Telesailak

Politikaren lezioak

Danimarkako 'Borgen' da Europa iparraldeko telesailen kalitatearen adibide sonatuena

BERRIA.
ander perez zala
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Urteak dira Europa iparraldeko herrialdeek sortzen dituztela telesailik interesgarrienak. AEBetako monopolioaren eta istorioak kontatzeko eta garatzeko estiloaren aldean, herrialde horien produktuek ikuspuntu sakonagoa helaraztea lortu dute, istorio original eta aberatsen bidez. Hainbat dira adibideak, baina urteotan nazioartean sona handia izan dutenen artean nabarmendu da Danimarkako Borgen telesail politikoa. Entretenigarria da, beharrezko erritmoa du, eztabaidarako auziak helarazten ditu, eta, politikaz ari den arren, gai horiek tratatzeko moduak eskuragarri bilakatzen du edozein ikuslerentzat.

Birgitte Nyborg da protagonista, egun batetik bestera Danimarkako lehen ministro bilakatzen dena; hain justu, kargu hori hartzen duen lehen emakumea da. Alderdi Moderatuko politikaria da, eta haren ondoan izango du Kasper Juul alderdiko prentsa arduraduna. Beste aldean, hedabideen rola erakusten du telesailak: Katrine Fonsmarken figurak ordezkatzen du. Botere politikoa lortzeko bideari buruzko telesaila da Borgen, baita bidean egindako sakrifizioei eta horiek dakartzaten ondorioei buruzkoa ere. Demokraziaren arauak, interesen arabera horiek bete ala ez... gai eta auzi aberatsek osatzen dituzte telesailaren atalak.

Maila handiko telesaila da Borgen. Antzezlanez eta indarraz gain, azpijokoek eta istorioek bilakatzen dute erakargarri. Danimarkako politikaren egunerokoan jartzen du arreta telesailak, eta eguneroko gaiak eta gatazkak hartzen ditu oinarritzat, 2010 eta 2013 artean emititu eta ekoitzi zuen herrialdeko kate publikoak; fikzioa den arren, bere iturri nagusia errealitatea izan zen.

Hori da bere puntu indartsuetako bat, pertsonaiek eta istorioek errealitatea erakusten baitute, eta erraz izaten baita ikuslearentzat agertzen diren egoerak imajinatzea. Are gehiago, errealitateko egoera batzuetan gertatu beharko liratekeen ondorioak erakusten ditu. Lezio bat da egungo politikarentzat, eta ikusi beharreko produktua egungo politikarientzat.

Errealitatearekin lotura

Horrez gain, ikusleak egunerokoan dituen edota izan dituen eztabaidak aurkezten ditu, baita politikan izandakoak ere, eta frogatzen du Europa iparraldeko herrialdeetan beste maila batean daudela gai batzuei aurre egiterakoan: etika eta ustelkeria politikan, eta elkarrizketaren eta akordioen kultura politikan. Eta, gauza guztien gainetik, lana eta familia bateragarriak ote diren, bizitza pribatua eta publikoa bateragarriak ote diren, herrialde bateko lehen ministro izandakoan.

Telesaila abiatu eta urtebetera hartu zuen Danimarkan lehen ministro kargua Helle Throning-Schmidtek. Telesaileko protagonistak bezala, koalizio zail bati esker lortu zuen boterera iristea, eta, bere lehen egunetik aurrera, konparazioak saihetsezinak bilakatu ziren. Herritarren %83rentzat, telesailak herrialdeko errealitate politikoa era ezin hobean islatu zuen, eta %70entzat, politikariak gizatiartzearen ondorio da arrakasta. Tartean nazioarteko telesail onenaren Bafta saria lortu zuen.

'BORGEN'

Sortzailea: Adam Price.

Aktoreak: Sidse Babett Knudsen,Birgitte Hjort Sorensen, Johan Philip Asbæk, Mikael Birkkjær, Freja Riemann, Emil Poulsen.

Herrialdea: Danimarka.

Urteak: 2010-2013.

Non ikusi: Movistar+.

Atal bakoitzaren iraupena: 58 minutu. 30 atal, hiru denboralditan banatuak.

Generoa: Drama. Politika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.