Datorren asteko estreinaldiak

Mowgliren abenturen itzulera

Disney etxeak Kiplingen 'Oihanaren liburua' ezagunaren beste moldaketa bat egin du

Abenturaz beteriko bidaia egiten du Mowglik The Jungle Book filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
1967. urtean, Disney etxeak Rudyard Kiplingen liburuan oinarritutako The Jungle Book filma estreinatu zuen. Wolfgang Reithermanen zuzendaritzapean egin zuten urteen poderioz klasiko txiki bat bihurtu den pelikula. Dibertigarria, positiboa eta ekologikoa, Disneyk ordezkatu nahi zituen balioen eredua zen filma. Mundu osoan arrakasta handia izan zuen, baita urte horretako musika onenaren Oscar saria eskuratu ere.

Disneyrena ez zen, baina, Kiplingnen idazkien gainean egin zen lehenengo bertsioa. 1942an, Zoltan Korda zuzendariak lehen bertsio bat egin zuen, baina hura benetako aktoreekin egin zuen.

Oraingoan ere animazioa alde batera utzita, Disneyk Oihanaren liburua-ren moldaketa berri bat egitea erabaki du. Kontua da azken urteotan Disney inperioa bi norabidetan saiatzen ari dela bere etekin itzelak are gehiago handitzen. Batetik, ohi bezala animazio pelikulak egiten segitzen du, bai bere izenpean, bai orain dela urte batzuk bereganatu zuen Pixar etxearen eskutik.

Horrekin batera, azken urteotan beste negozio ildo bat zabaldu du ekoiztetxeak: garai bateko istorio ezagunen hezur-haragizko pertsonaiekin filmak egitea. Horrela, Tim Burtonek Alice in Wonderland egin zuen; Robert Stronbergek, Malificient, eta Kenneth Branaghek, Cinderella. Joera berri horren barruan sartzen da Jon Favreauk egin duen The Jungle Book hau.

Proiektu paraleloak

Gainera, argi ibili behar izan du Disneyk, ez baita honakoa Kiplingen liburuaren gainean bidean dagoen film bakarra. Izan ere, Warner etxea ere horren gainean pelikula bat ari da prestatzen. Hasieran, Alejandro Gonzalez IƱarrituk zuzendu behar zuen; azkenean, Andy Serkis izanen da proiektua aurrera eramanen duena.

Neel Sethi da filmeko protagonista nagusia, hark egin baitu Mowglirena. Lehen film luzea du aktore gazteak; horren aurretik, film labur bat egina zuen, eta horri esker deskubritu zuen Jon Favreauk. Harekin batera izen aski ezagunak agertzen dira filmaren afixan, baina aktore horiek ez dira pantailan agertuko; besteak beste, Bill Murrayk, Scarlett Johanssonek eta Ben Kingsleyk jarri diete ahotsa animaliei jatorrizko bertsioan.

Zuzendaria, berriz, Jon Favreau da, orain arte gehienbat akzio pelikuletan aritu den zinemagilea. Iron Manen lehen bi atalak eta Cowboys & Aliens dira Favreauk egin dituen filmik ezagunenak.

Mowgliren istorioa aski ezaguna da: otso talde batean haziko da, oihanaren erdian. Halako batean, bere etxea izan dena utzi egin beharko du, Shere Khan tigreak ez baitu oihanean onartzen gizakiarekin zerikusirik duen inor.

Horren ondorioz, abenturaz beteriko bidaia bat hasiko du Mowglik, Bagheera pantera eta Baloo hartzaren laguntzarekin. Ibilbidean beste hainbat animalia harrigarri ezagutzeko parada izanen du.

'THE JUNGLE BOOK'

Zuzendaria. Jon Favreau.

Aktoreak. Neel Sehti, Bill Murray, Ben Kingsley, Idris Elba, Lupita Nyong'o.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2016.

Iraupena. 105 minutu.

Generoa. Abenturazkoa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.