EH Bildu-ERC akordioak «estatuaren inboluzioari» aurre egiteko asmoa du

Espainiako Gorteerako akordio estrategikoaren ildoak aurkeztu dituzte. Autodeterminazio eskubidearen defentsa izango da oinarrietako bat

Gabriel Rufian ERCkoa eta Mertxe Aizpurua eta Oskar Matute EH Bildukoak, atzo, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE.
Erredakzioa
Bilbo
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Lortutako akordioaren berri eman zuten lehenengo; gero, euren batzarretan berretsi zuten; eta, atzo, EH Bilduk eta ERCk elkarrekin aurkeztu zituzten akordio estrategiko horren ildo nagusiak. Bost dira oinarriak: autodeterminazio eskubidearen defentsa, «preso politikoen» askatasuna eta erbesteratuen itzulera, errepresioaren kontrako eta oinarrizko eskubideen aldeko borroka, eskubide ekonomiko eta sozialen defentsa «politika austerizida eta neoliberalei» aurre egiteko, eta pertsonak politika publikoen «erdian» jarriko dituen eredu sozial eta ekonomiko baten defentsa. Horien berri emateko, agerraldi bat egin zuten atzo, Bilbon. Bertan izan ziren EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu Mertxe Aizpurua, Bizkaiko Oscar Matute eta ERCko Gabriel Rufian.

«Une historikoaren garrantzia» nabarmendu dute EH Bilduko eta ERCko ordezkariek, eta Espainiako Estatuaren «inboluzio demokratiko eta sozialaz» ohartarazi. «Ez da erresistentzia hutserako garaia, erasoaldi demokratiko sinkronizatu bat artikulatzeko garaia baizik», nabarmendu dute EH Bilduk eta ERCk euren akordiorako agirian. Horregatik, «beste indar subiranista, demokratiko eta aurrerakoiekin» elkarlanean aritzeko bideak irekitzera konprometitu dira.

«Gure herriek 40 urte atzera egitea nahi dutenei» aurre egiteko «blokeak» sortu eta «akordioak» lortu behar direla nabarmendu du Mertxe Aizpuruak. Eta Oskar Matutek azpimarratu du EH Bilduk eta ERCk lortutako hori dela «estatuaren inboluzioari» aurre egiteko «modurik onena». Zerrendatu ditu inboluzio horren adierazleak: birzentralizazioa, eskubide sozialen eta lan eskubideen murrizketa, autogobernuari egindako mehatxuak, feminismoaren kontrako eraso zuzenak eta baita ekintza sindikalaren eta euskararen kontra eginak ere.

Gabriel Rufian ERCkoak, lortutako akordioa goresteaz gain, «unearen garrantzia» nabarmendu du: «Hauteskunde ziklo hau hautetsontziekin daukagun zita soil bat baino zerbait gehiago da; historiarekin dugun zita bat da, jokoan baitaude eskubide zibilak eta sozialak». Hori dela eta —«eta ez da eslogan politiko bat»—, Rufianek dio alderdiak eta siglak baino «gehiago» izateko garaia dela: «Hala sinesten dugu batzuk, piztiari begiak ikusi dizkiogulako Espainiako Kongresuan; botere politiko, mediatiko eta antzezpenez betetako gune horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.