ELA feminista baterako urratsak

Genero Ekitaterako Plan Estrategikoan iragarri dute aldaketak izango direla jardunetan eta egituretan

ELAko ordezkariak, atzo, genero plan estrategikoaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Zortzi urteko diagnosiaren ondoren, argia ikusi du ELAren Genero Ekitaterako Antolakuntza Aldaketarako Plan Estrategikoak. Emakumeen eskubideen eta gizarte eredu feminista baten defentsa egitea da planaren helburu nagusia, eta, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, apustu politiko garrantzitsua izan da: «Nahi dugun gizarte eredua lortzeko gure proiektuarekiko koherentea den sindikatu feminista bat izan nahi badugu, ezinbestekoa da sindikatua eraldatzea eta benetako antolakuntza aldaketa bat gauzatzea». Bilbon aurkeztu zuten, atzo.

Apustu «ausarta eta ilusioz betea» izan dela kontatu du Ane Miren Zelaia ELAko kideak, baina tartean zailtasunak ere egon direla aitortu du: «Halako prozesu iraultzailea izanda, asko aldatu dira gure ikuspuntuak. Inoiz ez da erraza gure kulturan sakon sustraitutako balioak eta usteak zalantzan jartzea».

Lau ardatzen bueltan garatu dute genero plan estrategikoa, eta, hori aurrera eramateko, 34 estrategia planteatu dituzte. Horietako bakoitzean, baina, «ekintza ugari» zehaztu dituzte. Hona hemen ardatz horietako bakoitzaren laburpena:

ESKUBIDEEN ARDATZA

ELA sindikatuaren ekintza osoa barne hartzen du eskubideen ardatzak, eta lotura estua du emakumeen eskubideen defentsarekin. Lau eremutan banatuta dago: negoziazio kolektiboa, hauteskunde sindikalak, zerbitzu juridikoak, eta mobilizazioak eta kanpainak.

Arlo horietan emakumeek pairatzen dituzten diskriminazio eta urraketa espezifikoak identifikatzeaz eta aztertzeaz arduratu diraeremu honetan, eta sindikatuaren inguruko erabakietan emakumeek protagonismoa dutela bermatu dute.

Hauek dira, besteak beste, planteatu dituzten estrategietako batzuk: zerbitzu juridikoek ELAren egitura politikoan duten parte hartzea indartzea, emakumeek negoziazio kolektiboaren etapa guztietan parte hartzeko prozesuak bultzatzea, mugimendu feministarekin aliantzak sendotzea, eta sindikalista idealaren eredua desegitea.

IKASKETAREN ARDATZA

Ikasketa formalean, sozializazio eta kontzientziazio espazioetan, eta ikasketa informalean esku hartzen du ardatz horrek.

Ikasketa formalak erreferentzia egiten die generoari lotutako ikastaro eta formakuntzei. Eta arlo horren «ezinbesteko elementua» da ikasketa informala. «Gizonen pribilegioak justifikatzen dituzten estereotipoak, balioak eta jokabideak nahi gabe nola transmititzen diren ulertzeko balioko du», azaldu du Zelaiak. Sozializazio eta kontzientziazio espazioak, berriz, «ahalduntze prozesuak» martxan jartzeko balioko du, eta emakumeek emakume langile gisa izaten dituzten eskubide urraketen kontzientzia hartuko dute, «banaka eta modu kolektiboan». Hala, ELAk urratsak egingo ditu emakumeen eskubideen defentsan.

Estrategien artean, hauek proposatzen dituzte: prestakuntza espezifikoak, metodologia parte hartzaileagoa eta ELAko lanpostu bakoitza gauzatzeko behar diren ezagutzak eta jakintza esplizitatu eta zehaztea.

GIZARTE EREDUAREN ARDATZA

Ekintza sindikalaz harago, gizartea eraldatzeko konpromisoa du ELAk. Horretarako, bi esparru hauek landu dira planean: Azterketa Bulegoa eta Ekintza Soziala. Biek ala biek gizarte mugimenduei loturiko proposamenak egiten dituzte.

Planteatutako estrategien artean, hauek zehaztu dituzte: aliantzak ezartzea, lan ildo eta ikuspegi berriak eskuratzeko; ELAren gainerako esparruekin modu eraginkorrean koordinatzea; koordinazio espazioak ezartzea; eta bizipenak sozializatzeko eta kontzientzia hartzeko prozesuak kanpoko bizipenekin aberastea.

GENERO ARKITEKTURAREN ARDATZA

ELAren Genero Plan Estrategikoa gauzatu ahal izateko sortu dute Genero Arkitekturaren Ardatza. «Diagnosia egiterakoan,ohartu ginenezinezkoa zela lan hori guztia aurrera eramatea; hortaz, eremuetako bakoitzean zubi lana egiteko jendea kontratatu genuen», kontatu du Zelaiak. Egin beharreko lanen artean daude, besteak beste, koordinazio egitura berriak, komunikazio fluxuak, elkarren arteko harremanak eta sindikatuko lan ildoen birbanaketa.

Lan horiek guztiak aurrera eramateko, lau talde osatu dituzte: Genero Taldea, Iruleak, Eremuko Arduradunak eta Eremuetako Genero Koordinazio Guneak. Horietako bakoitzak eginkizun jakin bat izango du.

Hala ere, Lakuntzaren hitzetan, «erantzukidetasuna» izango da diagnosia aurrera eramateko gakoa: «Antolakundeak beharrezko baldintzak jarri beharko ditu prozesua gauzatu ahal izateko, baina gutako bakoitzaren zeregina izango da egunez egun aurrera egitea».

Prentsaurrekoan azpimarratu dute lau ardatz horietan hartutako erabakiak ez direla ekintza bakanak. Izan ere, horien guztien batuketak «osotasuna» ematen dio planari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.