Palestina

Israelgo indarrek gutxienez hamar palestinar erail dituzte bi erasotan, tiroz

Jenin hirian eta Jerusalem ekialdean oldartu dira militarrak. Armadako buruak «terrorismoaren kontrako jarduerekin» jarraitzeko agindu du

Herritar batzuk gizon baten hilotza eramaten, atzo, Jeninen. ALAA BADARNEH / EFE.
Julen Otaegi Leonet - Mikel O. Iribar
2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Gutxienez hamar palestinar hil zituzten Israelgo militarrek atzo, Zisjordania iparraldeko Jenin hirian egindako sarekada batean eta Jerusalem ekialdean egindako erasoan. Palestinako Osasun Ministerioak iragarritakoaren arabera, beste hogei lagun inguru ere zauritu zituzten; horietatik lau, larri.

Israelgo armada Jeningo errefuxiatuen kanpalekuan sartu zen atzo goizean, «eraso terrorista bat eragozteko». Mai al-Kaila Palestinako Osasun ministroaren arabera, egoera «oso kritikoa» pairatzen ari dira. Azaldu zuen Israelgo militarrek «eragotzi» egin zietela anbulantziei Jeningo errefuxiatuen kanpamentuan sartzea. Era berean, salatu zuen hiriko ospitaleko pediatria sailean negar gasa bota zutela.

Arratsaldean, Israelgo indarrek 22 urteko palestinar bat erail zuten, tiroz, atzoko hamargarrena. Hala jakinarazi zuen Palestinako Osasun Ministerioak, WAFA berri agentziak jasotakoaren arabera.

Israelgo armadak, berriz, azaldu zuen «eraso terrorista bat eragozteko» egin zuela atzo goizeko «operazioa»; militarrek eta mugako poliziek parte hartu zuten. Hala, Herzi Halevi Israelgo armadako buruak militarrei «prestakuntza indartu» dezatela agindu zien, baita «terrorismoaren kontrako jarduerak» aurrera eramaten jarraitzeko ere.

Anas Huwaixeh izeneko Jeningo berriemaile batek Middle East Eye egunkariari azaldu zionez, «Palestinako gudularien eta Israelgo soldaduen arteko tiroketa bat» izan zen gertatutakoa. Gaineratu zuen ondoren Israelgo armadako indar gehiago sartu zirela kanpamentuan. «Dozenaka ibilgailu militar bildu dira kanpamentuaren inguruan», nabarmendu zuen. «Operazio» horretan, argindarra, Internet eta estaldura ere eten zieten errefuxiatuen kanpamentukoei, haren arabera.

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak hiru eguneko dolua ezarri zuen, atzo, bederatzi hilketengatik. PANeko bozeramaile Nail Abu Rudeinehk «sarraski» gisa definitu zituen hilketak, eta «nazioarteko isiltasunaren itzalean» gertatu zirela salatu. «Horrexek [isiltasunak] bultzatzen du gobernu okupatzailea gure herriaren aurka sarraskiak egitera, munduari begira», gehitu zuen Rudeinehk.

Berdintsu, Mohamad Xtayyeh Palestinako lehen ministroak Israelgo indarren «exekuzioak» salatu zituen, eta NBE Nazio Batuen Erakundeari galdegin zion Palestinako herritarrei babesa ematea, eta «lehenbailehen esku hartzea».

Palestinaren eskaera AEBei

Harekin bat egin zuen herrialdeko Atzerri ministro Riad Malkik. «Erasoaldi odoltsu eta barbaroei» erantzuteko eskatu zuen. «Nazioarteko komunitateak eta AEBetako administrazioak [...] noiz egingo dute lan beren printzipio eta jarrerei eusteko, eta geratzen zaien sinesgarritasuna iraunarazteko?», erantsi zuen Malkik. NBEk, berriz, gertatutakoa gaitzetsi zuen, eta adierazi «ezinbestekoa» dela «tentsioak ahal bezain azkar apaltzea», eta «bizitza galera gehiago ez izatea».

Urtea hasi zenetik, Israelgo militarrek ia 30 palestinar hil dituzte. Herenegun, Palestinako bi gazte hil zituzten, tiroz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.