Albistea entzun

Junkera, «liburukote» batean

Musikariak bere obra osoa errepasatu du 'Berpiztu' liburuan, 40 artistaren obrek lagunduta
Kepa Junkera musikaria, atzo, Bilboko Arte Ederren Museoan, <em>Berpiztu</em> liburua aurkezten.
Kepa Junkera musikaria, atzo, Bilboko Arte Ederren Museoan, Berpiztu liburua aurkezten. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko abenduak 6 - Bilbo

«Liburukote zoroa». Kepa Junkerak berak eman du bere diskografia osoari errepasoa ematen dion 260 orritik gorako arte liburu elebidunaren definizioa. Justu atzo bete ziren lau urte, Ganten (Belgika) kontzertua ematera bidean zihoala, iktus bat izan zuela, eta, geroztik, tantaka konta daitezke musikariak egindako agerpen publikoak. Fermin Aio zinemagileak Donostiako Zinemaldian estreinatutako Berpiztu filmaren aurkezpenean egon zen duela hilabete batzuk, eta Bilboko Arte Ederren Museoan egon zen atzo pelikularen izen bereko liburua aurkezten. Horregatik, lagunek, senideek, ordezkari politikoek eta kide izan dituen sortzaileek lagunduta, aurkezpenaren eta ospakizunaren arteko zerbait izan zen atzoko aurkezpena.

Gurpil aulkian sartu zen musikaria museora, maskara jantzita, lehenik, eta irribarrez, ondoren. Txaloka jaso zuten, eta besarkadak, laztanak, bostekoak eta esker keinuak jaso zituen gero. Egin zizkien bromak lagunei argazkiak ateratzeko orduan —ia kendu zion sonbreirua bati—, eta Alberto Palomera margolariak irakurri zuen gero Junkerak berak aurkezpenerako prestatutako testua. Dena esker oneko mezu eta dena lagun arteko ironia. Eta hor joan zen lanaren definizioa ere: «Eskerrik asko denei liburukote zoro honetan parte hartzeko eskuzabaltasun infinituagatik».

Sortzailearen ibilbide osoa biltzen du liburuak, diskoz disko. Joseba Martin kazetariak idatzi ditu lan bakoitzari buruzko testuak, eta 40 artistak espresuki libururako sortutako lan grafiko bana ere biltzen du argitalpenak. Tartean dira Sonia Rueda, Eramun Mendibelanda, Mari Puri Herrero, Miren Asiain, Mikel Urmeneta, Yolanda Mosquera eta Gaizka Peñafiel. Horrez gainera, Junkerak sortutako 400 abesti ingururen partiturak ikusi ahal izateko aukera ematen duen QR kode bat ere badakar lanak.

Martinek gogoratu zuenez, hasieran, «30 edo 40 orriko liburuxka bat» izango zelakoan hasi zen diskoei buruzko testuak idazten, baina hazten eta hazten ikusi zuen proiektua. «Azkenean bi kiloko artefaktua atera zaigu!». Disko bakoitzean Junkerarekin batera aritutako musikari eta artistak elkarrizketatuz osatu ditu testuak, eta, guztira, 40 pertsona ingururen ahotsak bildu dituela zehaztu zuen. «Batez ere, artistaren alde gizatiarra agertzen da. Estudioan gertatzen diren momentu dirdiratsu horiek ere deskribatzen dira, zeintzuetan kontua badoan norabide batean, baina, bat-batean, Kepak birbideratu egiten du eskura duen edozerekin, eta aldatu egiten da dena, eta, hasieran, denak zur eta lur geratzen dira, eta gero, amaitutakoan eta entzundakoan, emaitzarekin zeharo txundituta».

Estudioko energia oldea

Gertutik ezagutzen du Junkeraren obra Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak, baita Junkera bera ere. Atzo gogoratu zuenez, diskoak grabatzen hasi aurretik jaso ohi zuten haren bisita etxean, eta maiz idatzi dizkio letrak. Lehen diskoan hasi zuten elkarlana, eta Amurizarenak dira, Maren zein Izaro kanten hitzak, esate baterako. Idazleak oroitu duenez, ordea, 2010ean izan zuen Junkerak hasi eta buka disko oso bat nola sortzen zuen ikusteko aukera, eta orduan bizi izandakoak hartu ditu oinarri Berpiztu libururako hitzaurrea idazteko. «Gazte-gazte ezagutu nuen. Ausart. Hots, bere ahalmen tekniko neurrigabeen eta bere inspirazio abiotsuaren jakile. Sen apurtzailea. Argi esanda, garaile bat. Artista horietakoa, zeinen azkenik ezin baita inoiz suposatu, beti berpizten baitira».

Eta energia olde baten pare deskribatzen du Amurizak Junkera estudioan lanean. Ideiak lehertzen. Moldatzen. Bihurritzen. Hasierako ideia, pixkanaka atzean utziz joan arte. «Aizu, Kepa! Ez al duzu uste honek ez duela hasierako planaren antzarik». Eta Junkeraren erantzuna dakar Amurizaren testuak gero. «Baina baietz duela nire antza!».

Durangoko Azokan egongo da salgai lana, eta 30 euroko prezioa izango du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film, Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Annie Ernaux idazlea, 2022an, Nobel saria jasotzen. ©Christine Olsson/EFE

Gema Lopez Las Herasek irabazi du Zaitegi saria

Berria

Annie Ernaux idazlearen 'La femme gelée' itzuliko du euskarara

Noaingo Faktoria zentro koreografikoko ikasleak. Beltzez, Laura Armendariz irakaslea. ©Iñigo Uriz / FOKU

Dantzaren nazioarteko mapan

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Noaingo Faktorian lanean ari da, irailetik, zentro koreografiko horretako ikasleen bosgarren belaunaldia. Marta Coronadok, Laida Aldazek eta Carmen Larrazek jarri zuten proiektua martxan, 2019an, herrialdeko dantza garaikideari astindu bat emateko. Pedagogia eta sorkuntza dituzte ikur.

Sormene jaialdiko mahai inguruetako bat, iaz. ©SORMENE

Apirilaren 27tik 30era itzuliko da Udaberriko Sormene

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturaren transmisioan eragiteko asmoz, euskarazko hamaika kultur emanaldi eskainiko ditu aurten ere Sormene jaialdiak, Galdakaon (Bizkaia).

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...