Irlandarako bisitan, Mayk erran du ez dutela ezarriko «muga gogorra» uhartean

Erresuma Batuko lehen ministroa Ipar Irlandaren eta errepublikaren arteko mugan izan da, 'brexit'-erako erreferendumetik lehenbiziko aldiz

Brexit-aren aurkako kartel bat, Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko mugan. PAUL MCERLANE / EFE.
mikel rodriguez
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Barneko eta kanpoko presioekin eta kritika gogorrekin, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa ekaitz perfektua jasaten ari da brexit-aren kudeaketa dela eta. Kritika horiek apaltzeko, Irlandara joan zen atzo, eta uhartea bi estatutan banatzen duen muga bisitatu zuen, duela bi urte Erresuma Batuak EB Europako Batasuna uzteko erreferenduma egin zuenetik lehenbiziko aldiz. «Enpresarien ikuspuntua jakin nahi dut Ipar Irlandako mugari buruz, Europako Batasuna uztekotan garen honetan», adierazi zuen Mayk. Bertze behin, hitzeman zuen ez dela «inongo muga gogorrik» ezarriko Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean. «Eguneroko bidaiak trabarik gabekoak izanen dira oraindik ere, eta ez da egonen ez kontrolik ez azpiegiturarik». Hala ere, brexit-aren aurka dauden alderdiek gogor kritikatu dute May, eta EBk «legalki egingarria» den proposamen bat aurkezteko eskatu dio bertze behin.

Gaur bukatuko du Mayk bi eguneko bidaia. Atzo, muga bisitatzeaz gain, hitzaldi bat eman zuen Belfasten, eta Ipar Irlandako alderdi nagusiko buruarekin elkartu zen, Arlene Foster DUP Alderdi Demokratiko Unionistakoarekin. DUP izan zen erreferendumean brexit-a defendatu zuen Irlandako alderdi nagusi bakarra, eta Mayk Erresuma Batuko Parlamentuan gehiengo osoa dauka DUPen hamar parlamentarien babesari esker. «Bertatik bertara adituko du jendeak zer erronka eta aukera ikusten dituen Europako Batasuna uzterakoan», adierazi zuen Fosterrek Mayren bisitari buruz.

Muga gogorrik ez dela egonen erran zuen lehen ministroak, baina, unionisten lasaigarri, joan den astelehenean parlamentuak onartutakoa ere berretsi zuen: «Argi utzi nahi dut ez dugula onartuko Irlandako itsasoan muga bat ezartzea, eta Erresuma Batuaren barne merkatuari eutsiko diogula, baita Ipar Irlandak hor duen tokiari ere».

2016an, Ipar Irlandako herritarren %56k brexit-aren aurka bozkatu zuten. Alderdien artean, Sinn Fein da brexit-aren aurkako indar nagusia. «Theresa Mayk ohartu behar du ez garela izanen bere agenda tory arduragabearen zehar kalte bat», adierazi zuen atzo Michelle O'Neill Sinn Feinen presidenteordeak. O'Neillen ustez, Mayk Irlandako bisitan adituko dituen testigantzek azalduko dizkiote brexit-aren «hondamenezko ondorioak».

Barnier eta Raab, Bruselan

Hain zuzen, Irlandako muga izan zen atzo Michel Barnier EBren negoziatzaileak eta Dominic Raab Erresuma Batukoak izan zuten mintzagai nagusietako bat. Lehenbiziko bilera zuten. Barnierrek adierazi zuen uharteko mugaren auzia «premiazkoa» dela. Erresuma Batua hurrengo urteko martxoan da EB uztekoa, eta Barnierrek ohartarazi zuen oraindik «lan handia» dagoela egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.