Langabeen kopurua ez ezik, landunena ere jaitsi egin da urtearen hasieran

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan emakumeen %11,3 daude lanik gabe, eta gizonen %10,9. Industrian eta eraikuntzan ugarituz doaz landunak

jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Urtearen hasiera ez da espero modukoa izan lan merkatuan. Langabeziak apur bat behera egin duen arren, pandemiaren ondorioz, enplegua ez da espero bezainbeste suspertu. Zerbitzuen sektorea izan da kaltetuena, ostalaritza eta merkataritza bereziki, Eustatek ostiral honetan argitaratutako datuetan azpimarratu duenez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, langabezia tasa 0,3 puntu txikitu da lehen hiruhilekoan, aurreko urteko azkenarekin alderatuta, eta %11,1ekoa da gaur egun. Epe horretan 115.700 langabe egon dira; hau da, 3.900 gutxiago.



Lurraldeka, %1,4 egin du gora Araban, eta %11,8koa da, baina Bizkaian, %0,7 txikitu da (% 12,1), eta Gipuzkoan, %0,3 ( %9,2).

Langabezia 0,8 puntu jaitsi da gizonen artean, eta tasa %10,9an geratu da; emakumeen artean, ordea, %0,3 handitu da, eta %11,3koa da langabezia. Langabezian dagoen lau langiletik batek 16-24 urte ditu; adin tarte horretan handitu da gehien langabezia.

Ikasketa maila kontuan hartuz gero, bigarren hezkuntza eta erdi mailako hezkuntza duten pertsonen artean jaitsi da gehien langabezia (-%0,8). Lehen mailako ikasketak dituztenen artean ere behera egin du (-% 0,1), baina 0,1 puntu handitu da goi mailako prestakuntza dutenen artean.

Langile gutxiago

Langabeziak behera egin duen arren, biztanleria landuna ere %0,5 jaitsi da urte hasieran: 929.200 pertsona daude egoera horretan, aurreko hiruhilekoan baino 4.400 gutxiago. Gora egin du lanean ari direnen kopuruak industrian (+300) eta eraikuntzan (+2.300), bi sektore horietan ez dutelako eragin handirik mugikortasuna mugatzeko neurriek. Zerbitzuetan, ordea, bete-betean eragiten du murrizketek, eta 5.200 okupatu galdu ditu urtearen hasieran. Lehen sektoreak ere 1.900 landun gutxiago ditu.

Biztanleria landunaren eta langabeziaren bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa %56koa da (-0,3).

Era berean, 31.800 pertsona daude oraindik aldi baterako erregulazioan; horietatik 3.400 daude Araban, 16.200 Bizkaian, eta 12.100 Gipuzkoan. Iazko maiatzean egon ziren langile gehien egoera horretan: 161.445, hiru lurraldeetan. Ordutik txikituz joan da kopurua, baina mantso. Iazko urrian 48.820 zeuden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.