Nola da posible?

Donald Trumpek kargua hartu eta sei hilabetera haren garaipenaren eta agintaldiaren nondik norakoak aztertu dituzte AEBetako nahiz Euskal Herriko hainbat irakasle eta ikertzailek 'Trump, amesgaizto amerikarra' liburuan. BERRIAk, Elkarrek eta Jakinek elkarlanean sortutako Aleka bildumako hirugarren lana da.

JUSTIN LANE / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2017ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
E rrepublikanoen presidentegai izateko hautagaitza aurkeztu zuenean inor gutxik hartu zituen aintzat Donald Trumpen hitzak. Askorentzat, enpresari dirudun zuri bat gehiago besterik ez zen hura, kanpaina eginez ospea handitu asmo zuena. Artean beste izen batzuk ziren nagusi oposizioan. Asteak eta hilabeteak joan ahala, ordea, diruak izen ona ez ezik publizista onak ere erosten dituela frogatu zuen Trumpek, eta apurka-apurka arerioak atzean utzi, eta 2016ko udan hautagaitza bereganatu zuen ohikoa izan ez zen konbentzioan —hainbat ordezkari errepublikanok uko egin zioten bileran parte hartzeari—.

Ordurako jakina zen nor izango zuen Trumpek aurkari azken txanpan: Hillary Rodham Clinton. Ameriketako Estatu Batuetako lehen emakumezko presidentea izateko prest zen, ezkertiarrenen hautagai bilakatua zen Bernie Sanders lehiatik kanpo utzi eta gero.

Presidentetzarako bi hautagaiak argi zeudelarik, analistek eta komunikabide nagusiek galtzaile jotzen zuten berriz ere hautagai errepublikanoa. Alderdi demokrataren babes osoa ez ezik, komunikabide aurrerakoien eta artista nahiz zinemagile ugariren sostengua ere jaso zuen Clintonek. Emakumeen eta batez ere gutxiengoen botoa oinarrizkoa izango zela jakinik, horiek bereganatzen jarri zituen indarrak hautagai demokratak, Trumpek bere adierazpenekin zein iraganarekin tituluak ematen eta kritika uholdeak eragiten jarraitzen zuen bitartean.

Heldu zen egun handia, eta frogatuta geratu zen inkestek ez dutela beti asmatzen. Ez zen beste hizketagairik, askok pailazotzat jotzen zuten enpresari handiusteko hura aukeratu zuten estatubatuarrek presidentetzarako. Zer gertatu zen inor hura iragartzeko gai izan ez zedin?

Iazko azaro hartan gertatutakoa eta hauteskunde haien emaitzen ondorioak aztertzea du helburu BERRIAk, Elkarrek eta Jakinek kaleratu berri duten liburuak. Aleka sailaren barruan argitaratutako hirugarrena da Trump, amesgaizto amerikarra. AEBetako 45. presidente bilakatu denak eragin eta eragiten dituen hainbat galdera erantzutea da lanaren helburua, eta asmo horrekin bildu ditu AEBetan nahiz Euskal Herrian bizi diren hainbat irakasle, kazetari eta aditu: Joseba Gabilondo, Larraitz Ariznabarreta, Juan Garzia Garmendia, William A. Douglass, Jacqueline Urla, Unai Pascual, Olatz Arrieta eta Joseba Zulaika.

Merkatuaren indarra

Aste honetan bete dira sei hilabete Trumpek AEBetako presidente kargua hartu zuela. Tarte horretan hainbat migranteri mugak itxi dizkie, klima aldaketari buruzko Parisko Akordiotik irten da, eta Barack Obamak aurreko legealdian abian jarritako doako osasun sistema bertan behera utzi du, besteak beste. Neurri horiek kanpainan aipatutako batzuk besterik ez dira, baina ondorio larriak izan dituzte AEBetako nahiz atzerriko milaka biztanlerentzat.

Trumpek esana da Mexikoren eta AEBen arteko hesia handituko duela —aurreko legealdietan hainbat kilometro eraiki izan dituzte—, eta haren kostua Mexikok ordainduko duela. Hori gutxi ez, eta hainbat herrialde musulmanetako herritarrei erabat debekatu zien AEBetara sartzea, terrorismoa aitzakia gisa jarrita —azken neurri hori blokeatu egin zuten auzitegiek, Konstituzioaren aurkakoa zela iritzita—.

AEBetako herritarren gehiengoa immigranteen ondorengoa da —Trump bera ere bai—. Horietako askok, baina, iragana ahaztuta, Trumpen alde egin dute, immigrazioa arriskutzat ikusten baitute.

William A. Douglass idazle eta antropologoak zalantzak ditu alor horretan. Haren ustez, ez dago argi Trumpek zer nahi duen: esan dituen guztiak benetan egin edo, bestela, gizartea eta legegileak eskandalizatu eta, behin haiek bidea blokeatzen diotenean, «ezin izan dut gehiago» esatea eta beste lan batera igarotzea. «Are, baliteke ere estrategia zabalagoa izatea: bere jarraitzaileak stablishment politikoaren eta judizialaren aurka jotzeko estrategia bat, berak bidea egin ahal izan dezan». Douglassek berak dioen moduan, dena den, datozen hilabeteetan ikusiko da zein bide hartzen duen Etxe Zuriak.

Aldiz, dagoeneko argi geratu dena da ez dutela beteko nazioartearekin hitzartua zuten klima aldaketaren aurkako akordioa. Liburua oraindik proiektu huts zenean iragarri zuen hori Unai Pascual BC3 Klima Aldaketarako Zentroko ikertzaileak. Haren esanetan, AEBak klima aldaketaren inguruan izan den negazionismoa lobby garrantzitsu bihurtu dira. «Horien arabera, arazoa ez litzateke zientzialariek dioten bezain garrantzitsua».

Europa, zain

«Zein izango da alde egingo duen hurrengo presidentea?». Hori izan omen zen Trumpen administrazioko kideek Bruselako agintariei egin zieten galdera, lehen aldiz deitu zietenean. Brexit-ari egiten zion erreferentzia galderak. Izan ere, Trumpek txalotu egin du hasieratik prozesu guztia, argi utziz Europako Batasunean duen fede eskasa.

Hori nahikoa ez, eta Etxe Zuriko estrategia buruak, Steve Bannonek, esan zuen nahiago zutela Europako Batasuneko estatu kideekin banaka hitz egin, guztiekin batera bildu baino, eta Trumpek berak ez du baieztapen hori gezurtatu.

Olatz Arrieta EITBren Bruselako berriemaile bereziak EBren bihotzetik bertatik jarraitu ditu Trumpen lehen ehun egunak, eta ondorio argi bat atera du horietatik: «Tarte horretan Europarekiko harremanak aldatzeko neurri argirik hartu ez duen arren, Trumpek asmo hori iragarri zuen kanpainan».

Aldaketa izan da, hain zuzen ere, hautagai errepublikanoaren garaipenaren gako nagusia. Ez bere programan aurkeztu dituen aldaketak, aldaketaren kontzeptua bera baizik.

Joseba Gabilondo Michigango Estatuko Unibertsitateko (AEB) irakasleak ez du zalantzarik, askorentzat egungo gaitz guztien erantzule den neoliberalismoari aurre egiten badakiela suposa dadin, «neoliberalismo horren elitea bezain ustela, bortitza eta ilegala» izan behar du Trumpek. «Eliteko partaide izanik, bera da bakarra elite neoliberal globalari aurre egiten dakiena».

Kontsumo gizarte kapitalistak ere badu zerikusirik Trumpen garaipenean, Larraitz Ariznabarretak azaltzen duenez. Boiseko Estatuko Unibertsitateko irakaslearen arabera, politikariek arrakasta izango badute, kontuan hartu behar dute marketinaren legeak agintzen duela ororen gainetik.

Trumpen kanpainako leloa —Make America Great Again (Egin dezagun Amerika handi berriz)— esanguratsua zen; batetik, aldaketa iradokitzen zuelako, baina, bestetik, «lehengo garaietara» itzultzeko promesa egiten ziolako herritarrari. Jacqueline Urla Massachusettseko Unibertsitateko antropologia irakasleak zehaztu duen moduan, «garai bat non gizonek lana zuten, emakumeak etxean geratzen ziren eta mundu guztiak zekien zein zen bere tokia».

Arraza da gakoa

Urlak beste xehetasun bat ere nabarmentzen du: «Ez dago emakumearen ikuspegi bakar bat». Datuak dira horren froga: emakume gutxiagok eman zioten botoa Trumpi, %43k soilik. Ordea, banaketa arrazaren arabera eginez gero, argazkia argiagoa da: unibertsitateko ikasketarik ez baina bestelakoak dituzten emakume zurien %64k bozkatu zuten errepublikanoen alde; aldiz, ikasketa maila bera duten emakume beltzen eta latinoen kasuan %28 da kopurua. Beraz, ondoriozta daiteke sexuak baino pisu handiagoa izan zuela arrazak erabakian.

Joseba Zulaika idazle eta antropologoak amets amerikarraren garrantzia nabarmentzen du: «Trumpen Amerikan, errealitate arrunta ez da aski; hemen fantasiaren printzipioa hori bezain garrantzizkoa da. Promesak ez dituela beteko? Hori aurrez jakina da. Eta zer? Irabazleak gu garela esango digun norbait behar dugu. Gure Ametsa da oinarri benetakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.