Fiatek Frantzian aurkitu du aspaldi bilatzen zuen bazkidea: Peugeot

Bat egiteko negoziazioak aste gutxi barru amaitu nahi dituzte. Autoen elektrifikazioak dakartzan kostuak partekatzea da operazioaren xedea
PSA Peugeot Citroen eta FCA Fiat Chryslerren ikurrak.
PSA Peugeot Citroen eta FCA Fiat Chryslerren ikurrak. EFE

Iker Aranburu -

2019ko azaroak 1
Ezkontide bila eta bila ari zen Fiat Chrysler (FCA), desesperazio apur batekin, autogintzaren elektrifikazio prozesuak bakarrik eta indarge harrapatuko zuen beldur baitzen. Frantzian bilatu du gehien, eta han aurkitu du. Renaultek aldarean utzi zuen iaz, aitabitxi boteretsu batek —Frantziako Estatuak, akzioen %15en jabea— azken orduko eragozpenak plazaratu zituelako. Halakorik ez da gertatuko bigarren ezkontidearekin, PSA Peugeot Citroenekin. Oraingoan, aitabitxia- ren onespena du ezkontzak —Frantziak PSAren %12,2 du—.

Asteazken arratsaldean eman zuten loturaren berri, eta atzo egin zuten ofizial. Zeremoniak itxaron beharko du, ordea, ezkontzaren xehetasunak negoziatu behar dituztelako «hurrengo asteetan». Printzipioz, berdinen arteko ezkontza da, konpainia berriaren erdibana izango dutelako PSAk eta FCAk. Baina berdin-berdinak ez direla ulertu dute inbertsiogileek: FCAren akzioak %8,2 gora egin zuen, eta %12,8 behera PSArenak. Beste hitz batzuetan, merkatuak uste duela PSA indartsuak FCA ahulagoa erosi duela. Hala da burtsan: PSAk gehiago balio duenez, 5.500 milioi euroren ordainketa bat jasoko dute FCAko akziodunek, eta frantziarrek saldu egingo dute Faurecia osagaien enpresan duten zatia (%46).

Burua, PSAko Tavares

Irudipen hori indartu egiten du talde berriko buruzagi izateko PSAko kontseilari ordezkaria hautatu izana, Carlos Tavares. Presidentea, berriz, FCAko John Elkann izango da, Agnelli familiakoa, Fiaten sortzailea eta akziodun nagusikoa. Egoitza Herbehereetan izango du talde berriak —han dago FCA, zerga kontuengatik—, baina enpresa Frantziatik, Italiatik eta AEBetatik gidatu nahi dute.

Zailtasun franko pasatutakoak dira PSA eta FCA. Frantziarrak porrot egiteko zorian izan ziren, 2014an, baina Frantziako Gobernuaren eta Dongfeng txinatarraren esku hartzeak salbatu zituen, eta urte onak izan ditu orduz gero. Fiatek ere estutasun asko pasatu ditu, eta, gaur egun, adar estatubatuarrari esker da errentagarria —2009an erosi zuen Chrysler taldea—.

Baina autogintza iraultza teknologiko baten atarian dago, elektrifikazioarena. Eta iraultza horretarako prestatuagoa dago PSA, jada ari baita bere teknologia propioarekin autoak merkaturatzen. Atzeratuta doa Fiat —2020erako agindu du lehen modelo elektrikoa—, eta badu beste harlauza bat du gainean: EBk milioi askotako isuna ezarri ahal dio, ez delako gai izango CO2 isurien muga zorrotz berriak betetzeko.

Fabrika itxierarik ez

Bat eginda, dirutza aurreztu dezakete motor elektrikoen garapenean —3.700 milioi, gehienak lehen urteetan—. Horrek, noski, kaleratzeak eragin ditzake, eta horren beldur dira, Italian batez ere, Fiatek han dituen fabrika batzuetan erdizka ari direlako lanean. Frantziako eta Italiako gobernuek ohartarazi dute «arretaz» begiratuko dutela talde berria. Fabrika itxierarik ez dela izango agindu dute autogileek.

Bat egitea gauzatuko balitz, munduko autogileetan laugarrena osatuko lukete —8,7 milioi auto, iaz—, eta Europan lidergoa jokatuko lukete VW taldearekin. Alemaniarrek merkatuaren %24,3 izan dute urteko lehen bederatzi hilabeteetan, %22,6, berriz, PSAren (%16,4) eta FCAren (%6,2) batuketak. Baina gauzak are parekatuago leudeke furgonetak ere zenbatuz gero, arlo horretan indartsu baitira biak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Aranburu

Informazio osagarria