Lehoinabarraren jenioa

Joseph Kabilak 2016tik aurrera agintean jarraitu nahi zuen, baina Kongoko Errepublika Demokratikoko Konstituzioa eta hauteskunde legeak aldatzeko saioa oker atera zaio. Kinshasako protestek atzera egitera behartu dute PPRD alderdia, eta hauteskundeen zelaia zabalago ageri da orain lehoinabarrentzat.

Kongoko Errepublika Demokratikoko lehoinabar txiki bat, etxeko atarian. OSKAR EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Kinshasa
2015eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Azken hamarkadetan Kongoko Errepublika Demokratikoak batasunari eta bakeari eustea lortu du, baina, bizi-baldintza zailen betikotzearen aurrean, sentibera baita, atzaparkadak emateko gaitasuna erakutsi du joan den urtarrileko protesta boladan. Joseph Kabila presidenteak konstituzioak ezarritako mandatu kopuruaren muga saihestu nahi zuen, agintean jarraitzeko, eta unibertsitateko ikasleek, asmo horren kontra, itxi egin zituzten Kinshasako egunerokotasunaren etorbide nagusiak, baita aireportua ere; sua, barrikadak eta polizien aurkako kale borrokak izan ziren. Nahasmenak hiru egun iraun zuen, Joseph Kabilaren koalizioak amore eman eta atzera egin zuen arte.

Parlamentuak aurrez onartua zuen lege egitasmoaren arabera, presidentetza hauteskundeak egin aurretik biztanle errolda berri bat osatu behar zatekeen. Botoen %97rekin onartu zuten testua legebiltzarrean, baina oposizioko alderdiek mobilizazioak iragarri zituzten, haserrearen bidez irauli bat eragiteko: Herriaren Jauregia okupatzea zuten helburu. Gobernuak itzali egin zituen Internet eta telefono bidezko SMS zerbitzuak, eta Poliziak balak ere erabili zituen manifestariei aurre egiteko.

Istiluen ondorioz, Senatuak lege egitasmoa emendatu zuen, erroldaren baldintza ezabatuz, eta gehiengoaren koalizioan agerian geratu ziren barne banaketak. Ondoren, berriro parlamentura igorri zuten testua, eta paragrafo eztabaidagarria kenduta onartu zuten legea, kaleko haserrea berpizteko mehatxua ekidin nahian.

Hauteskundeak 2016an egingo direla eta Joseph Kabila ezingo dela presidentegai izan bermatu ondoren, bakeari eustea lortu dute berriz Kongoko Errepublika Demokratikoan, baina irakiten dago oreka hori, gertatutakoa azaltzeko kontrako bi ikuspegiren artean.

Oraindik ere Interneterako sarbidea eta SMSen zerbitzua erdi moztuta daude. Lambert Mende Komunikazio ministroaren arabera, segurtasuna bermatzeko hartu dute neurri hori, arpilatzeak eta gogorkeria hutsa besterik ez baitute ikusi iragandako egunetan.

Hauteskundeen atarian

Istiluen aitzakia gaizki ezkutatuta, atxiloketa eta auzipetzeak ere izan dira. Christopher Ngoyi, protestetan parte hartu zuen giza eskubideen aldeko aktibista bat, atxilo hartu zuten, eta oraindik gordeta daukate estatuaren ziega batean. Familiak non dagoen badakiela esan du Lambert Mendek. Arpilatzeengatik eta arraza gorrotoa zabaltzeagatik atxilotu bide dute.

Kabila boteretik botatzeko borrokan, heroiak sortzen ari dira. Oposizioko alderdiburu bat, Vital Kamerhe parlamentuko presidente ohia, auzipetu egin du Justizia Auzitegi Gorenak, 2011ko hauteskundeen ondoren emaitzei buruz sortutako liskar baten sumarioa lurpetik aterata. Gero eta nabariagoa da Katangako gobernadore Moise Katumbi ere Kabilarengandik urrundu egin dela —hilabeteak daramatza Europan—, eta hauteskundeei begira dituen aukerak aztertzen ari da.

Kabila bera Malabon agertu da Afrikako futbol txapelketari darion opioaz profitatzeko, lehoinabarren animatzaile eta buru nagusia balitz bezala; baina ez du hitzik egin etxeko demokraziaren gudu zelaiaz. Hori ez da izan 2016tik aurrera boterean jarraitzeko egin duten lehenengo ahalegina. Hauteskunde legeen erreforma proposatu baino lehen, konstituzioa aldatzeko erreferenduma bultzatzen saiatu ziren Gehiengo Presidentzialaren ohiko bozeramaileak. Baina, urtarrilaz geroztik, argi eta garbi geratu da aukera handirik ez dutela hori lortzeko.

Europako eta Estatu Batuetako gobernuek ere kaleak bezain irmoki egin diete aurre konstituzioaren gainetik boterea atxikitzeko Kabilaren azpijokoei. Senatuaren bilkuraren bezperan Mendebaldeko enbaxadore eta diplomatiko talde bat Leon Kengo wa Dondo Senatuko presidentearekin bildu zen, lege egitasmoa atzera bota zezala eskatzeko.

Senatuko osoko bilkurak bozketa egin aurretik egun bateko atzerapena eskatu zuen horrek, emendakina prestatzeko, konstituzioak hauteskundeetarako ezartzen dituen epeak betiere errespetatuko direla ziurtatu nahian.

Oposizioa, ez hain batuta

Aurten udal eta probintzia hauteskundeak egin behar lirateke Kongoko Errepublika Demokratikoan, eta hurrengo urtean presidentetzakoak. Abee Malu Malu eztabaidatuaren agindupean dago CENI Hauteskundeen Batzorde Nazional Independentea, eta ez du oraindik hauteskundeen egutegia argitaratu. Hori da orain oposizioaren kezken ardatz nagusia, agintetik ezkutuko beste joko bat prestatzen ari ote diren susmoa baitute.

Oposizioko alderdiak bateratuta aritu dira abuztuaz geroztik, baina ez du ematen denen artean hautagai bat adosteko aurrerapausorik eman nahi dutenik. 2011ko hauteskundeak Etienne Tshisekedi UDPSko hautagaiak irabazi zituela esan ohi dute, Kabilaren eta hauteskunde batzordearen iruzurra nabarmentzeko, baina, 2016ko hauteskundeetara begira, beste alderdietako buruzagiek ere hautagai izan nahi lukete. Tshisekedi Bruselan dago muturreko zahartzaroko gaixoaldi sendagaitzak jota, eta ez du oinordeko argirik.

Jean-Pierre Bemba MLCko buruak Hagan jarraitzen du preso, zortzi urtez jada, baina haren egoitzako poster erraldoi batek erakusten duen bezala, erlojuari begira dago 2006ko hauteskundeetako aurkaria, Kinshasa eta Ekuadorko chairman amestua, 2016ko hauteskundeak baino lehen aske geratzeko itxaropenaz.

Bestetik, 2011n ere hautagai izandako Vital Kamerhe indarberrituta etorriko da, eta baita azken urteetan Kabilaren aurkako mobilizazioetan sortu diren izar berriak ere; Estatu Batuetatik etorri berria den Martin Fayulu, esate baterako.

Gainera, Kabilaren koalizioan sortu diren urraduretatik hautagai eta giltzadura berriak etorriko dira, botere aldaketaren mugak ezarriko diren unean.

Ekialdeko desarmatzea

Malabon lehoinabarrek Afrika Kopako finalerdia galdu zuten egun berean, Kongo ekialdean gertatutako sarraski baten berri labur-iluna zabaldu zen iragan astean. Hogei bat herritar hil dituzte Kivuko Ipar Handian, Beni inguruko Mayangoze-Kibidiwe herrian. Nork eta zergatik, inoiz ez da jakingo. Lotan zeudela harrapatu, eta, haur bat izan ezik, beste guztiak aihotzez moztu ostean ihes egin zuten.

Azpiegitura eta ekonomia garapenean bezala, ekialdeko bakearen alorrean hobekuntzak izan direla esan ohi dute Kongoko Errepublika Demokratikoko arduradun eta agintariek. Hala ere, Kongon Afrikako II. Mundu Gerra (1998-2003) bukatu zenez geroztik, talde armatu batzuk desegin eta beste batzuk sortu izan dira, eta aldiroko sarraskien oihartzunen zurrunbiloan, zainak irekita, herrialdeko aberastasunak kontrabandoz kanporatzen dituzte egundo.

Gerraren atzeko indar jokoa eraldatuz joan da. Ruandak babestutako Laurent Nkundaren CNDP armada puska M23 bihurtu zen behar izan zutenean, eta hori babesik gabe geratzeko, eraldaketa gehiago gertatu dira ondoren: etengabeko krisian, ekonomia eta politika eredua iraunarazteko fronte eta mehatxu berriak sortu dira.

Beni inguruan ADF taldearen aurka gailendu da armada, baina odol isuria etengabekoa izan da azken bi urteotan, eta Masisin eta Walikalen, orain, Ruandako errefuxiatuen FDLR taldearen aurkako operazio militarrak hasi dituzte, Ruandak eta Nazio Batuen Monusco misioak bultzatuta. Ez da beste gerrarik sortuko, Ruandako errefuxiatuak borrokari uko egiten saiatuko baitira, baina onura konkretu guztiak diskurtso militarrak adjudikatuko ditu lurraldean, eskubide demokratikoen eredua salbuetsiz eta gutxiengo batzuen mesederako.

Joseph Kabila ekialdeko bake orekaren egile eta elementu ukiezintzat aurkezten dute, haren aita Laurent Desire Kabila hil ondoren (2001) estatuburu izendatu zutenetik. Patrice Lumumbaz geroztiko lehen hauteskundeetan, gerrarekin nazkatuta, Kabilaren alde bozkatu zuen ekialdeko gehiengoak 2006an —Laurent Nkundaren CNDPk berak ere bai—, baina, gerraxka berriekin batera, barnealdeko estatu porrota eta bizi-baldintza latzak jasan behar izan dituzte. Eta, sakoneko bakea eta eskubide herritarrak eskatu dituztenean jaso duten zigorraren ondoren, iraungitako gobernadore probintzialen itxuretako diskurtsoari eta Monuscok duen jarrera zalantzakorrari begira, erabatekoa da nonbait Kabilaren aurka Kivun piztu den haserrea.

Batasunari eustea

Kongoren balkanizazioa aspaldidanik aipatzen da mehatxu bezala, batasunari eusteko kongoarrek duten grinaren isla. Lumumbak ekarritako batasunaren aurkako azken lorpena litzateke balkanizazioa, eta ez, ideia hori ez dute hil. Kabilak ere baliatu du behar izan duenean. Boterea hartu zuen garaiko kaosa bukatu duela eta berriro kaosean ez erortzeko ezinbesteko bihurtu dela nabarmentzen du haren inguruak.

PPRD alderdiaren mezuen arabera, oposizioko beste politikari guztiek ez dakite gobernuaren negozioa zertan datzan, eta hondatu egingo lukete bakea eta Kongoren batasuna, behar diren engaiamenduak betetzen ez jakiteagatik. Marketin hutsa; izan ere, benetan hobekuntzak izan al dira? Hildakoak gutxiago dira, gehiegikeriak isilagoak, bai, baina... Estatu porrotaren teoriaren laguntzaz sortzen diren indarkeriak ez ote dira gutxiengo batzuen mesederako, sistemaren berezko garapen naturala blokeatzeko asmatuak? Baliabide naturalen ustiaketan eta negozioan boterea dutenak ez lirateke azkenean berezko garapenaren blokeoaren onuradunak?

Afrikako mitologian lehoinabarrak ezkutuko gaitasun bat badauka, oso miretsia bihurtzen duena. Oihanean galduta zaudelarik lehoinabarra agertzen bazaizu, hurbildu gabe haren atzetik joan behar duzu, eta, horrela, oihanetik irten arte gidatuko zaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.