Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Etsipenaren espaziontzian

'High Life' zientzia fikziozko lana aurkeztu du Claire Denisek Sail Ofizialeko lehian. Zigorra kartzelan betearazi ordez akuri gisa espaziora bidaltzen duten preso talde baten istorioa sortu du

Robert Pattinson, Mia Goth, Juliette Binoche, Agata Buzek eta Claire Denis, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Zientzia fikziozko film bat ikusi ahal izan zen atzo Sail Ofizialeko lehiaren barruan. Claire Denis zinemagileak High Life aurkeztu zuen, Juliette Binoche eta Robert Pattinson aktoreak protagonista dituen lana. Espazio urrunean girotu du zuzendari frantsesak kontakizuna, eta espaziontzi batean preso dauden hainbat pertsonaren arteko harremanak jarri ditu erdigunean. Aktore taldeak lagunduta egin zuen emanaldiaren osteko agerraldia Denisek.

Espetxe zigor luzeak edo heriotza zigorrak dituzten hainbat pertsona dira filmeko protagonistak. Esperimentu batean parte hartuko dute, eta, zigorrak espetxean bete beharrean, espaziontzi batean urrutira bidaliko dituzte, zulo beltz baten bila. Susmoa dute ez direla itzuliko, eta giro hertsi horretan iraungo dute. Harik eta pertsonaietako bat besterik ez den bizirik geratuko. Hilabete gutxiko haur baten kargu.

Denisek azaldu zuenez, aspalditik zuen buruan filmaren muina. «Gizon bat irudikatzen nuen, espazioan bakarrik zegoena, Lurretik oso urrun, eguzki sistematik at, itzultzeko inolako itxaropenik gabe. Bere inguruan denak hilda zeuden, eta bera bakarrik zegoen, haur txiki batekin. Ezin zen hil, ezin zuelako neskatxoa bakarrik utzi; erantzukizun hori du, nahiz eta ordura arte inolako ardurarik ez izan».

Filma prestatzeko, astrofisikariekin eta beste hainbat aditurekin egon zen taldea, Denisek hala eskatuta, baina, hala ere, zuzendariak aitortu zuen ez dela erraza izan hainbat gauza azaltzea. Zientzia fikziozko bere erreferentzien artean, berriz, Andrei Tarkovskiren Solaris filma aipatu zuen, eta gaineratu bat datorrela generoaz zinemagile errusiarrak zuen ikuspegiarekin. «Zientzia fikzioa zerbait lurtarra dela erakutsi zuen, soilik gizon-emakumeek irudika eta sor dezaketen zerbait. Ez dugu munstroen, alien-en edo estralurtarren beharrik; niri ez zaizkit interesatzen».

Indarkeria eta sexu eszenen inguruan galdetuta, oinazea pertsonaiek ezinbestean bizi duten egoera dela esan zuen. «Preso daude, ez dute etorkizunik, eta sufritzen ari dira. Baina, aldi berean, talde ausarta osatzen dute, eta giza harremanak dituzte oraindik. Elkartasuna ere badago, baita txera ere». Sexu hitzaren ordez desira erabiliko lukeela gehitu zuen.

Aktoreei, askatasuna

Pattinsonek bete du haurrarekin bakarrik geratzen den gizonaren rola, baina, adierazi zuenez, bere pertsonaiaez du etsipenean murgildutako norbait bezala irudikatu. «Nire ustez, ez dago hain etsituta; iruditzen zait ez duela plan bat, ez dakiela zer egin; egoera bitxian dago, norabiderik gabe, eta hori interesatu zait». Adierazi zuen esperientzia ederra izan dela haur batekin lan egitea. «Platoan animalia basati bat izatea bezalakoa zen; inspirazio eta ezusteko iturri etengabe bat izan zen».

Hark bezala, Denisek aktoreei eman dien askatasuna azpimarratu zuen Binochek. «Erronka bat izan da, ez baikenekien berak nora eramango gintuen. Askatasun hori hor dago; ikusezina den zerbaitek zu hunkitzea nahi izaten du Clairek, ikusgarria den hori zaintzen ari bada ere. Eta sentitzen eta pentsatzen duena esaten dizu, ez du gezurrik esaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.