Adarra saria Berri Txarrak-i

Taldeak ekainaren 21ean jasoko du saria, Donostian. Kontzertua ere emango du egun horretan

Ezkerretik eskuinera, Galder Izagirre, Gorka Urbizu eta David Gonzalez, 2017ko argazki batean. DONOSTIA KULTURA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Donostia Kulturak Berri Txarrak musika taldeari emango dio aurtengo Adarra Saria, seigarrena. Atzo jakinarazi zuten erabakia. Juan Gonzalez Andres kazetariak, Etxepare Institutuko zuzendari Irene Larrazak eta Donostia Kulturako Jaione Askasibarrek osatutako batzordeak musika taldearen «ibilbide artistiko eta profesionala» eta Euskal Herrian zein atzerrian «publikoarengan duen eragin izugarria» hartu ditu kontuan, prentsa oharrean zehaztu dutenez: «Berri Txarrak-en emanaldiek arrakasta handia izan dute herrialde askotan, eta taldeak milaka jarraitzaileri eskaini dizkie kontzertuak bost kontinenteetako agertokietan».

Horrez gain, jakinarazpeneannabarmendu dutenez, kontuan hartu dute, gainera, taldeak musikarekiko eduki duen dedikazioa eta euskal kulturarekiko izandako «ardura eta errespetua».

David Gonzalezek (baxua), Galder Izagirrek (bateria) eta Gorka Urbizuk (ahotsa eta gitarrak) osatzen dute Berri Txarrak taldea. Ez ditu beti kide berak izan, baina. Lekunberrin (Nafarroa) sortu zutenean, 1994an, Aitor Goikoetxea (bateria), Mikel Lopez Rubio (baxua) eta Aitor Oreja (gitarra) zituen Urbizuk taldekide. Mende laurdeneko ibilbidean, zortzi disko eta disko hirukoitz bat eman dituzte argitara, eta iazko abenduan jakinarazi zuten «etenaldi mugagabea» egingo zutela beren ibilbidean.Ordutik, Ikusi Arte Agur biran ari dira, sarrerak berehalakoan agortuz eta neurri guztietako aretoak betez.

Kontzertua ere bai

Ekainaren 21ean jasoko du Berri Txarrak-ek Adarra saria, eguerdian, Donostiako alkatearen eskutik. Kontzertua emango du egun bereko 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokian. Gaur bertan jarriko dituzte salgai kontzertu horretarako sarrerak, 11:30ean, Viktoria Eugenia bertako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura. eus/sarrerak webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.