Larunbateko blokeorako prestatzen ari da Ipar Euskal Herria

Eragile anitzek mezuak zabaldu dizkiete erabiltzaileei, Bakegileek larunbaterako iragarri duten ekintzak eraginen dituen trabez abisatzeko

Bakegileek Miarritzeko ordainlekua blokeatu zuten apirilean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
«Bake Bidea mugimenduak jakinarazi duenez, nahasmenduak izanen dira errepide zirkulazioan uztailaren 23an. Segurtasunagatik, aireportura iristeko nahikoa denbora aurreikus ezazue». Miarritzeko aireportuaren webgunean irakur daiteke mezu hori. Sarako leizeetan eta Larhungo trenean (Lapurdi) erreserbak bertan behera utzi dituzte larunbaterako; iristen direnentzat irekiak izanen dira, hala ere. Euskal Hirigune Elkargoak jakinarazi du egokitzapenak eginen dituela hainbat zerbitzutan —hondakinen bilketan, Txik Txak garraio sarean, igerilekuetan...—, eta Andre Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakariak ere mezua helarazi die Ipar Euskal Herriko enpresaburuei, mugimenduak aurreikusi eta neurriak har ditzaten. «Bake prozesuaren alde mobilizatuak diren Bakegileak eta Bake Bidea kolektiboek iragarri dute bideak blokeatuko dituztela», dio mezuan.

Gatazka konpontzeko prozesuan Frantziako Gobernuarekin duten «blokeo egoera» gainditzeko, desobedientzia ekintza erraldoia aurreikusia dute Bakegileek larunbat honetarako. Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatzeko asmoa dute, eta herritarrei dei egin diete masiboki parte har dezaten. «Tentsioa sortu nahi dugu, atentzioa gureganatzeko», adierazi zuen Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak ekintza iragarri zutenean, eta hala erran zuen atzo ere Euskadi Irratian. Baina ez zuen xehetasunik eman nahi izan blokeatuko dituzten guneei buruz. Hamar lekutara deitu dituzte herritarrak, 10:00etatik aitzina blokeatzeetan parte hartzeko; Lapurdiko kostaldean dira gehienak, baina Donibane Garazin eta Maulen ere badira deialdiak.

Baina ez dute inor ezustean harrapatu nahi. Azken asteetan, komunikazio lan handia egin dute herritarrak abisatu eta ekintza esplikatzeko, Ipar Euskal Herriko hautetsi, erakunde eta arlo anitzetako eragileei dei eginez. Horietako anitzek mezuak helarazi dizkiete erabiltzaileei. Bakegileek ere jaso dituzte deiak informazio eske.

Sorturen deia

Eragile batek baino gehiagok bat egin du Bakegileen mobilizazioarekin, hala nola LDH Giza Eskubideen Ligak. Atzo, protestan parte hartzera deitu zuen Sortuk. «Bizi guztiko kartzela zigorren etetea eskatzearekin batera, Jon eta Jakesen askatasuna aldarrikatzen dugu», adierazi zuen Haimar Altuna Sorturen Nazio Kontseiluko kideak. «Herri honetan benetako bake eta elkarbizitza demokratikoko agertoki bat eraiki ahal izateko, ezinbestekoa da kartzelak hustu eta berriro beteko ez direla ziurtatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.