Beldur eta fantasietatik harago

Urriaren 26tik azaroaren 1era izango da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen 30. aldia

Galder Gaztelu-Urrutiaren El Hoyo filmaren fotograma bat. FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZINEMAREN ASTEA.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteak 30 urte bete ditu, eta urtemugaren irudia nola sortu eta ekoitzi duten erakutsiz hasi zuten atzo aurkezpena: Antzoki Zaharra eta ikusleak ageri dira irudian, Zinema Asteari atxikimendua eta babesa adierazi izana eskertzeko. Urriaren 26an hasiko da, datorren larunbatean, eta azaroaren 1ean amaituko da.

Josemi Beltran arduradun eta koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, «gertakari ia historiko» bat izango da aurtengo aldian;izan ere, Euskal Herrian ekoitzi diren bi filmekin hasi eta amaituko da jaialdia, El Hoyo eta Ventajas de viajar en tren pelikulekin, hurrenez hurren.

Galder Gaztelu-Urrutiak (Bilbo, 1974) zuzendu du El Hoyo. Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 44. edizioan arrakasta izan ostean, Sitgeseko Zinema Jaialdiko 52. edizioa irabazi zuen: filmik onenaren saria ez ezik, efektu berezi onenen saria ere jaso zuen. Elkartasunaren eta enpatiaren inguruko gogoeta da filmaren ardatza: solairu askoko eraikin distopiko bat, autofagia, kanibalismoa, janaria...

Ventajas de viajar en tren lana, berriz, Aritz Moreno (Donostia, 1980) zinemagilearen lan berria da, eta errealitatea eta paranoiaditu hizpide. Genero asko ukitzen ditu, eta tren bateko bagoi batean hasten den elkarrizketa bat du abiapuntu: Helga izeneko editore baten eta nortasun nahasmenduan aditua den psikiatra baten artekoa.

Film luzeen Sail Ofizialeko bi besterik ez dira horiek; beste 22 lan ere lehiatuko dira; guztira, 24. Beltranek esan duenez, zerrenda horretan «eskarmentu handia duten emakume zuzendariak» ageri dira, adibidez: Pollyana McIntosh, Darlin' filmarekin, edo Soska ahizpak, Rabid filmarekin. Hala definitu du arduradunak Jen Soskaren eta Sylvia Soskaren lana: «Proposamen krudelak, indartsuak eta ausartak dira». Sail Ofizialeko beste izen batzuk ere aipatu ditu, eta, nabarmendu duenez, aurtengoan pisu berezia izango dute Asian ekoitzitakoek. Hideo Nakataren Sadako filma da horietako bat, haren aburuz, «Japoniako beldurraren aita». Donostian izango da jaialdian, beste hainbat gonbidaturekin batera.

Film laburrak, indartsu

Film laburrek ere protagonismo handia izango dute. Hiru sailetan bereiziko dituzte: Film Laburren Nazioarteko Saila, Animazio Film Laburren Saila eta Espainiako Film Laburren Saila. Hurrenez hurren: hamabi lan lehenengoan, bederatzi bigarrenean, eta, zortzi, hirugarrenean.

Koordinatzaileak esan duenez, «panorama oso desberdina aurki dezakegu, hala joera tradizional eta klasikoak, nola generoaren kezkarik modernoenak». Film laburren kasuan ere, emakume zuzendarien presentzia gero eta handiagoa dela azpimarratu du Beltranek, eta, gaineratu duenez, «begirada feministek» ere gero eta pisu handiagoa dute beldur eta fantasiazko lanetan. Sariak ere ez dira faltako: aurtengoan, Itziar Castro aktorea, Elisa McCausland kazetaria eta Fernando Iwasaki idazlea izango dira epaileak.

Proiekzio horiez gain, bestelako ekintza ugari ere izango dira: folklore beldurgarriaren zikloa, haurrentzako zinema, jarduerak, erakusketak, ekitaldiak... Egingo duten lehena: Inesa Gaxen eta Hil-Argien erromeria, ikuskizun eta antzerkien bitartez sorginen garaia gogoratzeko parada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.