Sexu heziketarako bide berriak

Iratxe Gil sexologoak 'Porno Eskola' izeneko gida didaktikoa jarri du martxan Interneten. Nerabeentzako egitasmo bat da: pornografiaren inguruan hausnartzea eta heziketa sexualerako tresna bihurtzea da helburua.

BERRIA.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Juantxo Arakamak, Glaukoma taldeko abeslariak, haien azken diskoko Gure kaiola abestian salatzen du pornografia izan dela euren heziketa sexuala. Musikariarekin bat dator Iratxe Gil sexologoa (Gasteiz, 1986): «Gurasoen eta eskolaren sexu heziketak gabeziak ditu, eta, hortaz, nerabeek pornografiara jotzen dute. Baina horrek sexuaren irudi okerra ematen die». Arriskutsua da, gazteek kontsumitzen duten pornografia ez baitago heziketarako pentsatua. Baina egoera irauli nahi du Gilek, Endika eta Jon nebekin batera, Porno Eskola egitasmoaren bidez: gida didaktiko bat prestatu dute Interneten (pornoeskola.com), sexu heziketa transmititzean pornografia «aliatu» bilakatzeko.

«Guk ez dugu pornografia egiten. Gurea gida didaktiko bat da, tresna psiko-sexual-pedagogiko erabilgarria sexuari buruzko galderak dauzkaten gazteentzat, informazioa non bilatu izan dezaten», azaldu du Gilek. Gidak lau unitate didaktiko ditu; hirutan, zalantzan jartzen dute pornografia komertziala sexu heziketarako eredu egokia den eta nolako iruditeria sortzen laguntzen duen, eta laugarrenean pornografia feministari erreparatzen diote. «Helburua, funtsean, bakarra da: kontsumitzen dugun pornografiaren inguruko hausnarketa bat eragitea, eta jabetzea pornografia konbentzionalak zein balio transmititzen dizkigun, horiek aldatzeko eta heziketa sexualerako tresna bilakatzeko».

Izan ere, nerabeak oraindik haur izanda hasten dira lehen eduki pornografikoak kontsumitzen: 9 urterekin. «Oso gazteak dira, eta pornografia konbentzionalak atzean zer duen konturatu gabe ikusten dute». Gilen hitzetan, pornografia hegemonikoa ez da pedagogikoki erabilgarria, besteak beste, matxista delako, koitoan zentratzen delako, eta ez duelako islatzen sexu harremanen eta gorputzen errealitatea. «Pornoak erakusten dituen ereduak, jarrerak eta balioak erabiltzen dituzte nerabeek beren fantasia sexualen iruditeria eraikitzeko. Horregatik, garrantzitsua da eratzen dituzten eskema horiek osasuntsuak izatea, gerora izango dituzten erlazioak errespetuan eta berdintasunean garatzeko». Izan ere, iruditeria horrekin lotuta dago, haren ustez, indarkeria matxista areagotzea, gazteen artean lautik batek normaltzat hartzea bortizkeria hori, nahi gabeko haurdunaldiak edo hies kasuak ugaritzea... «Kondoiarena oso adibide argia da: pornografia konbentzionalean ez dute ia inoiz erabiltzen, eta ez da ikusten nola negoziatzen den jartzea kasu erreal batean».

Pornografia konbentzionalak atzean zer duen jabetzeko, adibidez, pornografia feministari buruzko gidak bi jarduera ditu. Batetik, ikasleek emakumeen argazki erotikoak aztertzen dituzte, gorputzen irudikapenean arreta jarriz; eta, ondoren, andre horien lekuan gizonak jartzen dituzte, edo gizarteak ezarritako edertasun kanonak betetzen ez dituzten emakumeak. Eta, bestetik, talde txikietan banatuta, film pornografiko baten gidoia idatzi behar dute, jarraian jokabide matxistak identifikatu eta ikuspegi feminista batetik berridazteko. «Jarduera horien bidez, nerabeak eduki pornografikoek adierazten dutenaz jabetu nahi ditugu, eta, era berean, sexismoa salatu, genero rolak suntsitu, sexuaren ikuspegi feminista eskaini...».

Harrera ona

Gorputzari eta itxurari ere garrantzia ematen dio Porno Eskolak. «Pelikuletan ateratzen diren gizonen eta emakumeen gorputzak irrealak dira. Horrek eragina du elikadura portaeretan, nerabeak euren itxuragatik gehiegi arduratzea dakarrelako», salatu du Gilek. «Gaur egun, pornografian, ilea desagertu egin da, eta haren lekua silikonak eta gimnasioko gorputzek okupatu dute. Era berean, gizonezko aktore guztiek super zakilak dituzte, eta emakumezko aktoreek berdintsuak dituzte aluko ezpainak».

Porno Eskolaren egitasmoak harrera ona izan duela esan du Gilek. Uda baino lehen hasi ziren hura garatzen, eta urri bukaeran aurkeztu zuten jendaurrean. «Proiektua forma hartzen ari zen heinean, edukiak eboluzionatuz joan dira». Gazte sortzaileei Gasteizko Udalak ematen dizkien diru laguntzak lortu ditu gida didaktikoak, eta sexu heziketaren arloko lankideek ere begi onez ikusi dute. «Pornografia gai tabu bat da, eta batzuk urduri jartzen ditu horri buruz hitz egiteak. Baina ez dugu arazo berezirik izan. Pornografia erabiltzearen alde egon edo ez, ukaezina da nerabeek erabiltzen dutela; beraz, gaia landu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.