Raqqako emakume gerrillarien borroka

Estatu Islamikoak Sirian izandako hiriburua berriki askatu dute gerrillariek, eta lehen-lehen lerroan aritu dira borrokan, elkar hartuta, hainbat emakume kurdu, arabiar eta asiriar... BERRIAk haietako batzuekin hitz egin du Raqqan.

Raqqa askatu osteko poza. YPJko emakume gerrilariak kurduen dantza tradizionalarekin ospatu zuten hiriaren askapena. SARA DE CEANO- VIVAS NUÑEZ.
Sara de Ceano-Vivas Nuñez
Raqqa
2017ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Raqqa hiria, Estatu Islamikoak Sirian izandako hiriburua, guztiz askatu berri dute; urriaren 17a idatzita geratuko da historia liburuetan, eta iltzatuta herritarren memorian. Orain, urteetan bizi izandako borroka eta bonbardaketa latzen irudi da: hondakinak, suntsiketa... Estatu Islamikoak 2013ko udaberrian bereganatu zuen hiria, hainbat talde jihadistekin, eta 2014an izendatu zuten iparraldeko hiri hori kalifa herriaren hiriburu. Gerraren aurretik, 220.000 biztanle inguru bizi ziren hirian. Orain, berriz, milioi askoren inbertsioak beharko dira jendea berriz han bizi dadin; izan ere, guztiz txikituta dago.

Raqqako arabiarrak izan dira fronteko lehen lerroetan, emakumezkoak tartean. YPJ Emakumeen Babes Unitateak —YPG Herriaren Babes Unitateetan gizonezkoak aritzen dira— eta SDF Siriako Indar Demokratikoetako emakumeen fakzioa lehen-lehen lerroan aritu dira borrokan. Elkar hartuta, hainbat emakume arabiar, kurdu eta asiriarrek aurre egin diote munduko talde estremista erlijioso nagusiari. Haietako askok ez zuten erraza izan milizietan sartzea, familiak ez baitira beti egoten horrekin konforme. Hala gertatu zitzaion, esaterako, Azadiri; 2015ean hautatu zuen izen hori, etxetik alde egin eta YPJkoei batu baitzitzaien orduan. Kurdueraz, azadi hitzak askatasuna esan nahi du. «Familia ez zegoen ados; izutu egiten ninduten, milizia batean sar ez nendin». Derbiesiye hirian jaio zen, eta, 19 urte egin dituenerako, Raqqako operazioan parte hartu du, bere BKS metrailadorearekin borrokan. Halako batean, zauritu egin zuten, eta hilabete eman zuen Al-Hasakako ospitalean. Zauriak ondoriorik utzi ote dion galdetuta, honela erantzun du: «Ez dut zailtasunik. Beste emakumeekin nagoenean, ahaztu egiten zait mina». Aitortu du adiskideak hiltzea dela gerraren alderdirik gogorrena, eta gaineratu du: «Adiskide sehid [martiri] bat erortzen denean, horrek amorratu egiten gaitu, eta are gogorrago borrokatzen gara».

Zazpi hilabeteko borroka

Raqqako operazioak zazpi hilabete iraun du guztira. Lehenik, Siriako ordoki hedatuetako herriak askatu behar izan zituzten, banan-banan. Gero, maiatzaren hasieran, leku estrategiko bat hartu zuten: Tabqako urtegia. Eta, azkenean, hirira iritsi, eta 135 egun eman zituzten borrokan, bere lurraldean gerra prestatzeko denbora luzea izana zuen etsai baten kontra. Nisan izeneko borrokalari arabiar baten arabera, SDFkoak Raqqaren atarira iritsi zirenean, EIk giza ezkutu bat prestatua zuen, zibilekin: «Raqqako aldiriak gurutzatu genituenean, ikusi genuen Daexek hesi bat osatua zuela hiri barruan geratuak ziren zibilekin; horren ondorioz, gure indarrak hara iritsi zirenean, ezin izan zuten tiro egin». Erresuma Batuan badu egoitza Siriako Giza Eskubideen Behatokiak, eta, hark emandako datuen arabera, 3.250 hil dira Raqqako batailan, eta horietatik 1.330 zibilak ziren. Segur aski, koalizioaren bonbardaketen ondorioz hil dira.

Hiria labirinto bat da barrutik: tunel luze-luzeak zenbait metro sakonean, ospitaleak lurpean, eta ehunka mina ere bai, lekurik susmaezinenetan jarriak: fideo paketeen kaxa batean, adibidez. YPGko komandante batek honela esan zuen behin: «Raqqan 3.000 etsai dauzkagu: Daexeko 1.000 kide eta 2.000 mina».

Arjinek —borrokalari izena du hori— 17 urte ditu, eta hiru hilabete darama YPJn. Raqqakoa bertakoa da, eta ia lau urte eman ditu Daexen mende. Gogoan du nola ezin zen kalera atera, nola ezin zen eskolara joan. Estatu Islamikoak aita bahitu zion, eta hamar milioi lira siriar eskatu zizkion familiari hura askatzearen truke: 2.000 dolar inguru. Hortaz, aita gatibu egon zen, familiak dirua bildu ahal izan zuen arte. Arjinek gogoan du bere bizilagun guztiek bat egin zutela Estatu Islamikoarekin, errepresaliak eta krudelkeriak saihesteko asmoz, baina berak dio bere familiak ez zuela nahi izan: ez zuten parte izan nahi ankerkeria hartan. Horren ondorioz, ezin ziren etxetik irten, eta Arjinek berak uste du horrexegatik bahitu zietela aita ere. Auzokideek beti esaten zieten ezen, arabiarrak eta musulmanak izanik, Estatu Islamikoko kide bihurtu behar zutela.

SDFko borrokalari Nisanek ere parte hartu zuen Raqqako operazioan, eta esklabo emakumeen merkatuei buruzko istorioak ditu gogoan: «Daexen sistema zera zen, emakumeak erosi eta saltzea. Emakume merkatuak zeuden. Emakume yezidiak saltzen zituzten, baita kristauak ere. Bazar berezi bat zuten horretarako». Prezioa ez zen beti bera, baina 9.000 lira siriar inguru izaten ziren, hau da, ardi batek balio duena. «Ni emakumeen eskubideen alde borrokatzeko batu nintzen Raqqa askatzeko operaziora. Hemen ez zegoen eskubiderik emakumeentzat. Andreak esklaboak baizik ez ziren. Ezin zuten ezer esan; ez zuten hitzik. Emakumeen eskubideak babestera etorri naiz».

Askapen borroka

Azadi borrokalariari Raqqan geratzeko agindu diote, han zentro bat jartzeko, inguru horretako gazteak milizietan sar daitezen. Pasioz mintzo da YPJn duen bizimoduaz eta agindu dioten lanaz. «Emakumeek ikusten dutenean zer lan egiten dugun, zer bizimodu dugun, haiek ere nahi izaten dute izena eman». Azidik aitortu duenez, izena ematen duten neska asko familia barruko krudelkeriatik ihesi iristen dira haiengana, baina, beste batzuetan, familiek berek ekartzen dituzte alabak, YPJ zer den ikus dezaten eta kide egin daitezen.

Arjinek borroka egin nahi du emakume arabiarren eskubideen alde. Aitortu du gizarte arabiarra bidegabea dela emakumeekin. «Nire gizartean, emakumea esklabo da: ez du eskubiderik. Gizonek anker jokatzen dute haiekin. Gizonentzat, zapata batzuen parekoak dira andreak».

Arjinek nahi du emakume arabiar orok izena ematea YPJn, beren eskubideen alde borrokatzeko, YPJkoen filosofia ikasi eta pentsamolde patriarkala borrokatzeko: «Emakumeen askapenaren alde borrokatzeko, gure gizartea ezagutu behar dugu; gizonen pentsamoldea ezagutu behar dugu, Daexen pentsamoldea. Jakin behar dugu zergatik diren hain krudelak emakumeekin. Hori jakinez gero, aurre egin diezaiokegu, eta, hala, emakumeak askatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.