Hungariak betoa ezarri dio multinazionalentzako %15eko gutxieneko zergari

Ecofinek porrot egin du hirugarren aldiz, Europako Batasuneko herrialdeek aho batez onartu behar baitute OCDEren hitzarmena betetzea

Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroa eta Magdalena Rzeczkowska Poloniako ministroa, atzo. J. WARNAND / EFE.
joxerra senar
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Hirugarrenean ere ez. Aurten, Europako Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen kontseiluan (Ecofin) hiru aldiz eztabaidatu eta atzera bota da multinazionalei %15eko gutxieneko sozietate zerga ezartzea. Lehen ahaleginean, Suedia, Malta eta Polonia agertu ziren aurka, eta bigarrengoan, Poloniak ezezkoa berretsi zuen. Alta, Poloniak betoa kendu eta nazioarteko konpromiso hori EBra ekartzeko bidea libre zegoela zirudienean, Hungariak eman du ustekabea. Egun batzuk lehenago ohartarazi zuen kontra bozkatuko zuela eta, Ecofinen atzoko bileran, mehatxua bete zuen. Ondorioz, EBko herrialdeek ez dute lortu oraindik erabateko adostasunik.

Iaz, OCDE Ekonomia eta Lankidetza Garapenerako Erakundeak bultzaturik, munduko 136 herrialdek konpromisoa hartu zuten 750 milioi eurotik gora fakturatzen dituzten enpresei gutxienez %15eko tasa ezartzeko sozietate zergan. Konpromiso hori lege egiteko urrats garrantzitsua falta zaio EBri, zerga arloko neurriak aho batez onartu behar baitira.

Multinazionalen sozietate zergari %15eko gutxienekoa ezartzeaz gain, OCDEren akordioak bazuen beste ardatz bat: 20.000 milioi eurotik gorako salmentak izan eta %10etik gorako errentagarritasuna duten enpresek irabazitako diruaren %25 banatu beharko lukete lan egiten duten herrialdeetan. Helburua da batik bat erraldoi teknologikoen diru sarrera handiak modu bidezkoago batean banatu ahal izatea.

Nazioartean, konpromiso hori betearazteko lanak oso motel doazenez, orain gutxira arte Poloniak argudiatu du beste ardatz hori ere landu behar dela. Urteko lehen seihilekoan Frantziak du EBko lehendakaritza, eta, bere agintaldian akordioa lortu nahi duenez, Poloniarekin negoziatu du beto hori kendu zezan. Azkenik, EBk idatziz onartu du beste ardatza nazioartean garatzeko lan egingo duela, eta 2023 erdialderako nahikoa lantzen ez bada EBk bere kabuz egingo duela.

Akordioak eginda zirudienean, Hungariak jarrera aldatu du. Atzo, Mihaly Varga Finantza ministroak azaldu zuen ezin zuela babestu neurri hori Ukrainako gerrak eta inflazioaren gorakadak presio handia eragin diotelako ekonomiari. Gaineratu zuenez, enpresa teknologikoen irabaziak zergapetzeko lanketa teknikoa «atzeratuta» dago. Horregatik, Vargaren hitzetan, akordioa ez dago prest oraindik.

Frantziaren ikuspegia

Bi aste baino ez dira falta Txekiar Errepublikak EBren lehendakaritza har dezan, eta, ondorioz, ezezkoak zapuztu egin du azken hilabeteotan Frantziak akordioa lortzeko egindako ahalegina. Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroa, baina, «baikor» azaldu zen, eta, bilkura amaituta, aipatu zuen akordioa lortzeko ahaleginetan jarraituko duela egunotan. Ecofinen bileran, Le Mairek Hungariako ministroari aurpegiratu zion Ukrainako gerra hasi zenean gutxieneko sozietate zergaren alde azaldu zela, eta ordu hartan atzerapena ere ez zela arazo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.