Sanferminak Iruñean

Irri eta algara errimadunak

Alaia Martin, Julio Soto eta Sustrai Colina aritu dira La Unicaren 'Balkoitik balkoira' bertso saioan

Alaia Martin, Julio Soto eta Sustrai Colina atzoko bertso saioan. LANDER ARROIABE OLAGORTUA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Astelehenak ez dira goibelak izaten sanferminetan. Asteburua atzean utzi izanak ez du festa itzaltzen. Are gutxiago Alde Zaharreko kaleetan. La Unica peñak bederatzigarren aldiz antolatu du Balkoitik balkoira saioa Jarauta kalean, eta arrakastatsua izan da, beste behin. Alaia Martin, Sustrai Colina eta Julio Soto izan ziren protagonistak atzo, eta beren bertsoekin han bildutako jendea alaitzea lortu zuten aurten ere. Aise, gainera. Bermuta are atseginagoa egin zuten askorentzat haien presentziak eta umore onak.

La Unica peñaren txokoa berdez tindatu zen, egun hauetan ohiko den bezala; baina elkarteko kideak ez diren askok ere bertsolaritzaz gozatzera biltzeko hautua egin zuten. Lander Larunbe ekitaldiko arduradun eta antolatzaileak azaldu zuenez, badakite jendea bertso saio horren esperoan egoten dela urte osoan, eta oso pozik daude izaten duen harrerarekin.

Peñak bertsolaritzaren aldeko apustua egin zuen beste hainbat eragilerekin batera: «Ekarpen bat egin nahi genuen kale hauetan eguneko giroa berpizteko, eta bertso saio hau oso aukera polita da, baita euskara bultzatzeko ere», azaldu zuen Larunbek. Zalantzarik gabe, Balkoitik balkoira-k giro euskalduna eramaten du Jarauta kalera, eta, horregatik, ahalegin berezia egiten dute, egunotan beren tabernan euskal hiztunak izateko barran lanean.

Atzo, baina, bertso saioa desberdina izan zen, aurreko aldiekin alderatuta. Orain arte, bertsolariak kalearen alde banatan aritzen ziren bertsotan, balkoietan zutik, parez pare jarrita. Tamalez, soinu aparatuetan izandako arazo teknikoek eraginda, kaleko alde batean zegoen Julio Sotok beste aldera mugitu behar izan zuen, eta parean egon beharrean, bata bestearen alboan aritu ziren.

Irriak garaile

Saioaren hasiera zertxobait atzeratzeak ez zuen festa zapuztu, eta txisteetarako aitzakia ere izan ziren gorabehera horiek. Bertsolarien arteko harreman ona agerian egon zen etengabean, eta, gai serioak landu beharrean, entzuleei algara eta irribarreak eragiteko tartetxoa izan zen. Baita elkar zirikatzekoa ere.

Alaia Martinek bere bertso batean bota bezala, altuera desberdinetan baina «sintonia berean» zeuden bertsolariak eta entzuleak. Are gehiago, Colina, Soto eta Martinen bertso saioa ingurukoa deskribatzean eta alde dibertigarria bilatzean oinarritu zen, hein handi batean. «Ez zaudete hain gaizki astelehenerako», bota zuen Julio Sotok publikoari begira. Balkoitik behera begiratu, eta ez omen zuen ajedun asko ikusi. Aurreko eguneko parrandaren ondorioak zituztenak egon bazeuden, hala ere.

Interakzioa oso zuzena izan zen, eta jendeak txaloka eta irri algaraka erantzun zituen bertsolariek talentuz egindako errima umoretsuak. Egon zen Sustrai Colinarekin balkoira igotzeko keinurik egin zuenik ere.

Ikurrinaren aipamena, Asironen gutxiengoa gobernatzeko... Gaur-gaurko gaiak bertsolarien ahotan egon ziren. Umore puntu batekin, betiere. Irriari ahotik joaten utzi gabe. Hirurak puntuka bertsotan aritu ziren tartea oso bizia izan zen, eta orduan izan zuten beren berehalakotasunerako abilezia erakusteko unerik egokiena.

Ausartenek orduantxe izan zuten aukera balkoi azpira ateratzeko, bertsolarien gonbitari baiezkoa eman eta bertsoen gai izan zitezen. Gutxik utzi zituzten lotsak etxean, ordea, eta nahiago izan zuten garagardo edo bestelako edariekin freskatu eta ikuskizunaz gozatu, masailak gorritzeko arriskurik hartu gabe.

Artez egindako jolasa zirudien Jarautako bertso saioak, eta ukaezina da festa modu aproposa izan zela. Entzuleen artean helduak ziren gehienak, baita haurrekin joandako familiak ere. Eskertuta agertu ziren bertsolariak entzule izan zituzten guztiekin, eta hitz politak eskaini zizkieten. «Irudipena dut aurkitu dugula altxor ezkutua», kantatu zuen Colinak, behera begiratuz. Txalo zaparradak erantzun zion horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.