Arabako metalgintzako 25.000 langilek lan ituna izango dute 2025 arte

LABek, CCOOk eta UGTk hitzarmena egin dute SEA patronalarekin. ELAk uko egin dio akordiorako oinarriari, «gabezia handiak dituelako»

Arabako metalgintzako langileen manifestazio bat. RAUL BOGAJO / FOKU.
xabier martin
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Energiaren krisi betean eta inflazioa %10etik gora dagoela, euskal negoziazio kolektiboak aurrerapauso handia eman du: Arabako metalgintzan akordioa lortu dute SEA patronalak eta sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoak, LABek, CCOOk eta UGTk lan hitzarmena adostu baitute 2025. urtera arte. ELAk uko egin dio akordiorako oinarrian egoteari, «gabezia handiak» ikusten dizkiolako testuari.

Batera edo bestera, sektoreko 25.000 beharginek lan ituna izango dute atzeraldi hotsa gero eta ozenagoa den honetan, eta Bizkaian eta Nafarroan gori-gori dauden metalgintzako lan gatazkek badute erreferentzia bat adostasunerako. Hala, sektorean egitekoak ziren greben atarian, lanuzteak baztertu egin dituzte akordiora batutako sindikatuek.

Atzo goizeko bileran proposamen berria egin zien SEAk sindikatuei, eta, arratsaldean, grebaz hitz egiteko deitua zuten prentsaurrekoa bertan behera utzi zuten ELAk, LABek eta CCOOk. Haren partez, patronalarekin bigarren txanda bat egin zuten, 17:00etan, eta 18:30erako akordioa lortu zuten, betiere ELAren ezezkoarekin. «SEAren proposamenak ez du KPIa bermatzen, eta proposatutako hobekuntza eskasak gutxiengo batentzat dira», esan du ELAk.

2025 arte, %15eko igoera

Energia krisia hasi zenetik eragile sozialek lortu duten lehen hitzarmen kolektibo handia da; handienen artekoa, esan nahi baita. Soldatak %15 handituko dira akordioa indarrean dagoen epean, eta, hura iraungitzean, gaurkotze klausula bat aplikatuko da KPIa soldata igoera baino gehiago gertatu bada.

Halaber, sektoreko gutxieneko soldata 20.445 euro izango da; orain arte 17.480 zen. Igoerak honela izango dira: 2021ean,%2 18.000 eurotik beherako soldatentzat; %1,5 besteentzat. 2022an, %6,5; 2023an, %3; 2024an, %2,5; eta 2025ean, %2. Horien ondoren, gaurkotze klausula aplikatuko da KPI guztia berreskuratzeko, beharrezkoa balitz.

LABek jakinarazi du bere afiliatu eta delegatuen berrespenaren faltan aurreakordioa erdietsi duela beste eduki hauekin ere: ultraaktibitate mugagabea, inaplikazio klausula, eta zortzi orduko jardunaldiaren jaitsiera. Horrez gain, beste eduki hauek ere jaso ditu SEAk, LABek, CCOOk eta UGTk egindako hitzarmenak: antzinatasuna igoerei lotuta egotea —izoztuta zegoen 2018tik—; izatezko bikotekideak eta bikotekide ezkonduak berdintzea baimenetan; medikutarako laguntze baimenak Osasun Zerbitzu Publiko guztietara zabaltzea —orain arte, soilik Osakidetzarako ziren—.

Era berean, ABLEetan lan egindako denborak antzinatasunean eragina izango du, eta, subrogazioan, zuntz optikoa eta telefono linearen instalazio eta mantentzera zabalduko da. Gainera, Berdintasun Batzordea egongo da, «non LGTBI+ kolektiboak ikusgaitasuna izango baitu», LABen azalpenetan.

Sindikatu abertzaleak gogorarazi du ia hogei urtez erorita egon den eragin osoko ituna berreskuratu dutela, «sektorean zegoen anabasari aterabidea emanez». «Gainera, sektorearen aldarrikapen nagusietako bat jasota geratu da: lan hitzarmenak iraun bitartean, KPIa bermatuta dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.