Deia eskubideen aldeko denei

Larunbatean 'Now Euskal Herrira!' lelopean Bilbon egingo den mobilizazioa oso jendetsua izango den esperantza du Sarek.Isila eta pankartarik gabea izango da; «elkartzeko bokazioa» izango du

Teresa Toda eta Joseba Azkarraga Sareren ordezkariak, atzo, larunbateko mobilizazioaren xehetasunak emateko Bilbon egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Jendetsua espero du Sarek etzi Bilbon egingo den mobilizazioa, eta ideologia askotako pertsonak bilduko dituela uste du. Horri begira antolatu du ekitaldia, Now Euskal Herrira! leloarekin. Isila izango da protesta, eta pankartarik gabea. Hain zuzen, parte hartu nahi duten guztiak «eroso» sentidaitezen antolatu du hala. «Elkartzeko bokazioa» duela nabarmendu dute Teresa Todak eta Joseba Azkarragak, mobilizazioaren azken xehetasunak emateko agerraldian. Hartara, giza eskubideen alde dauden herritar guztiei egin die joateko deia.

Argia da zabaldu nahi duten aldarria: «Giza eskubideen errespetua eta sakabanaketaren amaiera». Sarek elkarbizitza eta bakea helburu hartuta diharduela azaldu dute Todak eta Azkarragak. Salbuespeneko legeek dakartzaten loturak amaitzeko beharrean oinarrituta dagoela bere lana, eta horrela jarraituko duela aurrerantzean ere. «Larunbatean ez da ezer amaitzen».

Eskubideen defentsan, desberdinen topagune bihurtu nahi du, beraz; bai etziko mobilizazioaren aurretik, bai larunbatean bertan, bai gerora. «Euskal jendartearen konplexutasun, aniztasun eta aldaera guztiei eutsi nahi diegu», adierazi dute. «Komunitate gisa, sigla edo alderdikerien eztabaidetatik harago, batzen gaituzten puntu horiek aurkitzeko. Oinarria argi dute: giza eskubide guztien errespetua, pertsona guztientzako. Lan horretara batzeko eskatu die herritar guztiei. «Erronka horretan, asko dugu guztiok irabazteko», argudiatu dute.

Konfrontazioetatik kanpo

Ez dute ez alderdikerietan ez liskarretan sartu nahi. Konponbiderako bidean urratsak egiten lagundu nahi dute. Elkarguneak bilatzen. Hori dela eta, ez dira aritu alderdi politikoen eta sindikatuen atxikimendu bila, mobilizazioari begira, sustatzaileen esanetan. Babes pertsonalak nahi dituzte. Giza eskubideen alde dauden pertsona guztien ekarpenak. Horiei guztiei egin diete etzi Bilbora joateko gonbita.

Gauzak horrela, mobilizazioarekin bat egin duten eragileen ekarpena begi onez hartu dutela azaldu dute, nork bere militantziari protestarako deia egin izana ondo iruditzen zaiela, baina hala egin ez dutenen jarrera ere ondo hartu dutela. EAJri buruz galdetuta erantzun dute hori Todak eta Azkarragak, hedabideen aurrean. Liskarretatik urruntzeko hartu dutela alderdiengana ez jotzeko erabakia, eta beraz, jarrera guztiak direla egokiak. «Errespetatzen» dituztela.

Baina dei bat egin diete horiei guztiei. Larunbateko mobilizaziotik haratago doan eskaera bat: Presoen eskubideak «konfrontazioaren agendatik» kanpo utz ditzatela, eta eskubideen inguruko akordioetara jo dezatela.

Manifestazioari begira, gonbita «euskal gizarteari» egin diotela azpimarratu du Azkarragak. «Parte hartzen duenak sakabanaketaren kontrako eta giza eskubideen aldeko apustua egingo du, indibidualki».

Oinaze batzuk desagertuta

Sareko ordezkarien esanetan, mobilizazioaren sustatzaileek badakite «hainbeste urteetako liskarrek sortu duten oinazea» bizirik dagoela liskar horien ondorioak jasan dituztenengan. Hala ere, Euskal Herria egoera berri batean dagoela ohartarazi dute. Sufrimendu berri gehiago sortu dezaketen egoera gehienak desagertu direla. «Baina, bitartean, milaka pertsonen sufrimendua mantentzen eta sakontzen jarraitzen da», salatu dute. «Euskal presoez eta haien senide eta inguru hurbilaz ari gara».

Hain zuzen, sakabanaketa horren adibide adierazgarrienetakoa dela diote. «Sakabanaketa gehitutako zigorra da, mendekuz hauspotua, oinarrizko giza eskubideen urraketen erantzule, legeen aurkakoa, eta bake prozesuan aurrera egiteko oztopoa». Hargatik diote berehala amaitu behar dela. «Orain, ahora, maintenant; Now Euskal Herrira!». Eta horregatik daude seguru «giza eskubideak errespetatzen dituen pertsona orok» duela lekua larunbateko ekimenean.

Hala izango dela uste dute, gainera. Pentsaera askotako milaka eta milaka lagunek beteko dutela Bilboko udaletxea eta Casilla batzen dituen bidea. Horrenbesteko jendetzak Bilbo kolapsatu egin dezakeela eta, antolatutako autobusetan ez doazen herritarrei garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin diete. Trena, metroa, autobusa edo tranbia erabiltzekoa. Era berean, dena behar bezala joan dadin, zerbitzu publikoa indartu dezala eskatu dio «dagokion instantziari».

Arratsaldea, eta goiza

17:30ean abiatuko dira martxak Casillatik eta udaletxetik, presoen senideak eta horiek modu boluntarioan espetxeetara eramaten dituzten Mirentxin Gidariak, furgoneta eta guzti, buru direla. Zabalburura egingo dute bi martxek. Bozgorailuetatik abisua ematen dutenean argiak piztuko dituzte, aldi berean, parte hartzaile guztiek, eta orain arte ikusi gabeko irudia utziko dute.

Buruak Zabalburun batzean, ekitaldia egingo da bertan, Fermin Muguruza musikariak eta Saroi Jauregi aurkezleak gidatuta. Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok eta Igor Elortzak bertso bana botako dute. Agus Barandiaran, Rafa Rueda eta Aire Ahizpak musika jarriko dute. Eguneko mezua, presoen bi senidek emango dute. Jende gehiena ez da Zabalburuko plazan sartuko, baina antolatzaileek ibilbide osoan zehar jarriko dituzte ekitaldiari kasu egiteko bozgorailuak.

Iluntzean amaituko den eguna, halere, goizean hasiko da, antolatzaileen esanetan. 11:00etatik 15:00etara informazio eta elkargunea egongo da Areatzan jarriko duten karpan. Sarekide egiteko aukera eta sakabanaketaren liburuxkak jasotzekoa egongo da, besteak beste.

Zazpikaleetan eta Bilbo Zaharrean ere «aldarrikapena beste era batean girotzeko aukerarik» izango dela ziurtatu dute antolatzaileek. Festa giroa izango da Bilbon, baina aldarrikapen irmo batek ardaztua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.