Itxaropenari lekua egin nahian

Plateruena berriz irekitzea xede duen dinamika bat antolatu dute. «Bide luze baten hasiera da»

Plateruena berriro irekitzea lortu duen taldea, dinamikaren aurkezpenean. BERRIA.
gotzon hermosilla
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Joan den abenduaren 31tik itxita dago Durangoko (Bizkaia) Plateruena kafe antzokia. Ezinegon eta etsipen handia sortu zuen aretoaren itxieraren albisteak, Durangon ez ezik, Euskal Herri osoko kultur eragileen artean ere, hamazazpi urteko ibilbide luze eta joriari amaiera ematen ziolako, eta itxiera kultur sektorearen gaitz sakonago baten adierazgarri zelako. Baina badirudi dena ez dagoela galdurik, eta Durangon bertan dinamika bat jarri dute abian, aretoa berriro zabaltzeko aukerak aztertzeko.

Plateruena eta gero zer? izena jarri diote dinamikari, eta, Ihintza Orbegozo Plateruena kafe antzokiko kulturgintza arduradun izandakoak (Bergara, Gipuzkoa, 1987) azaldu duenez, kultur arloko zenbait esparrutan aritzen diren zenbaitek osatu dute, arazoaz kezkaturik dauden herritar batzuekin batera: «Bilerak egiten hasi ginen diagnostiko bat egin nahian; Durangon zer behar den, Plateruena itxita non geldituko den hutsunerik handiena, eta aretoak zertan lagun dezakeen horretan».

«Diagnostikoa» egiteko abiarazitako prozesu horretan bat etorri dira parte hartzaile gehienak: Durangok, eta orobat Durangalde osoak, badu horrelako areto baten premia. «Antzerkiari dagokionez, San Agustin kultur guneak ondo betetzen du esparru hori, eta programazio txukuna dauka. Museoa eta biblioteka ere badaude, baina, gainerakoan, kulturgintzarako lekurik ez dago Durangon. Kultur etxerik ere ez dago. Lehendik ere bazegoen beharra, eta orain, Plateruena itxitakoan, are gehiago, herriko elkarte eta sortzaileek plaza bat galdu dutelako».

Herriko beste zenbait elkarte eta eragilerekin ere bilerak egiten ari dira dinamika sustatzen dutenak, eta «oso prozesu positiboa» izaten ari dela diote, «mundu guztiak harrera ona egin diolako asmoari».

Beste eredu bat

Prozesua bultzatzen ari direnek nabarmentzen dute oraindik «hastapenetan» daudela eta «bide luze baten» lehenengo urratsak egiten ari direla, baina jadanik zirriborratu dute zeintzuk diren aretoaren kudeaketarako proposatzen duten ereduaren ezaugarri nagusiak: «Beste eredu bat proposatu nahi dugu, ostalaritzan ez hain zentratua eta batez ere kulturgintzara bideratua. Kultur programazio sendo bat edukiko luke, eta, programazio hori ez dagoenean, izan dadila sorkuntzarako lekua, edo entseguak, ikastaroak eta antzekoak egiteko».

Proiektuak hiru ardatz izango lituzke: kulturgintza, euskara eta herritarrak. «Edonola ere, hau hasi baino ez da egin», azaldu du Orbegozok; «oraindik ideiak jasotzen ari gara, eta litekeena da hemendik hilabetera beste ideia bat izatea buruan».

Proiektua zehazteko ahalegin horretan, saio berezia egingo dute otsailaren 6an, Zabalarra ikastetxean: «Elkarteekin biltzen hasi ginenean konturatu ginen Durango eta Durangaldea oso askotarikoak direla, eta gu heltzen garen tokiraino heltzen garela. Hain garbi baldin badugu proiektu honetan denok izan behar dugula horren inguruan zerbait esateko aukera, ezinbestekoa zen saio ireki bat egitea». Gogoetaldia herritar guztiei zabalik dago, baina osasun neurriak direla bide, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Orbegozok dioenez, lanean ari dira uste dutelako Plateruenak utzitako hutsunea bete behar dela, baina ez dakite prozesua zelan amaituko den, eta ez dute inolako «bermerik»: «Proiektu bat ontzen badugu, Udalari aurkeztuko diogu, baina hortik aurrerakoa ez dago gure esku. Printzipioz, Udalak borondatea erakutsi du, baina ikusteko dago. Edonola ere, guk pentsatzen dugu apustu bat egin beharko litzatekeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.