Elecnorreko langileek hilabete daramate greban lan baldintza duinen alde

LAB eta ELA sindikatuek salatu dutenez, enpresako zuzendaritza «beldurraren politika» egiten ari da langileen greba «zapuztu nahian»

Elecnorreko langileak, atzo Gasteizen egin zuten elkarretaratzean. JUANA RUIZ / FOKU.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Elecnorrek bezeroei esan die lan gatazka konpondu duela. Bitartean, Arabako Elecnorreko langileek hilabete bete zuten atzo greba mugagabean. Lan baldintza hobeak eta hitzarmen duin bat eskatzen dituzte. Elecnorreko zuzendaritzaren arabera, diru falta da hitzarmena hobetu ez izanaren arrazoia. Sindikatuek, ordea, salatu dute enpresak 28 milioi euroren etekinak izan zituela 2018an, eta 2019an, berriz, 57,1 milioiko mozkin garbia izan duela.

Telefonicaren azpikontrata da Elecnor, eta gailuen instalazioaz eta mantenuaz arduratzen da. Arabako langileek irailean ekin zieten mobilizazioei, eta, azaroa bitartera arte, bost greba egun egin zituzten, ELAk eta LABek deiturik. Orain arteko mobilizazioetan, langileek lan baldintza «txarrak eta arriskutsuak» salatu dituzte; hala nola ordaindu gabeko aparteko orduak eta soldata izoztuak. Mobilizazio horien ostean, zuzendaritzak ez zuenez inolako borondaterik adierazi hitzarmenerako, Elecnorreko langileek greba mugagabea abiatu zuten joan den abenduaren 9an. Deitzaileen arabera, lehen asteetan langile guztiek egin zuten bat deialdiarekin, eta hurrengo asteetan erantzuna ia erabatekoa izan da.

Beharginek jakinarazi dutenez, «beldurraren politika» egiten ari da enpresa; besteak beste, salatu dute langileei greba eskubidea urratzen dietela eta, aldi baterako langileen kasuan, mehatxupean behartzen dituztela jaiegun eta asteburuetan lan egitera. Langileen eta zuzendaritzaren arteko komunikazioari dagokionez, LABek eta ELAk adierazi dute orain arteko harremana «urria» izan dela. Abenduaren 23an bilera egin zuten, baina ez da aurrerapenik izan, eta harremanak helbide elektronikoetara eta deietara mugatu dira. Hitzarmenean aurrerapenak egon direnean ere, negoziazioen puntu jakin batzuk kendu edo aldagai berriak sartu dituela gaineratu dute sindikatuek.

Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkartu ziren beharginak aurreko astean ere. Erakundeari eskatu zioten instituzio gisa lan gatazkara lerratzeko eta inplikatzeko; hala ere, antolatzaileek ez dute inolako erantzunik jaso. Atzo egin zuten mobilizazioan, bestalde, eskaera bera egin zieten Gasteizko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari.

Borrokan jarraitzeko asmoa

Aitor Romero ELAko kideak adierazi du indartsu daudela borrokan segitzeko: «Indartsu izaten saiatzen ari gara, baina enpresa ere bere ahaleginak egiten ari da greba zapuzteko». Bestetik, gatazkaren konponbiderako emango dituzten hurrengo pausoen berri eman du Romerok; adibidez, datorren astean EH Bilduko udal taldearekin bilduko dira. Gainera, jakinarazi du atzo bertan lan ikuskariarekin hitz egin zutela: «Kontratazio ilegalak egin dituzte, eta salaketa aurkeztuko dugu. Baliteke ikuskaritzak berak langileon eta enpresaren arteko bitartekaritza lan hori egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.