Udal eta foru hauteskundeak

Kanpaina eta «lokatza»

Egibarrek dio EH Bilduk ez duela «iraganaz» hitz egin nahi. Otegik erantzun du «kudeaketaz» aritzerik ez dutenek «ETAri buruz» hitz egin behar dutela, «elkarbizitza lokatzera» eramateko

Joseba Egibar jeltzalea, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
xabier martin
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Kanpainaren atarian lehertu zen oroimenaren webguneen auzia aurreko hilean, eta, horrekin batera, ETAz aritu ziren alderdi batzuk. Kanpaina hasteko 48 ordu baizik falta ez direnean, berriro heldu diote ETAri. Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak leporatu dio EH Bilduri «iraganari buruz ez hitz egitea» kanpainan, «ETA behin betiko desagertutako eszenatoki batean ere, oraindik badaudelako iraganeko arrastoak».

EH Bilduren kanpainari buruz galdetu zioten atzo Euskadi Irratian Egibarri, eta Gipuzkoako EAJko buruak erantzun zuen «gehiago» duela kanpaina horrek «EH Bildutik ezker abertzaletik baino». Egibarrentzat, EH Bilduk «ez du asmo handirik eztabaidarako» maiatzaren 28ko hauteskundeen kanpainan. Haren arabera, koalizio abertzaleak ez du «iragan eraikitzailerik, ez nazio eraikuntzan, ez gizarte eraikuntzan». Uste du alderdiek iraganean egindakoa erakutsi behar dutela «herritarren aurrean», eta koalizioak iragan horri «ezkutuan» eusten diola: «Orokorkeriaz aritzen dira».

Egibarren hausnarketa horrek berehalako erantzuna izan du, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren ahotik. «ETAren aitzakia behar dutenak dira beren kudeaketa defendatzeko gai ez direnak», esan du. Haren arabera, «De Miguel auziaz, LEP iruzurgileez, osasun zentroen itxieraz» eta beste gai batzuei buruz ez du eztabaidatu nahi EAJk, eta «horri buruz hitz egin behar dute», azaldu du, ETAri erreferentzia eginez. Otegiren ustez, iraganaz aritu nahi dutenek «ez dute egitasmorik». Edonola ere, «aitzakia erraza da», harentzat, ETAz aritzea, eta horrek «ez du eztabaida politikoaren maila igotzen arlo intelektualean». Koalizio abertzaleko buruak erantsi du jarrera horrek «elkarbizitzaren eztabaida lokatzera» eramaten duela.

Parte hartzea, funtsezkoa

Gipuzkoan, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia estua aurreikusten dute inkestek, eta lehia horren giltzarrietako bati buruz ere aritu zen Egibar jeltzalea. Haren arabera, «parte hartzea izango da gakoa» maiatzaren 28an. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gutxieneko parte hartzea %60ren bueltakoa izan dela gogoratu zuen, baina %70era ere iritsi dela gaineratu zuen. «Nire itxaropena da, eguna hurbildu ahala, jendea animatuko dela», esan zuen.

Otegik, berriz, beste osagai funtsezko bati erreparatu zion: hauteskunde osteko aliantzei. «Badago errenkadan doazen paktuen kultura politikoa; EAJk eta PSEk ituna egiten dute Eusko Jaurlaritzarako, eta udaletara zabaltzen dute gero», esplikatu zuen. Otegiren ustez, galdetu beharko litzateke «zergatik ezin den itun batzuk egin leku batean, eta beste batzuk bestean». Itunak tokian tokiko baldintzen arabera egin beharrean, «inertziaren politikaren aldeko apustua» egiten dute EAJk eta PSE-EEk, Otegik dioenez, «beti bezala jarraituz, betikoa eginez».

Horren aldean beste formula batzuk badirela adierazi du, eta EH Bilduk nahiko lukeela «itun politikoei buruzko berregituraketa bat» egin. Bi aukera daude, Otegiren arabera: «Leihoak zabaldu eta haize freskoa sartzea, ala betikoek betikoekin paktua egitea, betikoa egin dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.