Presoen haurrak, «umezurtz»

Sarek salatu du euskal presoen umeek bederatzi hilabete daramatzatela gurasoak ikusi gabe

Xochitl Karasatorre eta Hize Andueza, atzo, Donostiako Ekogunean egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Ametsek martxotik ez du aita besarkatu; Haizek eta bertze anitzek ere ez. Haizek urte bat beteko du etzi, eta jaio zenetik lau aldiz baino ez du aita ikusi. Lukenek 4 ditu, eta hirutan baino ez da egon aurten aitarekin. Harrik behin ikusi du, Xuharrek eta Axelek hiru aldiz. Arhanek ez dio martxotik musurik eman aitari. Eta horrela, hasi eta segi, hainbatek eta hainbatek. Euskal presoen seme-alabetako batzuen izenak dira gorago aipatutakoak, bertze anitzen errealitatearen erakusgarri. Izan ere, Sarek salatu duenez, ume, nerabe eta gazte anitzek bederatzi hilabete daramatzate preso dituzten gurasoak ikusi gabe, pandemiaren ondorioz espetxeetan ezarritako neurriengatik. Bertze batzuek ikusi ahal izan dituzte, baina guti, eta ukitu edota besarkatu ahal izan gabe. Espainiako eta Frantziako gobernuak ume horiek «umezurtz» uzten ari direla salatu dute Xochitl Karasatorrek eta Hize Anduezak. Seme-alaba horietako bi dira Karasatorre eta Andueza, hain zuzen, eta ume eta gazte horien guzien izenean hartu zuten hitza atzo Sare mugimenduarekin batera Donostiako Ekogunean egindako agerraldian.

Azaroaren 20an Adingabeen Nazioarteko Eguna izanen da, eta Karasatorrek oroitarazi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dioela gurasoak espetxean dituzten haurrek gainerako umeen eskubide berak dituztela: «Espetxe agintariek presoei hurbileko familiarekin harremanetan egoteko erraztasunak ematea funtsezkoa da familia bizitzarekiko errespeturako eskubidea bermatzeko». Espainiako Estatuan, ordea, errealitatea bertzelakoa dela salatu du: «Ume motxiladunen eskubideak behin eta berriz urratuak izaten ari dira». Izan ere, Karasatorreren arabera, gurasoak espetxean dituzten haurrek ez dute bermatua gurasoekin harreman pertsonalak eta kontaktu zuzena izateko eskubidea: «Hilabetean behin ikusten dituzte beren guraso presoak, eta horrek eragin izugarria du haurrengan». Bidaia «amaigabeek» dakarten «zama» ere ekarri du gogora: «Haurren lagunak asteburuetan jolasten dauden bitartean, haiek errepidean daude». Patinetean joan nahiko lukete haiek, «trenak, autoak edota hegazkinak ordezkatuko dituen patinetean; ume motxiladunek aita, ama edo biak bisitatzera joateko bidaia patinetez egiteko eskubidea dutelako». Etxetik hurbil dauden seinale bailitzateke hori.

Egoera are okerragoa da azken hilabeteotan, COVID-19aren ondoriozko murrizketengatik batzuk ezin zaizkielako gurasoei bisitan joan, edo ez hain maiz, ezta modu berean ere. Gaur-gaurkoz, izan ere, Espainiako Estatuan etenda daude aurrez aurreko bisitak, eta Frantziakoan pertsona bakarra sar daiteke bisitetara: «Beraz, haurrak ezin dira joan, ezin daitezkeelako bakarrik sartu».

Espetxean bizi diren ume motxiladunen egoera «bereziki larria» ere salatu dute: «Aranjuezko espetxean daude Izadi eta Irati, eta bederatzi hilabete daramatzate beren senideak eta gertukoak aurrez aurre ikusi gabe. Bederatzi hilabete daramate kalera irten gabe. Eta udaz geroztik ez dute aita ikusi, ondoko moduluan dagoen arren».

Egoera «onartezina» dela nabarmendu du Karasatorrek: «Gurasoekin egoteko eskubidea lehen mailako eskubidea da, eta pandemia egoeraren kudeaketak eta hartzen diren neurriek ezin diote horri bizkarra eman». Egoera aldatzeko eskumena dutenei «urgentziaz» ekiteko eskatu diete: «Gehiago luzatu gabe, presoek beren jaioterritik gertu egon behar dute, probintzia bereko espetxeetan».

Motxilarekin jaio eta bizi

Karasatorrek eta Anduezak ongi dakite zer den gurasoak espetxean izatea, biek baitute aita kartzelan: euren lekukotasunen berri eman zuten atzo. «Nire aita Castellonen dago, nire etxetik bost ordura. 26 urte ditut, eta zazpi urte nituenetik daramat bidaia luzeak egiten», azaldu zuen Karasatorrek. Anduezak, berriz, 11 urte ditu, eta espetxean sortu zen: «Hiru urte bete arte, aita eta amarekin kartzelan bizi nintzen, eta gero ama eta ni atera egin ginen, baina aita han gelditu zen». Murtzian du orain aita, «oso urruti»: «Zortzi ordu joan, eta beste zortzi etorri. Hilabetero ikusten dut, baina, orain, koronabirusarekin, ezin gara joan, eta kartzelak ez digu uzten besarkatzen». Duela gutxi jakin du aita Basaurira (Bizkaia) ekarriko dutela: «Baina hogei urtez egon da kartzelan, eta azken hiru hilabeteetarako bakarrik ekarriko dute. Nahiko nuke beste ume guztien gurasoak lehenbailehen ekartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.