Jateko esperientzia aldatu nahi dugu, itzela izan dadin». Patxi Larunbek argi du bete-betean asmatu dutela. Daniel Ricorekin batera sortutako Cocuus enpresak laserra erabiltzen du janariarekin edozein forma edo grabatu egiteko. Txipiroi tintazko Albert Einstein, futbol talde bateko logoa duen sagarra, zaldi formako ogia, jan daitekeen paparrekoa, igel formako bizkotxoa,tripa gildaz beterik duen txori formako ostopila, idatzitako mezu bat duen frijitua edo pertsonaia famatu baten aurpegia duen pizza. Denetarik, 3Dko inpresioa eta laser mozketa erabiltzen dituen makina baten laguntzarekin.
Lagun arteko afari batekin hasi zen dena. Ogi txigortu arruntak egin beharrean, eskura zituzten makinak erabili zituzten hiru dimentsioko zalditxoak egiteko, gazta beste forma batzuetan mozteko eta luzokerrean iruditxoak zizelkatzeko, egurrean ariko balira bezala. «Lagunak erotu egin ziren, denak haurrak bezala zeuden», dio Ricok. Baten batek erreparoa zuen aurrean jarritakoa jateko. Beste lagun baten hitzek argitu zuten jaiotzear zen negozioaren bidea: «Badakizu nola janen zenukeen hau, eragozpenik jarri gabe? 90 euroko menu bat balitz». Laser mozketak gastronomia berritzailean etorkizun handia izan zezakeela pentsatu zuten orduan.
Hala, Larunbek eta Ricok ikertzeari ekin zioten. «Laserrarekin dena puntu bakar batean fokuratzen ahal duzu. 10.000 gradutan burdina graba dezake, eta 100 gradutan janaria irakin edo arrautza mamitu». Ikerketak eman du emaitzarik: laser mozketa eta 3Dko inprimaketa uztartzen dituen makina da. Fresatzeko makina ere badu, berotu ezin diren jakiekin erabiltzeko. «3Dko inprimagailuek gauza ikaragarriak egin ditzakete, baina denbora asko behar dute. Laserrarekin bost minutuan egiten da», azaldu du Ricok.
Hain zuzen ere, horrek egiten du erakargarri ostalariarentzat: agudo egiten dituela formak edo grabatuak. Gainera, ia ehundura guzietan erabil daiteke, ez soilik jakietan. Makina piztu, ostorea sartu, ordenagailuari zein formatan moztu behar duen esan eta botoia sakatu du Ricok. Ateratako formak, labean sartu, eta bost minuturen buruan karramarro eta eskorpioi formako ostopilak atera ditu, jateko prest. «Ostalariak abiadura nahi du, nahi dituelako bezeroak ase», azaldu du Ricok.
Haien makinak karbono dioxido laserra erabiltzen du, hori baita ehundura gehien moztu edo zizelkatu ditzakeena, eta, gainera, «nahiko merkea» delako. Funtzio horrekin batera, 3Dko inprimagailuarena ere badu: txokolatezko figura bat inprima dezake, edo plastikozko molde bat. Horrek denbora gehiago behar du, baina balio dezake prototipoak egiteko.
Ideia asko sortzeke
Asmakizunarekin kontent daude: «Hau latza da», dio Larunbek. «Hemen ideia askoz eta oso onez erdituko gara. Laborategi gastronomikoa pintxoaren astearen ondoren martxan izanen dugu». Izan ere, Zizur Txikian duten tailerreko zoko bat bitan banatu dute: sukaldea alde batera, makinak bestera. «Ingeniariak eta sukaldariak buruz buru jarriko ditugu, erdian elkartuko dira, eta hasiko dira xelebrekeria ederrak egiten». Hori ederki egiten dute: «Hemen lan egiteko frikia izan behar da», zehaztu du Larunbek. Aipatutako lana Iruñeko Baserriberri jatetxearekin eginen dute. Hala ere, makinak beste jatetxe batzuei saltzen hasiak dira. Are, Juan Mari Arzak eta Ferran Adriarekin harremanetan daude, besteak beste.
Gastronomiaren alorrean bada laser mozketa oso egokia den alor bat: catering-arena. Cocuusek dagoeneko egin izan ditu horrelako batzuk. Automobil enpresa handi baten catering-a, tartean. Denetarik egin zuten enpresaren irudi korporatiboarekin: sagarrak, gailetak, bonboiak... «Enpresaren kudeatzaileak esan zuen aurrerantzean ez zuela bere logotipoa ez zuen catering-ik nahi», azaldu du Ricok.
Tailerrean lanean jarraituko dute, gastronomia eta diseinua uztartzen. Makina handia eta ertaina listo dituzte, eta aurki txikia prest izanen dute saltzeko. Gurasoek haurrei esaten dietenaren kontrara, agerian utzi dute janariarekin jolastu daitekeela.
Janariarekin jolastu liteke
Sukaldaritza eraldatu nahian dabil Nafarroako Cocuus enpresa. 3D inprimagailua baino agudoagoa den teknologia erabiltzen dute gastronomian: laserra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu