«EHE berritua» sortu nahi dute, aldaketa sakonekin

Taldea «krisian» dagoela aitortu dute txostenean. Militantzia ereduaz gogoeta egin beharra aipatu dute, eta diru iturri publikoez eztabaidatzea

EHEren nazio batzar bateko irudia. Hilaren 28an egingo dute hurrengoa, Altsasun. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Taldearen egoeraren azterketa gordina egin dute Euskal Herrian Euskaraz-en gogoeta txostenean. Aitortu dute «krisian» daudela. «EHEk berak ez du asmatu tamainako eguneratzea egiten, ahaleginak egin arren. Horrek guztiak EHEren baitan krisia izatea ekarri du. Krisi estrategikoa, krisia jardueran, krisia antolamenduan... Antolakundea guztiz zeharkatzen duen barne krisia da». Horri buelta eman nahi diote Izan, egin, eragin izeneko gogoetaren bitartez. «EHE berritua» sortu nahi dute, sakoneko aldaketak eginda.

Funtsezko funtzio batzuk baditu EHEk, gogoetan jaso dutenez; besteak beste, «euskararen aldeko tentsioa mantentzea». Ohartarazi dute «bigarren mailan» ari dela geratzen euskararen auzia, eta indarra hartzen ari dela «normalizazioren erronka ia irabazita dagoelako sentsazio guztiz desmobilizatzailea». Egoera horretan, euskararen aldeko «eragile gogaikarriaren rola» eduki behar duela uste du EHEk. Instituzioetan eta eragileetan eragin nahi du horrela, eta euskalgintzaren «akuilu» izan. «Euskalgintzak garaian izandako lidergoa eta erreferentzia soziala berreskuratzera eraman behar dugu».

Aldarrikapenak proposamenekin uztartzea jarri dute erronkatzat: «Eraikuntza klabeetan egindako proposamen eta iritziek gero eta toki gehiago izan behar dute gure lan ildo orokorrean». Diskurtsoa ere bai: «Aldarrikatzailea izan behar da, baina alde positiboa ere izan behar du. Ezin diogu uko egin euskarak aurreratutakoari. [...] Auzia ez da botila erdi beteta ala erdi hutsik ote dagoen. Botila bere osotasunean aztertzean dago gakoa, bi aldeak baititu».

Kide gazteak gehienak

Nolako jarduna egin horretarako, hori eztabaidagai dute EHEn. Aktibazioan hutsuneak daudela aitortu dute, herritarrek «prestutasun» txikiagoa dutela herri mugimenduetan parte hartzeko. Zer egin? «Hor dago gakoa, etorkizuneko aktibazio eta parte hartze moldeetara egokitzen asmatzea, herritarrei eskaintza erakargarri eta egokia egiteko. Guk ere eboluzionatzen asmatu behar dugu». Alegia, «militantzia eredu zurrunak» berritu egin behar direla.

Antolaketa ereduari buruz ere mintzo da gogoeta txostena: herriz herriko jarduna oinarri dela, ikuspegi nazionala izatea. Oharra egin dute hor: «Lurralde zatiketaren gaixotasuna barru-barruraino sartua du euskalgintzak. Berreuskalduntzea ezin dugu irudikatu prozesu zatikatu bezala».

Aldaketarekin, adin desoreka ere irauli nahi dute. «Kideak batez beste gazteak izatea aberatsa da. Baina adin ez oso altu batetik aurrera pertsona horiek EHEko kide izateari uztea kezkagarria da guztiz. EHE ez da gazte antolakunde bat, eta ez du izan behar».

Eta finantzaketa. EHEren «puntu ahulenetakoa» hori da. Diru laguntza publikoei uko egin diete, «mendekotasunik» ez izateko, baina aukera hori mahai gainean jarri dute orain. «Herritar euskaltzaleen diru ekarpena jarduera eta egitura finantzatzeko nahikoa izaterik lortzen ez badugu, diru publikoa eskatzeko atea irekitzeko beharrean egongo gara». Betiere «azken aukera gisa» proposatu dute, eta «arriskuetan ez jausteko irizpide zorrotzak» jartzekotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.