Txinak aurpegia garbitu nahi du

Munduan gehien kutsatzen duen herrialdea da Txina, baina azken urteotan apustu argia egin du energia berriztagarrien alde, aldi berean hazkunde ekonomiko sendoari eutsiz. Dirutza jarri du horretarako, eta inbertsio izugarriak iragarri ditu datozen urteetarako ere.

Panda enpresaren Dantongeko plantaren panel fotovoltaikoak, airetik ikusita. HOW HWEE YOUNG / EFE.
Zigor Aldama.
Shanghai
2017ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Amets txinatarra. Duela bost urte goiburu hori aukeratu zuen Xi Jinpingek bere lehen agintaldia izango zena deskribatzeko. Lau zati omen zituen amets horrek: Txina indartsua—ekonomikoki, politikoki, militarki...—; Txina zibilizatua —berdintasunezkoa, kultura handikoa...—; Txina harmoniatsua —etnien klase sozialen arteko orekarekin—; eta Txina ederra—kutsadura txikiko eta ingurumen osasuntsuko herrialdea—.

Txina ederraren ametsaren iturburuan herrialdeak duela bost urte modu gordinean bizi zuen ingurumen hondamendia dago. Itzelezko abiaduran hazten ari zen Txina, eta kutsaduraren amesgaiztoa bete-betean nozitzen ari zen, bai herritarren osasunean, bai ur garbiaren gisako baliabideen galeran. Gizartean protestak areagotzen ari ziren, eta Alderdi Komunistak aitortu behar izan zuen arazo bat zegoela hor.

Orduan hasi zen kutsadurari aurre egiteko ahalegina Txinan.Eta oraindik ere ahalegin horretan ari dira, oraindik kutsadura maila ikusgarriak baitituzte Txinako lur, aire eta urek. Baina horretarako, azkenean, ondorio globalak dituen galdera bati erantzun behar dio Txinak: nola eutsi bere hazkunde ekonomiko sendoari eta, aldi berean, bere biztanleria gaixotzen ari diren atmosferaratze kutsagarriak murriztu?

Ikatz zentralak ixten ari da

Bi helburuak betetzeko aukera bakarra energia berriztagarriak izan daitezkeela dirudi, eta argi dago gobernu komunistak gero eta konpromiso handiagoa duela haiekin. Adibidez, urte hasieran bertan iragarri zuen Pekinek energia iturri garbietan 300.000 milioi euroko inbertsioak egingo dituela 2020. urtera bitartean. Kopuru horrek gainditu egiten du epe horretarako AEBek eta Europako Batasunak xede bererako dituzten inbertsioen batura. Are gehiago, epea 2025. urtera arte luzatuta, Txinaren inbertsio aurreikuspenaren hazkundea izugarria da, 2,5 bilioi eurora iristen baita.

Ez dira zenbaki hutsalak. Txinaren energia plan erraldoiaren lehen emaitzak jada antzematen dira: hasi da lehen ikatz zentralak ixten. Datozen hiru urteetan 85 ikatz zentral ixtea da asmoa —360 gigawatteko ekoizpena da, orotara—. Beste hainbeste energia planta hobetzeari eta modernizatzeari ekin dio, teknologia berrien bidez haien produktibitatea eta ingurumen eragina hobetzeko. Oraingoz, herrialdeko hiri nagusietako kutsadura apaltzen hastea lortu dute, nahiz oraindik sekulako kutsadura nozitzen jarraitu.

Planetako herrialde kutsatzaileena da dagoeneko Txina, baina Munduko Bankuak eta beste erakunde batzuek haren ibilbidea txalotzen dute. Izan ere, 1998tik 2010era bitartean, bere ekonomia hemezortzi aldiz handitu bazuen ere, epe horretan energia kontsumoa soilik bost aldiz handitu zuen Txinak. Horrek esan nahi du BPG unitate bakoitzeko energia intentsitatea %70 murriztu zuela. Horrelako zerbait lortzea urrun dute munduko beste potentzia handiek, AEBak tartean. Eta hori gutxi balitz bezala, Alderdi Komunistaren 13. Bosturteko Planak intentsitate hori beste %15 murrizteko helburua jarri zuen 2016-2020 aldirako. Joan den urtean, jada %5eko murrizketa lortu zuen. Estatuaren prentsak nabarmentzen duenez, helburuak uste baino lehen ari dira betetzen.

Bloomberg New Energy Finance (BNEF) agentziaren arabera, 2026. urterako Txinan ezarritako energia kapazitate instalatuaren erdia baino gehiago izango da zero igorpenekoa —nuklearra, biomasa, eguzki energia, eolikoa eta hidroelektrikoa—. Eta 2040. urterako, ehuneko hori %63ra iritsiko da, hots, oraingoaren bikoitza izatera. Horri eraginkortasun elektrikoaren hobekuntza gehituta, Txinak gai izan beharko luke munduko energia kontsumoaren %28 hartu —gaur egun baino bost puntu gehiago— eta aldi berean atmosferaratze kaltegarriak murrizteko.

«Azken hiru urteetan CO2 atmosferaratzeak egonkor mantendu dira maila globalean. Hori lortzeko arrazoi nagusia Txinaren urte hauetako jokabidea da. Energia berriztagarrien ekoizle eta kontsumitzaile handiena bihurtu da, eta 2015. eta 2016. urteetan ikatz kontsumoa apaldu du». Spencer Dale BP British Petroleumeko ekonomista buruaren adierazpenak dira, China Daily egunkariak plazaratutakoak. Ildo bereko hitzak dira Xie Jian JA Solar konpainiako presidentearenak: «Txinako Gobernua energia garbien garapena sustatzen ari da, eta merkatu horren potentziala itzelezkoa da».

Pekinek egiten dituen erreforma ekonomiko kamutsekin oso kritikoa izan ohi den Txinako Merkataritza Ganbera Europarrak berak ere aitortu du atzerriko enpresentzat energia berriena dela negozio onak egiteko gelditzen zaizkien eremu bakanetako bat. Hori bai, tokiko lehia gero eta handiagoa dela ere nabarmendu du. Horren erakusle haize erroten fabrikazioa: duela hamar urte, enpresa gutxi batzuk zeuden merkatu horretan lehian, guztiak Txinatik kanpokoak. Eta orain, bertako dozenaka enpresa ari dira sektore horretan jardunean, eta kontratu mordoa eskuratzen dituzte.

Asiako erraldoia liderra da eguzki energiaren alorrean ere, eta hori da, hain zuzen ere, munduan gehien hazten ari den energia berriztagarria. Txina panel fotovoltaikoen erabilera masiboa bultzatzen ari da bizileku guneetan. Gainera, programa berri bat du abian landa eremuetarako. Haren bidez, energia ekoizpenarekin aparteko diru sarrera batzuk izan ditzakete herritarrek. «Gehiengoak ez du teilatuetako eguzki panelekin sortzen duen energia guztia kontsumitzen, eta energia soberakin hori sarera saltzea sustatzen da», azaldu du Han Xiaoping China Energy Consultingeko komunikazio arduradunak. «Familia bakoitzak —laborariak gehienak— urtean 3.000-5.000 yuan irabaz ditzake horrela (390-640 euro)». Gutxi dela eman dezake, baina badaude nekazaritzatik kopuru hori lortzen ez dutenak.

Edonola ere, eguzki energiaren erabilera ez da horren gauza berria Txinan. Hamarkadak dira etxebizitzetako teilatuak metalezko tutuz osatutako panel bakunez beteta daudela. Eguzkiak haietan dagoen ura berotzen du, eta, horrela ,bizilagunek dirutza aurreztu dezakete argindarrean, udako hilabeteetan batez ere. Txina erdialdeko Changsha hiriko Han Zhongek honela azaldu du: «Urteak dira horiek ditugula, eta oso ondo dabiltza. Neguan ere, eguzkia egiten badu, ez dugu zertan galdara piztu. Zenbait eskualdetan, tokiko gobernuek diruz laguntzen dute panel horien erosketa eta instalazioa».

Geotermikoa ere bai

IEA Nazioarteko Energia Agentziak ere aitortu du gutxietsi egin duela eguzki energiaren baliagarritasuna eta pisua. Erakunde horren arabera, energia berriztagarri horrek goranzko joerari eutsiko dio gutxienez 2022. urtera arte, eta hori Txinak hartutako neurriei esker izango da. Asiako herrialde horretan daude munduko panel fotovoltaikoen ia erdiak. Paolo Frankl IEAko Energia Berriztagarrien arduradunaren ustez, «hemendik bost urtera energia berriztagarriak erregaifosilak baino merkeagoak izango dira».

Energia berri guztiekin dabil Txina denak emanda, baita horren arruntak ez direnekin ere. Energia geotermikoa da horietako bat. 70 milioi tona ikatzekin sortuko lukeen energiaren baliokidea energiageotermikoarekin ekoitzi nahi du 2020. urterako, eta energia horren %40 berogailuetarako erabiliko luke. Izan ere, berogailuetarako ikatz galdarak dira Txina iparraldeko hirietako kutsadura iturri nagusia.

Logikoki, energia berriztagarrien iraultzarekin ikatzarekiko menpekotasuna murrizten hasi da. Datu ofizialen arabera, urtarriletik ekainera bitartean,1.830 milioi tona ikatz kontsumitu zituen, 2016ko epe berean baino %0,6 gutxiago. Urteko lehen sei hilabeteetan ikatzetik sortu da Txinan kontsumitutako energia guztiaren %59,8. Herrialdeko agintariak ziur daude 2020. urterako ehuneko hori %58tik jaitsiko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.