldi horretaz harago zabaldu da Baluarte. Guk bide horretan nahi dugu lan egin eta hobetu, beste publiko batzuentzako bestelako kultur adierazpenak jasotzeko, denboralditik kanpo. Hor daude Ikuspuntu, Flamenco on Fire eta Pamplona Negra bezalako jaialdien adibideak. Beraz, badago nolabaiteko zabalkunde bat. Gertatzen dena da Baluarte sozietate publikoa dela, eta hainbat helburu ekonomiko bete behar dituela. Eta, alde horretatik, ezin da oso defizitarioa izan. Baina prezio publiko eta sozialen alde ari da lanean zikloetako batzuetan. Guretzat, Baluarte entitate bat gehiago da Nafarroako kultur azpiegituren mapan. Gure ideia da halako zentroak, diru laguntzen politikatik eratorritako fruituak, irabazteko asmorik gabeko elkarteak, jaialdiak... horiek denak elkarren osagarri izatea. Alegia, eskaintza zabala izan dadila, eta hala berma daitezela lehen aipatu ditugun eskubide horiek.

Zer pisu du kulturak Nafarroako aldaketaren gobernuan?

Zentzu ekonomikoan hitz eginda, nahiz eta kulturaz ezin den bakarrik zentzu horretan hitz egin, egia da Kultura departamentuaren pisua ez dela Nafarroako aurrekontuen %1era iristen. Egia da kulturaren parte bat, batez ere zinema politikarekin lotutakoa, ez dagoela departamentuan, NICDO sozietate publikoan baizik. Baina zifrak alde batera utzita, bai, kulturak badu pisua, eta transbertsala da gobernuaren jardun osoan. Kultur politikek eragina dute politika ekonomikoan, eta, alderantziz, politika kulturalek zerikusia dute hezkuntzarekin, adibidez. Dena dago elkar lotuta.

Eta zer pisu du gizartean?

Gaur egun, inoiz baino gehiago, indarrean dago kulturak garapen soziokomunitariorako motor gisa duen balioa, garapen ekonomikorako izan dezakeen pisuaz gain. Ideiak kudeatzeaz ari gara, identitateaz, gizarte batek aurrera egin dezan lagundu dezaketen hainbat gaiez. Agian, utopikoa dirudi, baina hala da. Krisian dagoen gizarte batean behin eta berriro esaten da babestu behar dena ongizatea eta herritarren erreskatea dela, eta egia da. Baina herritarren erreskateak badu zerikusia kulturarekin ere. Ezin dugu kultura alde batera utzi, gizarteak asko galduko bailuke.

Kultur sektoreen parte hartzeada departamentu berriaren lerroetako bat. Zer behar da parte hartzea benetakoa izan dadin?

Ez da erraza, ez dugu ukatuko, baina ez dugu ukatuko ezinbestekoa dela ere. Parte hartzeko modu asko daude, baina planteatu behar duguna da ez daitezela norabide bakarrekoak izan, ez dadila izan informazioa jasotzeko bakarrik. Urtarrilean jarriko dugu martxan parte hartze prozesua, eta gobernuaren oinarriak partekatuko ditugu. Bestelako politika kultural bat nahi dugu ezarri, utopikoa dirudien eta ideologiarekin lotuta dagoen ideia horretatik hasi, eta kudeaketa hutsarekin lotuta dauden gaietaraino, diru laguntzak edo jaialdiak bezalako gaietatik pasatuta. Eta lan serioa izatea nahi dugu.

Bide horretan egiteko berezia izango du Nafarroako Kulturaren Kontseiluak. Berriki berritu dituzue kide guztiak. Zergatik?

1984an sortutako organo aholkularia da. Erabilgarri bilakatu nahi dugun erreminta da, haiekin elkarlanean modu serio batean lan eginez. Araudiak kontseilua guztiz edo zati batean berritzera behartzen gintuen, eta guk erabat berritzea erabaki dugu, uste genuelako ona zela abiapuntu berri bat sortzea. Hogei kide berriekin banan-banan izandako elkarrizketetan argi utzi diet indarrean dagoen araudia ona dela helburuari dagokionez, eta helburu hori praktikan jartzea dela egin beharrekoa. Izan ere, helburu horrek zehazten du Kontseilua bi norabidetako foroa dela, non administrazioak bere planak aurkez ditzakeen, baina baita kideek ideiak ekarri ere. Eta ez haienak bakarrik: haien inguruko antena gisa jokatu behar dute. Elkarlana nahi dugu sortu, bi aldeok denon onerako lan egin dezagun, interes partikularrak ahaztuta.

Uharteko arte zentrorako plan berriak dituzue.

Orain arte, ez zegoen administrazioan herri kulturaz eta berrikuntzaz arduratzen zen alorrik. Orain bulego bat sortu dugu, alor horiek izan beharko luketen pisua izan dezaten. Kultura ez da gauza homogeneo bat, aniztuna da. Alde horretatik, motor bihurtu nahi dugu Uharte zentroa; ez bakarrik letra handiekin arte garaikidea deitzen den horren motor, baizik eta sektorea garatzeko motor: egoitza artistikoak, diziplinartekotasuna... Alegia, koadroak sortzea, artearen diziplinen inguruko ideiak sor daitezen.

Herri kultura izan da, hain zuzen ere, aurreko gobernuak behin eta berriro baztertutako alor bat. Nola nahi duzue integratu?

Harentzako espazio bat sortuz, eta modu askean laguntzak jasotzeko aukerak emanez. Eta, batez ere, oztoporik ez jarriz. Kulturan, gobernuak sarri lagundu dezake sektorea, baina beste askotan trabak ez jartze hutsarekin sektoreak gara daitezke, haiek nahi duten puntura arte. Egia da herri kultura nahita egon dela baztertua; hori oso argi dago. Eta zer esanik ez kultura tradizionalaz, identitatearekin lotua dagoen kulturaz, komunitate baten garapenarekin zerikusia duten oinarri materiagabe horiez guztiez.

Euskal kultura ere sartzen da horretan. Zer egiteko izango du?

Normalizazioaz hitz egingo nuke, euskal kulturak normalizaziorik eza eta ukapena bizi izan dituelako Nafarroan. Natural-natural hartu behar dugu, eta duen garrantzia eman. Ederra izan da ikustea nola kontrako egoeran izan arrenbere kabuz iraun duen. Gizarte zibilak administrazioaz harago bere kabuz mantendu eta irauteko duen gaitasunaren erakusgarri da. Eta eskertuta gaude, iraunkortasun horri esker existitzen direlako oraindik jarduera asko. Gure kasuan, normalizazioa da apustua, ateak irekitzea, jasotzea, integratzea eta baita promozionatzea ere.

Oteiza museoan ur nahasiak izan dira azken urteetan. Bada garaia hori amaitzeko?

Etapa berria hasi da. Egia esateko, gure lehenengo patronatu bilera izan dugu, eta aurretik sumatzen zen tirabirarik ez dugu ikusi. Ez dakit oso utopikoa den, baina uste dut etapa berri baten aurrean gaudela. Arazo ekonomiko asko egon dira, eta gure ekarpen berriarekin, lortu dugu kolokan zeuden langileen egoera gainditzea. Etapa berri baten isla da hori.

Diruz lagunduko duzue Nafarroako Unibertsitatearen Museoa?

Ez, ez da posible. Egungo aurrekontuekin museoen sistema publikoa mantentzeko arazoak ditugu; beraz, ez, ez dugu asmorik diruz laguntzeko.

Mezenasgoaren Legea berraztertzeko asmoa ere agertu duzue. Zer zentzutan?

Bere garaian, kultur enpresak onuradun gisa baztertzeak piztu zuen eztabaida handiena. Era berean, legearekiko kritikoak diren pertsonen aldetik, bada nolabaiteko beldur bat,badirudielako lege honekin Nafarroako Gobernuaren jarduera ordezkatzeko asmoa dagoela. Gure aldetik ez dugu inolako asmorik jarduera publikoa ordezkatzeko.

Vianako Printzea sarian ere aldaketak aurreikusi dituzue...

Espainiako Monarkiatik bereiztea akordio programatikoan dago jasoa, eta, hortaz, ukaezina da. Sariaren helburua mantenduko dugu, kultur munduan ibilbidea duten pertsonen aitortza gisara, baina sari ekonomikoa kenduko diogu. Uste dugu dirua duten sariek hasiberrientzat behar dutela, eta Vianako Printzea saria ohorezko saria da beste ezer baino.

Zer egoeratan nahiko zenuke egon hemendik lau urtera?

Kulturarena sektore aniztuna eta kanpokoarekiko irekia den sentsazioa egotea nahiko nuke. Sektore guztiak senti daitezela parte, ez dadila egon gaizki tratatua sentitu den inor. Eta kudeaketarako modu berriak egon daitezela. Uste dut Nafarroan atzean geratu garela kultura kudeatzeko moduei dagokienez. Prekaritatetik ihes egin behar dugu, sektore kultural eta artistikoak bere burua prekariotzat ikus ez dezan urratsak egin. Eta horrek, berriro ere, duintasunarekin du lotura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.