ELA, LAB eta CCOO bat eginda Arabako metaleko ituna berritzeko bidean

SEA patronalari eskatu diote urtarrilaren 10eko astean negoziazioei ekiteko. Erantzunik jaso ezean lanuzteak eta grebak hasiko dituzte

ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, atzo, Gasteizen, patronalaren egoitzaren aurrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Arabako metalgintzako gehiengo sindikalak urrats bateratu bat egitea erabaki du: ELA, LAB eta CCOO sindikatuak ados jarri dira, eta plataforma bat sortu dute mobilizazio dinamika bateratu bati ekiteko. Ituna berritzeko negoziazioetan elkarrekin egin nahi dute bidea, eta hala jakinarazi diote SEA patronalari. Eskari zuzen bat igorri diote, gainera: urtarrilaren 10eko astean negoziazio mahaira deitzeko. Eta ohartarazi diote erantzunik jaso ezean lanuzteak eta grebak hasiko dituztela.

Hiru urte dira Arabako metaleko ituna berritzeko negoziazioak hasi zituztela. 2015ean sinatu zuten azkena, eta 2017ra arte izan zen indarrean. Ez ELAk, ez LABek ez zuten babestu hitzarmena orduan; CCOO eta UGT sindikatuek sinatu zuten bakarrik, azken urteetan Araban egin duten legez. Bizkaian ere orain bi urte egin zuten ituna, eta orduan ere ELAk ez zuen babestu; bai, ordea, beste hiru sindikatuek. Gipuzkoan, ostera, iaz egin zuten akordioa, eta UGTk ez beste guztiek bat egin zuten itunarekin.

Hitzarmenak 25.000 langileri eragiten die Araban, eta, sindikatuen esanetan, «benetako blokeoa» bizitzen ari dira. Izan ere, salatu dute patronalak behin eta berriz «geldiarazi» duela negoziazio prozesua: «Aurrerapausoak geroratu egiten ditu beti, bere enpresa kideek ez dutelako aurrera egiterik nahi». Eta gaitzetsi dute sektoreko arazoak pilatzen ari direla bien bitartean. Uste dute soldatek erosahalmena galdu dutela; lanaldi oso luzeak dituztela, eta malgutasun handiegia; kontratuetan iruzurra dagoela; behin-behineko enplegu handiegia dagoela; prekaritatea handia dela; lan istripu asko daudela, eta emakumeekiko diskriminazioa dagoela, besteak beste.

Horregatik erabaki dute, hain zuzen ere, plataforma bateratua sortzea: «Arabako metaleko langileei alternatiba bat eskaintzeko», azaldu dutenez. «Hiru sindikatuok hitzeman dugu elkarrekin urratsak egingo ditugula eragin orokorra izango duen lan hitzarmen bat lortzeko». Iragarri dute urtarrilerako mobilizazioak eta manifestazio bat ere antolatuko dituztela, eta dei egin diete gainerako sindikatu, langile eta gizarte eragileei ere mobilizazioetan parte har dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.