Itsasoko giroa ekarri du bueltan

Patxi Iturregik I. Mundu Gerran eta Bilbo aldean kokatutako ipuin batzuk bildu ditu lan berrian
Patxi Iturregi idazlea, atzo, Donostiako Elkar liburu dendan, <em>Ur biren artean</em> lan berria eskuetan.
Patxi Iturregi idazlea, atzo, Donostiako Elkar liburu dendan, Ur biren artean lan berria eskuetan. GORKA RUBIO / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko otsailak 15
Mende bat atzera egin du Patxi Iturregik (Laudio, Araba, 1952) literatur plazara itzultzeko. Mende bat atzera, 1914-1919 bitartean jazotako gerra jarri baitu liburu berriaren atze oihalean: I. Mundu Gerra. Ur biren artean (Elkar) deitu du, eta hamabi narraziorekin osatu; itsas girokoak denak. Halakoak ziren estreinako liburuan jaso zituen narrazioak ere, Haize kontra-n (1996, Elkar) bildu zituenak —nautika ikasketak eta merkantzia ontzietako bere lan eskarmentua baliatu zituen—, eta haren segida gisa aurkeztu du Iturregik lan berria. Alderdi hori nabarmendu zuen, hain justu, Xabier Mendiguren editoreak atzo egindako aurkezpenean, Donostian. «Bere garaian dezenteko oihartzuna izan zuen Haize kontra-k, eta estimazio handia literaturazale finen artean. Liburu haren berezitasunetako bat izan zen itsas giroko ipuinak zirela; baina ez arrantzale mundukoak, baizik eta merkataritza ontzietakoak. Eta liburu honen berezitasunetako bat da Patxi Iturregi itzuli egin dela idazketara, edo argitaratzera, eta itzuli dela itsas girora».

Aipatu bi lanen artean, beste bi liburu ere kaleratuak ditu Iturregik: Behi eroak (2003, Elkar) eta Dioramak (2006, Elkar). Laurak ipuin liburuak, hori baitu genero «gogokoena» idazleak. «Oso eroso sentitzen naiz formatu laburrean, agian nire heziketa literarioagatik. Nire gaztaroan, Hego Amerikako booma zabaldu zen, eta garai hartako idazleak grina handiz irakurri nituen: Cortazar, Borges, Onetti... Denak ziren ipuingile peto-petoak, eta zirrara handia eragin zidaten». Are, euskal literaturan ere «berrikuntza garrantzitsuenak» ipuingintzatik etorri direla uste du idazleak.

Hamabi narrazio labur eman ditu argitara lan berrian; errealistak, molde klasikokoak, kontaera linealekoak. Egilearen hitzetan, bakoitza bere aldetik irakur daiteke, baina elkarrekin osotasun bat bilatzen dute. «Ipuin liburua da, ez ipuinen bilduma bat». Itsas giroa eta I. Mundu Gerra jarri ditu atze oihalean, eta askotariko gaiak landu narrazioetan: maitasuna, aurrerapena, gatazkak, traizioa, mendekua, emakumeen aurkako tratu txarrak... Bilboko itsasadarra dute gertaleku gehien-gehienek, ustez gerratik at zegoen eremu bat. Europako potentzia nagusiak gerran zeuden, baina Espainia «neutrala» zen, eta hala zen Hego Euskal Herria ere. Dena den, Iturregik gogora ekarri zuen ontzi asko atzerriko banderapean aritzen zirela; Bilboko flotak hirurogei bat bapore galdu zituela; eta 70 bat itsasgizon hil zirela; haien artean, Juan Bautista Bilbao Batxi, «Bayo ontziko maiordomoa, Euzkadi egunkariko berriemailea eta Kirikiñoren laguna». Bitartean, idazlearen esanetan, hiriko jendea banatuta zegoen «germanofiloen eta aliatufiloen artean».

Orduko testuinguru historikoaz blaitzeko, «dokumentazio lan handia» egin du idazleak, nahiz eta bildutako informazioa gero apenas agertu duen istorioetan. «Baina idazleak, ume txikiak bezala, segurtasuna behar du beti lehenengo pausoak ematean».

Aipatu zuen «kasualitatez» heldu dela I. Mundu Gerraren garaiko Bilbo ingurua lantzera. Liburua abiatzen duen Erri bero idatzi zuen lehenengo, eta «haren arrimura» etorri zitzaizkion gainontzeko ipuinak. Gainera, Erri bero-k badu gertakizun erreal bat oinarrian —izen bereko goleta bat egon zen, alemaniarrei wolframa garraiatzeko erabili zutena—, baina kontakizun gehienek ez dute abiapuntuan gertakizun historiko bat, eta Iturregik nahiago du bide hori. «Benetako istorioek badaukate zailtasun bat literaturara ekartzeko, zeren hori ja gertatu da. Nahiz eta nik ez dudan era historiko batean landu, gertatu da, eta mugatuta dago. Bestelakoak dira zuk zeuk sortzen dituzun istorioak; horiek dira literarioak. Literaturak bere arauak ditu, eta errealitateak ez dauka araurik. Horregatik, errealitatea paperera pasatzea oso zaila da; ez da sinesgarria. Guk sortzen ditugunak, horiek dira sinesgarriak direnak». Hala, ez du «garaiaren berreraikitze historiko bat» egiteko asmorik izan, «literatura egitekoa» baizik.

«Bizitza literariotik aparte»

Aurkezpenaren bukaeran, editoreak idazleari galdetu zion ea nahita mantendu izan den «bizitza literariotik aparte», edo, Laudiokoa izanik, eta hura «periferiatzat» joz, hala suertatu den. «Laudio periferian dagoelako, zalantzarik gabe», erantzun zuen, lehen kolpean. Jardun publikoa ere ez duela maite aitortu zuen gero. Hasi ere, hala hasi zuen aurkezpena: «Benetan gustatuko litzaidakeena da idazle ezkutu horietako bat izatea, J.D. Salinger edo Elena Ferrante bezalakoa, eta anonimatuan goxo bizitzea». Horren ezintasuna onartuta, lanean segitzen duela aurreratu zuen. «Orain, lan hau burututa, posibleago ikusten dut itsasoaren gaineko trilogia bat osatzea, Pio Barojak nobelekin egin bezala».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna