Begiekin entzun daitekeen doinua

Etnomusikan adituak direnen arabera, Europako onena da Lourdes Iartzaren eta Jose Luis Loidiren musika instrumentuen bilduma. 4.000 pieza dituzte, eta nazioartean hainbat erakusketa egindakoak dira. Beren ondarea Euskal Herrian ezagutaraztea desio dute.

Araitz Muguruza.
Irun
2014ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Irungo Atsegina Elkartean txistua jotzen nuenean nazioarteko hainbat jaialditara joaten ginen, eta, haietan, Bulgaria edo Errumaniako jendea ezagutzen genuen. Nik haien txistuekiko banuen halako obsesio bat, eta tabako pakete batengatik trukatu egiten nituen. Ohartzerako, hamasei bat txirulen bilduma neukan etxean», hasi da kontatzen Jose Luis Loidi. Handik gutxira ezagutu zuen Lourdes Iartza, egun Loidiren emaztea dena, eta, hark animatuta, bilduma zabaltzeari ekin zioten. «Mila musika tresna daude, eta, hala, gehiagoren bila hasi ginen», sakondu du Iartzak. 1982a zen. Handik hamar urtera, erakusketa bat egiteko adina instrumentu zeuzkaten esku artean. Eta zifra goraka ari da oraindik ere. Orain, 4.000 pieza dituzte Irungo biltegian (Gipuzkoa), eta musika instrumentuen museotako arduradunen eta etnomusikan adituak direnen ustez, Europako biltegirik onena da.

Aurreneko hamar urteetan egindako lana ondo gogoan du Iartzak. Internetik ez zegoenez, hara eta hona ibiltzen ziren musika tresnen bila. Frantziara jotzen zuten gehienetan. «Arte galerietara eta erakusketara joaten ginen, eta, aukera ona sortuz gero, erosten genuen; ez uste askotan gertatzen zenik». Guztia « desordena ordenatu batean» daukatela diote irribarrez. «Lokala hartu genuenean, leku asko zegoela uste genuen; orain, pilatzen ari zaigu». Hala ere, ongi dakite non dituzten instrumentuak, instrumentu baten azalpenak amaitu ondotik, beste batzuk ekartzen dituzte. Azalpenekin hasi, eta amaitu ezinik aritzen dira, instrumentu bakoitzak atzean baduelako bere historia eta istorioa. Badituzte, ordea, ezaugarri komun batzuk. Gehienak errituetarako edo komunikatzeko erabiltzen zituztenak dira. Jatorriz, berriz, kontinente guztietakoak.

Loidiren arabera, instrumentuak artelan baten gisakoak dira: «Ikusi besterik ez dago berarekin duten perfekzioa». Arrailduradun danborretako bat seinalatu du, garrasika dagoen lehoi eme baten forma dauka. Kongoko Errepublikako musika tresnetako bat da. Egileak ongi baino hobeto zizelkatu zion aurpegia, eta baita mihia ere. «Afrikan intonazio bidezko lengoaiaerabiltzen dute. Hitzaren zati batean edo bestean jarri azentua, informazio bat edo beste ematen dute». Loidiren ustez, Afrikako musika tresnak dira ederrenak. «Asia eta Europakoek ez dute halako ezaugarririk. Burutsuagoak izan dira beti asiarrak, eta perfektuenak, berriz, europarrak. Amerikan eta Ozeanian, aldiz, sinpleagoak izan dira, eta instrumentuen zabalkuntza ere txikiagoa izan da».

Urteen poderioz, ehunka kontaktu egin dituzte, eta nahiko ezagunak bihurtu dira bildumazaleen munduan. Noizean behin, saltzeko zerbait dutenek zuzenean deitzen diete. «Hala erosi genituen Nepalgo hainbat musika tresna, eskaintza egokia egin zigun lagun batek, eta erosi egin genuen». Iartzaren ustez, zortearen esku egon ohi dira. Izan ere, interes asko mugitzen den ingurua ere bada bildumazaleena: «Badago instrumentuen zati bat baino nahi izaten duen jendea, eta horregatik erdibitu egiten dituzte sarri». Diru gehien jartzen dena nagusitzen da bildumazaleen merkatuan; eta, zoritxarrez, kontserbazioari zuzenean eragiten dio, erosle askok ez baitituzte instrumentuak osorik nahi izaten. Horregatik, biltegian dituzten tresnetako asko «munduko ia bakarrak» dira. «Gaur egun, ez dira garai bateko perfekzio berarekin egiten, inor gutxik ematen diolako lehengo dedikazio bera, eta apurka-apurka desagertzen ari dira», azaldu du Iartzak.

Erakusketa gutxien bertan

Biltegiko instrumentuak plastikoz, oihalez edo kartoizko kaxez babesten dituzte, baina bestezenbait apaletan daude jasota. Ahal duten bezala kontserbatzen dituztela diote. «Guk ez dugu baliabide handirik, hau dena lan orduetatik kanpo egindakoa da», aipatu du Iartzak. Instrumentu bakoitzak hezetasun edo tenperatura jakin bat behar luke, berez, ongi kontserbatzeko; baina biltegiak ez ditu baldintza horiek betetzen. «Bero egiten badu, bero egiten du; hotz egiten badu, hotz. Ez dugu erdibideko irtenbiderik», zehaztu du Loidik. Instalazio egokia izateko erakunde publikoen laguntza beharko luketela diote, eta gaur arte ez dute inolako laguntzarik jaso. Horrek amorratu egiten du Iartza: «Kokek [Jose Luis Loidi] eta biok lan egin dugu hau aurrera ateratzeko, eta horretan gabiltza oraindik. Egia da afizioz egiten dugula, baina eskertuko genuke babes handiagoa». Mantentzean bakarrik gastu handia egiten dutela esan du.

Izan ere, interesa duen edonorentzat biltegia zabalik dute. Izaten dituzte bisitak, atzerritarrak izaten dira etortzen diren gehienak. «Hemengoek ere atea zabalik dute, baina gutxi dira honen berri dutenak. Guk ateak zabalik ditugu etorri nahi duenarentzat».

Musika tresnen bila ez bada, erakusketak antolatzen ematen dute urtea Loidik eta Iartzak. Tristuraz diote Euskal Herrian oso gutxi jarri dutela ikusgai beren ondarea. Galizian, Katalunian, Frantzian eta Espainian jarri izan dituzte erakusketa gehienak, eta,zenbait lekutan, behin baino gehiagotan errepikatu izan dute. Musika tresnen bidez, herrietako historia barneratu daitekeela iruditzen zaio Iartzari.«Egin izan ditugu erakusketa didaktikoak, eskolako haurrek egiteko ariketak ere prestatu izan ditugu», oroitu du Iartzak. Daukaten material guztiarekin, herrialdeka banatutako erakusketa bat antolatu daitekeela adierazi dute. Hain justu, Euskal Herriko instrumentu batzuk Murtzian ikusgai dauzkate. «Izan daiteke musikaren inguruko jaialdi bat osatzeko modu bat, adibidez». Musika ez baita entzun eta gozatzeko bakarrik, ikusteko ere balio baitu, eta mundua ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.