Ustelkeria, ongizatea eta hilketa Maltan

Joan den urrian Daphne Caruana Galizia kazetaria hil zuten autoan bonba bat jarrita. Atentatuak eztabaida handia sortu du ustelkeriari buruz. Gobernuko kideei leporatzen zaie negozio ilunetan parte hartzea, baina herrialdea polarizatuta dago gobernu laboristaren aldekoen eta aurkakoen artean.

Daphne Caruana Galizia kazetariaren aldeko aldarea, Valletako San Joan katedralaren parean. RICARD GONZALEZ.
Ricard Gonzalez.
Valleta
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
San Joan katedraletik metro gutxira, turista familia bat estatua baten aurrean gelditu da; estatua kandelaz apaindua dago, bai eta zuri-beltzezko argazkiz ere, non begirada gardeneko emakume bat ageri den. Turistek nahasmen aurpegiz irakurri dituzte oroitarrian idatzitako mezuak. Logikoa da harrituta egotea. Kazetari deserosoen hilketak —Daphne Caruana Galizia maltarrarena, kasurako— Hirugarren Munduko diktaduretan gertatzen dira, edo narkotrafikoak hartutako herrialdeetan, eta ez mendebaldeko Europan. Joan den urrian, salbuespen mingarri bat gertatu zen Mediterraneoko irla txiki horretan. Ibilgailuaren azpian bonba bat jarri, eta bertan hil zuten Caruana Galizia, zeinak makina bat ustelkeria kasu garrantzitsu atera zuen jendartera.

Abenduan hasi zen hilketa horren hiru susmagarrien aurkako epaiketa. George eta Alfred DiGiorgio anaiak eta Vincent Muscat dira akusatuak, Maltako gaizkile munduko hiru jazarroi. FBIren kolaborazioari esker, lehergailua zartarazi zuen telefono mezua ere identifikatu zuten: rel1=on. Maltan, inork ez du zalantzarik haiek izan zirela atentatuaren egileak, baina inor gutxik uste du beren kabuz jardun zutela. Nork hil du Daphne? galdera, folio adinako letratan idatzia, indarrez aditzen da oraindik ere, zazpi hilabete pasatu diren arren Justizia jauregiaren aurrean kazetari ausart haren omenezko oroitarria jarri zutenetik.

Caruana Galiziak argitara ekarritako eskandaluen artean, besteak beste, salatu zuen Maltako lehen ministro Joseph Muscaten gertuko batzuek negozio iluneko enpresa sekretuak zeuzkatela Panaman. Besteak beste, haren emazte Michelle Tanti, haren kabineteburu Keith Schembri eta Turismo ministro Konrad Mizzi. Kapitalak zuritzen ibili zirelako frogak trinkoak diren arren, inork ez du kargua utzi, eta ez dituzte horretara behartu. Kasu horiek guztiak Panamako paperetan filtratutako informazioaren ondorio dira.

Berriemaile trebe haren etsaien zerrenda luzea ez zuen osatzen Alderdi Laboristaren egungo gobernuak bakarrik —2013tik dago boterean—, baino baita mafiak ere, kontrabandoan aritzen da-eta Libiatik legez kanpo erauzitako petrolioarekin. Maltako kostaldean «zuritzen» dute petrolioa, zenbait funtzionario publikorekin elkarlanean. «Maltan betidanik izan da ustelkeria, baina azken urteotan izugarri egin du gora... Gobernu hau oso pertsona ilunekin ibiltzen da», salatu du Mark Micallefek, Times of Malta-ko erredakzioburu ohiak. Caruana Galiziak frogatu zuen gobernuarekin lankidetzan aritzen ziren hainbat negoziolari eta aholkulari atzerritarri iruzur egitea egotzi zietela beren herrialdean; esate baterako, Shiv Nair enpresari ingeles-indiarra Munduko Bankuaren zerrenda beltz batean zegoen.

Gutxi gorabehera duela urtebete, eskandalu horietako asko jada ezagunak zirela, Muscatek bozak aurreratu zituen. Hala ere, ez zuten zigortu botoen bidez: herrialdearen historiako garaipenik zabalena lortu zuen —Maltak 1964an lortu zuen independentzia—. «Muscat da lehen ministrorik onena. Hari esker, ongizate handia lortu dugu», adierazi du Giuliak; adin ertaineko autobus gidari bat da, eta sekula ez da Valletako kaleetan ibiltzen Biblia bolantearen ondoan jarri gabe.

Ekonomiaren martxa ona da Muscaten argudiorik indartsuena; politikariak ideologia sozial-liberala du, Tony Blairren antzera. 2017an, Maltako BPGa ia %6 handitu zen, EBko gainerako herrialdeetako batezbestekoa halako bi baino gehiago, eta ez dago langabeziarik. Ogasun publikoaren superabitari esker, gastu soziala gehitzeko aukera izan du. Hein batean, datu horiek turismo sektorearen boomari zor zaizkio, horrek osatzen baitu BPGaren %25. Iaz, 2,2 milioi turistak bisitatu zuten Malta; aurreko urtean baino %15 gehiago dira horiek, eta 2014an baino %30 gehiago.

Baina Maltako «mirari ekonomikoak» beste jatorri batzuk ere baditu, eta zalantzazkoa da haietako batzuen moraltasuna. Esate baterako, Malta online apustuen sektorearen mundu osoko erdigune bilakatu da. Hango egunkari nagusiaren erdialdeko orrialdeetan irakur daiteke zenbat ordaintzen duten era guztietako kiroletako apustuak asmatzearen truke: hasi Esloveniako futbol ligan, eta buka Turkiako saskibaloi torneo batean, tartean NBA eta Txapeldunen Liga.

Paradisu fiskal ezkutua

Baliteke nazionalitatea eskuratzeko baldintza oso malguak ezartzen dituen legearen ondorioz are eta kanpo inbertsio gehiago iritsi izana Maltara: baldintza horietako nagusiaren arabera, nazionalitatea eskuratzeko nahikoa da gutxienez milioi bat inbertitzea uharteko negozioren batean. Horretaz baliatu dira jatorri iluneko dirutzen jabe ugari, Europako pasaporte batek dakartzan erraztasunen eta babesaren bila. Lege horren ondorioz, eta kanpoko konpainiek oso zerga gutxi ordaintzen dituztenez —etekinen %5—, paradisu fiskala izatea leporatu diote Maltari. Teknikoki ez da hala, finantzen arloko legedian ez baitago banku sekreturik, zeinak zerga iruzurgileak antzematea eragozten dien beste herrialdeetako agintariei. Baina Malta EB Europako Batasuneko dumping fiskalaren adibide peto-petoa dugu.

«Kezkatuta nago uharteko biztanleen gainbehera moralarekin... Maltarrak erakusten ari dira ongi toleratzen dutela ustelkeria», adierazi du Micallefek. Italiako hegoaldean ez bezala, ustelkeriak ez du produkzio sarea trabatzen eta pobretzen. Barneko baliabideak erauzi beharrean, kanpoko diruen gordeleku bilakatu da. Horrek guztiak onura ekartzen dionez 400.000 biztanlek baino gehixeagok osatzen duten gizarte honi, gehienek ez ikusiarena egiten diete ustelkeriaren eskandaluei.

Beharbada horregatik, Caruana Galizia ez da heroi bat bere herrialdean, zatiketa eragiten duen figura bat baizik. «Daphne hil zutenean, batzuek ospatu egin zuten. Lehendabizi, Whatsappeko mezu krudel batzuekin ospatu zuten, lagunartean. Biharamunean, batzuek Facebooken esaten zuten, jendaurrean», azaldu du Emanuel Delia aktibista eta blogari ezagunak. «[Caruanak] Oso mihi gaiztoa zeukan. Etsaien senideei ere eraso egiten zien, haiek hondoratzeko», bota du Mariok; militante laborista da, eta lagunekin elkartu da alderdiaren tabernan, gosaritarako. Hortzik gabeko adindu hori oraindik fidatzen da Muscaten eta haren ingurukoen zintzotasunarekin. Baita haren laguna ere, Vice, zeina petralduta sartu baita lokalean: «Doala pikutara artzapezpikua!».

Haien iritziek eta Joseph Minizzirenak ez datoz bat; Valleta erdiguneko San Paulo Naufragoaren elizako atezaina da. «Izugarria izan zen hilketa. Gobernu honekin, herrialdea ustelkeria itsaso batean hondoratzen ari da. [Caruana] Oso ausarta zen: guztia agerian utzi zuen, eta horregatik hil zuten», dio Minizzik; Alderdi Nazionalistaren aldekoa da. Alderdi horrek lotura estua du Elizarekin, zeinak oso eragin handia duen herrialde osoan, Malta oso katolikoa baita.

Neurri batean, kritikarik nekez onartzen duen maltarren klan mentalitatearen biktima da kazetari jakinguratsu horren irudia. Herrialdeak 316 kilometro koadroko eremua bakarrik izan arren, bitan zatitua dago gizartea. Herri guztietan daude bi musika talde eta bi kofradia katoliko, elkar gorroto dutenak. Jakina, giro politikoa eta mediatikoa ez dira salbuespena, herrialdea oso garrazki polarizatua baitago laboristen eta nazionalisten artean. Grina politikoak hain dira kartsuak, non Maltak errekorra baitu munduko demokrazien artean: hauteskundeetako parte hartzea %90etik gorakoa izan ohi da. Azken bozetan, ia Europa osoan apatia politikoa eta abstentzioa nagusi zirela, Maltako herritarren %94 joan ziren bozkatzera.

Epaiaren zain

Kazetariari buruzko epaia proba bat da uharteko instituzioentzat. Delia ezkor dago; duela gutxi, hacker batzuek eraso sofistikatu bat egin zioten haren blogari. «2013tik, gobernuak etekina atera die gure konstituzioaren ahuldadeei, gobernua bera kontrolatu behar zuten instituzio guztiak kontrolatzeko. Poliziako lau zuzendari kendu zituzten kargutik hiru urtean, erraz egokituko zen bat aurkitu arte... Zigorgabetasun giro bat sortu da», salatu du. Oraingoz, EBk zeharka baino ez dio begiratzen Maltari, badu-eta krisi larriagorik.

Aste honetan Europako Parlamentuak adierazpen bat egin du Caruana Galiziaren eta Jan Kuciak Eslovakian otsailean hil zuten kazetariaren kasuei buruz. «Kezka» agertu du hilketak argitzeko ez delako «behar besteko aurrerapenik egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.