Loiolako kuartel militarra Zubietara eraman nahi du Donostiako Udalak

Eneko Goia Donostiako alkatea gaur batuko da Espainiako Gobernuarekin; hor egingo du azpiegitura lekualdatzeko eskaria

Loiolako kuartel militarra, 2017ko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Donostiako Udalak aldarrikapen historiko bati heldu dio: Loiolako kuartel militarra handik ateratzeko aspaldiko asmoari. Oraingo honetan, azpiegitura militar berriarentzako leku proposamenarekin osatu du udalak Espainiako Gobernuari zuzendutako eskaera, eta Zubietako Eskusaitzeta eremua jo du aukerako tokitzat. Eneko Goia Donostiako alkatea gaur bilduko da Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroarekin, eta orduan azalduko dio proposamena Goiak Roblesi.

Atzo jakinarazi zuen udalaren asmoa alkateak. Azaldu zuenez, Defentsa Ministerioa Loiolako kuartela handik ateratzeko prest agertu da, baldin eta nora eraman proposatuko badiete, udalak dagoeneko egin duena.

Kuartelaren lekualdatzeko proposamenarekin, hark egun okupatzen duen lurzorua berreskuratu nahi du Donostiako Udalak. Izan ere, «hiriaren garapenerako eta integraziorako», Loiolako egungo kokapena «oso desegokitzat» jo du alkateak, eta adierazi zu hura berreskuratzea helburu «garrantzitsua» dela hiriarentzat.

Hasiera batean, Zubietako kartzela eraikitzea aurreikusten zuen udalak orain kuartel berriarentzako proposatu duen lur eremuan. Abuztuaren lehenetan, ordea, kartzelaren ordez presoak gizarteratzeko zentroa egingo dutela jakinarazi zuten udalak eta Espainiako Barne Ministerioak. Eta hark kartzelak adina lur hartuko ez duenez,udalak uste dukuartel berriarentzat izan daitekeela proiektuak hartzen zuen gainerako lurzorua. Espainiako Gobernuak lekualdaketa Zubietara egitea onartuko balu, kuartel militar berria eremu horretan eraikiko den hirugarren azpiegitura litzateke, erraustegiaren eta presoak gizarteratzeko zentroaren ondotik.

Donostiako Udalak aurretik ere egin izan ditu ahaleginak militarren kuartela Loiolatik ateratzeko. Odon Elorza alkate ohiak etxebizitzak eraiki nahi izan zituen azpiegiturak hartzen duen eremuan, eta behin baino gehiagotan saiatu zen haren lekualdatzea negoziatzen Espainiako Barne Ministerioarekin. 2012an, jada alkate ez zela, kuartelaz galdetu zuen berriz Kongresuan, baina hura bertan mantentzeko jarrerari eutsi zion Espainiako Gobernuak.

Desmilitarizaziorako deia

EH Bildu kritiko agertu da Donostiako Udalak atzo egin zuen proposamenarekin. Koalizioak adierazi du zentzurik ez duela «Europako herrialde militarizatuenean kuartel berri bat sortzeko proposamenak», «ez Zubietan, ez Loiolan, ez inon». Horregatik, «eztabaidaren muinari» heltzeko deia egin diote Espainiako Gobernuari. Koalizioaren arabera, «Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren desmilitarizaziorako pausoak zehaztea» da jarraitu beharreko bidea. Hala, ohartarazi dute lekualdatzearen aurkako jarrera erakundeetara nola kaleetara eramango dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.