Helburu beraren etapa berria

Musika Bulegoak egitura berritu du, indarrak batu eta Euskal Herriko musika sustatzen segitzeko

Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteko egituretatako hainbat ordezkari, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ez du bide luzea atzetik egina EHMBE Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak, baina aski izan du denbora hori urrats berri baten premiaz ohartzeko. Aro berri bati ekiteko. Otsailetik, «ilusioz betetako» fase berri batean murgilduta daude, eta egitura sendotzea izan da horretarako egin duten berrikuntza nabarmenena. Zuzendaritza batzorde bat osatu dute aurrenekoz, eta harekin orpoz orpo ariko den lan talde bat, musika sektoreko sei profesionalek osatutakoa. Zuzendaritza batzordea «burua» izango bada, lantaldea «gorputza» izango da, «beso exekutatzailea», Aitor Bengoetxea zuzendari batzordeko lehendakariaren arabera. Egiteko beraren alde ariko dira denak, bakoitza beretik: Euskal Herriko musikariei babesa, aholkularitza eta sustapena eskaintzea.

«Musikaren topagune bat» eraikitzea izango da lehentasunetako bat, Bengoetxearen arabera. «Musikaren sektoreak kolore anitz ditu Euskal Herrian ere; jardun oso ezberdinak daude, eta bakoitzarengandik ahalik eta gertuen egoten saiatuko gara».

Musikari lotutako lau elkarte nagusiren eskutik sortu zen Musika Bulegoa, 2015ean. Urrats berri honetan, lauren baliabideak eta esperientziak batu egingo dira, interes orokorreko helburuak betearazteko: Kultur Live, Euskal Herriko Musika Aretoen Elkartea; MIE, Musika Industria Elkartea; Musikari, Euskal Herriko Musikarien Elkartea; eta Musikagileak, Euskal Herriko Musikagileen Elkartea. Elkarte horietatik datoz, hain justu, zuzendaritza batzordea osatuko duten kideak: Bengoetxea (Kultura Live), Astiazaran (Musikagileak), Unai Moraza (Musikari), Amaia Ispizua (MIE), Iñaki Otalora (Kultura Live), Mikel Urkiza (Musikagileak), Olatz Salvador (Musikari), Alvaro Sanz (MIE), Pau Vargas (MIE) eta Mikel Unzurrunzaga (musikaria). «Bakoitzaren etxea zaintzea ahaztu gabe, indar metaketa bat izango da», nabarmendu du lehendakariak.

Bideak eguneratzen

Musikarien premiei erantzuteko, orain arteko proiektuak eguneratzen eta berriak sortzen jardun nahi du elkarteak. Hala egingo du, besteak beste, formakuntzaren alorrean. Soinua Iratzarri proiektuarekin ere segituko dute, haurrek musika garaikidearekin «lehen esperientziak izan» ditzaten. Ikasleak eta konpositoreak gurutzatu, eta pieza berriak sortuko dituzte elkarrekin.

Euskal musikarien lana nazioartekotzea izango da elkartearen beste erronka irmoetako bat. «Ez da erraza, ikusita egun musika partekatzen den modua eta abiadura, baina baditugu bereizgarriak, eta badugu umil baina harro zabaltzeko moduko musika jarduna». Zabalkunderako plan horretan, Etxepare Euskal Institutuarekin jardungo du elkarteak, Basque Music egitasmoan.

Jarduera Poltsa proiektuaren bitartez helduko dira dinamikak herrietara. Elkartera heldu diren 30 proposamenetatik 19 hautatu dituzte, eta heldu den astelehenean erakutsiko dute horietan lehena, Europako Nazioarteko Musikaren Egunean: Trakamatraka tailerra, Donostiako Tabakaleran.

Musika Bulegoa Saria ere banatuko dute aurrerantzean, «ibilbideak aitortu eta sortzaile berriak ikustarazteko». 2020ko martxoaren 10ean izango da aurtengoa, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.