Gerediaga elkartea: «Beste behin ere, azoka euskal kulturaren plaza izan da»

Durangoko Azokaren antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute 53. edizioaz. Aurreikuspenak gainditu egin direla azpimarratu dute

Gerediaga elkartea pozik azaldu da Durangoko 53. Azokak izan duen harrerarekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Igandean itxi zituen ateak Durangoko 53. Azokak, eta aurtengoak eman duenaz balorazio «oso positiboa» egin du Gerediaga elkarteak, azokaren antolatzaileak. Azaldu duenez, «askotarikoa, baikorra eta arrakastatsua» izan da aurtengo azoka.

Gerediagak egin duen kalkuluaren arabera, 115.000 pertsona baino gehiago igaro dira abenduaren 5etik 9ra bitartean Durangotik. Baina alderdi kuantitatiboan soilik ez, kualitatiboan ere egin du azpimarra: «Beste behin ere, azoka euskal kulturaren plaza izan da. Sortzaile, ekoizle eta bisitariak elkartzeko gunea: proiektu berriak sortu, plazaratu edo erosteko plaza, hausnarketarako eta euskal kulturaz gozatzeko».

Ikasle Egunarekin hasi da aurten azoka, eta belaunaldi berriak bertaratzearen garrantzia azpimarratu du Gerediagak: «Etorkizuneko sortzaile, ekoizle edo bisitariak izango dira. Estrategikoa da euskal kulturaren transmisiorako».

Aurten, bigarrenez, irisgarritasuna eta inklusibitatea bultzatu nahi duen Kultura guztion eskura egitasmoa egin da, eta norabide horretan urratsak egiten jarraitzeko asmoa berretsi du azokak.

Guneak egonkortzen

Landakoz gain, azoka osatzen duten beste guneetan gora egin du aurten bisitari kopuruak, Gerediagaren arabera. Horien artean,Saguganbara haurren gunean areto handia bete egin da saio guztietan, eta Irudienean ere gorakada nabarmena igarri dute.

Heldu den urterako datak iragarriz itxi du aurtengoa Gerediagak: abenduaren 5etik 8ra artean izango da Durangoko 54. Azoka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.