Zuzendaritzaren bide orria onartuta, EAk martxoan egingo du kongresua

Telematikoki egindako biltzarrean, parte hartzaileen %75ek babestu dute. Ildo kritikoak salatu du kide ugariri parte hartzea ukatu zaiela

Eba Blanco, abenduan, Gazte Abertzaleen XIV. Biltzarrean, Galdakaon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Herenegun, Eusko Alkartasunak nazio biltzar telematikoa egin zuen, eta, alderdiak bidalitako prentsa oharrean zehazten denez, hartan parte hartu zutenen %75ek baiezkoa eman zioten zuzendaritzaren proposamenari. Bilkura horretan, EAren kongresu prozesuaren bide orria zehaztu zen, eta kongresua martxoan egitea da asmoa. Uda amaituta, sei hilabete izango dute alderdian barne dokumentuak aztertu, zuzenketak aurkeztu, eta kongresuko kideak hautatzeko. Sektore kritikoak salatu zuen biltzar telematikoa «kaotikoa» izan zela, eta euren taldeko kide ugariri parte hartzea ukatu zitzaiela.

EAk nazio biltzarra telematikoki egin behar izan duen lehen aldia da; nazio biltzarra kongresu arteko epeanantolatu ohi den organo gorena da. Prentsa oharrean, alderdiko ildo ofizialak zehaztu zuen pandemiaren ondorioz egin behar izan zutela horrela. Alderdiaren esanetan, parte hartzea «oso handia» izan da, eta batzarkide guztien «berme guztiak bete ziren». Hartan, zuzendaritzak hurrengo kongresua prestatzeko bide orria proposatu zuen : parte hartzaileen %75ek onartu zuten kongresua martxoan egitea, beste %18 abstenitu egin ziren, eta boto bakar bat izan zen aurka.

Horrekin batera, nazio biltzar horrek baiezkoa eman zion ondoko hilabeteetako bidea antolatuko duen lantaldeari. Haren esku egongo da ponentzia politikoa eta estatutuen txostena lantzea.

Emaitzarekin pozik agertu zen Eba Blanco, haren zuzendaritzak aurkeztutako eztabaida esparrua onetsi delako: «Prozesu honetan, afiliatu guztiek bermatua izango dute parte hartzeko eta eztabaidatzeko eskubidea, gardentasun osoz. Hau da benetako eztabaida mahaia; organo honetan egin behar da negoziazioa, benetan hala nahi bada». Blancok berretsi zuen batzarrean parte hartu zutenek bilkura telematikoki egitea babestu zutela.

Sektore kritikoak guztiz bestela ikusi ditu biltzarra egiteko modua, hartan egungo norabide politikoari buruzko eztabaida ez egitea eta kongresua bera martxora atzeratzea. Herenegungo batzarrari dagokionez, sektore kritikoak dio zuzendaritzak ez ziela eman modurik afiliatu guztiei hartan parte hartzeko. Haien esanetan, estatutuek bilkura telematikoa egiteko aukera jaso arren, ez dago horren inguruko araudirik eta informatika arloko «baliabiderik eta ahalmenik ez dutenei» ez zaie utzi parte hartzen.

Kongresua, bi hilabetetan

Sektore kritikoak kongresua bi hilabeteren buruan egitea nahi zuen. Hala, talde horretako 600 kidek eskaera hori egin zuten. Estatutuen arabera, afiliazioaren laurdenak eskaera hori eginez gero kongresurako deialdiak «automatikoa» izan behar luke, baina sektore kritikoak salatu du nazio biltzarreko 76 botok eskakizun zabal hori oztopatu dutela.

EH Bilduk aurten hamar urte bete ditu, eta sektore kritikoak, koalizioaren aldeko apustua egin arren, parte hartze aktiboagoa aldarrikatzen du. Eba Blancok dio kongresuaren eztabaida esparruan zehaztuko dela hori. «Baliatu dezagun kongresu honek emango digun aukera positiboan lan egiteko, guztion artean eztabaidatzeko eta alderdia sendotu eta sendatzeko. Horrek EH Bildu hobetzen lagunduko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.