Euskal presoak. Sakabanaketa

Euskal presoak gerturatzeko eskaerak ezezkoak jasotzen hasi dira

Hogei bat presok jaso dute espetxeetako trataera batzordeen ezetza.Osasunez oso larri dauden lau presori dagozkien helegiteak aurkeztu dituzte abokatuek, eta gainontzekoak lantzen ari dira

Euskal presoak eta iheslariak euskal herriratzeko eskatzen duen pintaketa bat, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak Euskal Herrira ekarditzaten egiten ari diren eskaerek jaso dituzte lehen erantzunak: ez dituztela gerturatuko esan diete Espainiako kartzeletan dituzten hogei bat presori. Orain arteko espetxeetan mantenduko dituztela, orain arteko bizi-baldintzetan. Argia da preso horiei banaka bidalitako idazkietan eman dieten mezu orokorra: ez dezatela aldaketarik espero. Frantziako espetxeetan dituzten euskal presoen kasuan, isiltasunaren bidez jaso dute ezezkoa. Sakabanaketaren bideari eutsi diote, oro har. Hala ere, bada jarrera aldatzeko aukera egon daitekeen esperantza pizteko neurri bat: bi preso Euskal Herritik gertuen dagoen espetxera eraman dituzte.

Martxoan hasi ziren presoak banakako eskaerak egiten, multzoka, eta amaitzear dira aurkezpenak. Egun, azken txandakoak ari dira proposamenak nork bere espetxean aurkezten; espetxean bost urte baino gutxiago daramatenak. Ekainaren lehen hamabostaldian, azken txanda horrekin amaituko da eskaeren tartea.

Espainiaren mezu garbia

Espainiako espetxe arduradunek argi utzi dute jarrera. Ez dutela mugitzeko asmorik adierazi dute presoei emandako lehen erantzunetan. Presoek kartzela bakoitzean nork bere egoera azalduz aurkeztu dituzten proposamenen inguruan erantzun orokorrak jaso dituzte. Oinarri berberen gainean egindakoak dira guztiak: ez diote eskubideen arloari heldu, eta, inplizituki, preso jakin batzuei zigor berezia ezartzen zaiela aitortu dute. Hala jarraitzeko asmoa dutela, gainera: ETArekin zerikusia izatea egotzita zigortu dituztela ohartarazi dute Espainiako Espetxe Zaintzarako trataera batzordeek idazkietan; erakunde hori ez dela desegin eta presoek ez dutela harekiko jarrera hautsi.

Hori dela eta, ez dituztela espetxez aldatuko adierazi diete EPPK-ko kideei. Espetxe barruko egoera ere ez zaiela aldatuko, orain arteko gradu berean mantenduko dituztelako. EPPK-koei ezartzen dizkieten graduak dauden gogorrenak dira; preso arriskutsutzat jotzen dituzte, muturreko baldintzak ezartzeko.

Edozein arlotatik begiratuta ere, «onartezina» da erantzuna, abokatuen ustez. «Ikuspuntu juridikotik astakeria da, «legezkotasunetik eta presoen oinarrizko eskubideak arautzen dituzten nazioarteko arauetatik kanpo dauden arrazoiak erabiliz erantzun baitute». Eskubideak eskubide direla ohartarazi du Alfontso Zenon abokatuak; ezin direla baldintzatu; ezin direla zerbaiten truke eman edo kendu: «Oinarrizko eskubideen errespetuak ezin du desegite, barkamen edota bestelako kontuen arabera baldintzatuta egon». Legeei erreparatuta, beraz, «ezin» dela egiten ari dena egin salatu du; ez dagoela hala jokatzeko «lege edo zentzu oinarririk».

Hain zuzen, presoek Espainiako zein nazioarteko 11 lege, araudi eta gomendio aipatu dituzte kartzeletako trataera batzordeetan aurkeztu dituzten eskaeretan, sakabanaketaren bidez giza eskubideak urratzen ari direla eta ez direla legeak betetzen ari ohartarazteko. Espainiako Konstituzioa, Giza Eskubideen Babeserako Europako Ituna, Espetxe Araudietarako Europako Gomendioak, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, Nazio Batuen Erakundearen printzipioak eta Nazio Batuen Erakundeko hainbat begirale bereziren txostenak aipatu dituzte, besteak beste.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak iaz sakabanaketaren inguruan kaleratutako epai bat ere jaso dute presoek Zaballara edo Euskal Herritik gertuen dagoen espetxera ekartzeko eskatu duten idatzietan. «Intimitaterako eta familia bizitzarako eskubideak» errespeta daitezen, presoek euren ohiko bizilekutik gertuko espetxeetan egoteko eskubidea dutela dio epai horrek.

Eta betetzen dute Europako ia estatu guztietan. Hirutan ez beste guztietan. Espainiak, Frantziak eta Turkiak soilik erabiltzen dute presoen sakabanaketa.

«Ikuspegi humanitariotik, eskrupulurik ez duen estatu baten jarrera» ikusi dio abokatuak Espainiari, «presoekiko krudelkeria eta sufrimenduaren aldeko apustua berresten duelako».

Politikoki, berriz, «onartezina eta lotsagarria» iruditu zaio «bere burua demokratikotzat duen estatuak, sakabanaketaren bidez, presoen eta senide zein lagunen gaineko indarkeria mantentzea».

Hiltzeko arriskua ez da aski

Gaixotasun oso larriak dituzten presoek Zaballako kartzelan batu eta etxeratzeko bidea egitea proposatuz aurkeztu zituzten eskaerek ere ez dute erantzun baikorrik jaso. Ezezkoa hartu dutenen artean dira osasunez oso larri daudenak, horiek izan baitziren eskakizunak aurkezten lehenak. Horiei, gainontzeko presoen argudio berberekin Euskal Herriratzea ukatu diete. Ondoren, dituzten gaixotasunak ez direla zigorra beste modu batera betetzeko modukoak azaldu diete; ez direla nahikoa arrazoi muturreko espetxe araudia malgutzeko edota zigorra etxean betetzeko.

Eta batzuen kasuak muturrekoak dira; heriotz arriskua bera ere izan dezaketenak. Osasun egoerarik larrienetan dauden lau presoen aurkako erantzunei helegitea aurkeztu diete dagoeneko abokatuek, muturreko egoeran igarotzen duten une bakoitza atzera bueltarik ez duen bidean sakontzea baita. Txus Martin, Aitzol Gogorza eta Ibon Iparragirrek jasotako ezezkoen aurrean Zaintzako Espetxeko epaileari igorri diote helegitea. Ventura Tomeren kasuan, zigorra eteteko eskatu dute Auzitegi Nazionalean.

Frantzian, bi gerturatze

Frantzian dituzten euskal presoak apirilean hasi ziren Euskal Herritik gertuen dauden espetxeetara eramateko eskaerak egiten. Ez dute erantzun idatzirik jaso. Baina mugimendu batzuk egin dira azken hiru hilabeteetan, Maritxu Paulus abokatuak azaldu duenez. «Horietako bat positiboki baloratu dezakegu»: EPPK-ko bi preso Mont de Marsan kartzelara eraman dituzte; Euskal Herritik hurbilen dagoen espetxera. Hori pozteko modukoa dela dio, baina neurriaren tamaina ikustear dago. Izan ere, presondegi horretan EPPK-ko kide bakarra dago; bi eraman zituzten arren bat estraditatu egin zuten, eta aske utzi.

Frantziako kartzeletan dituzten gainontzeko euskal herritarrek izan dituzten leku aldaketek orain arteko bidea jarraitu dute: sakabanaketan sakontzekoa. Azken hilabeteetan destino presondegia izendatu dietenen kasuan ere, sakabanaketari eutsi diete, hurbiltzeko asmorik agertu gabe.

Hala ere, abokatuen hitzetan, zerbait erakutsi du EPPK-ko bi kideen gerturatzeak: «Nahi izan ezkero, praktikan, ez dagoela arazorik euskal presoak Euskal Herritik hurbileko kartzeletan izateko». Eta, hala egitea, «legea betetzea» besterik ez dela abisu eman du Paulusek.

Europara ere joateko prest

Abokatuak hasi dira helegiteak prestatzen. Oraingoz, osasun egoerarik larrienean dauden presoen egoerak luzatzea saihesten saiatu dira, helegite horiek aurkeztuta. Gainontzekoen ezezkoak ere errekurrituko dituzte, eta hori modurik egokienean nola landu aztertzen ari dira. Lehenik eta behin Zaintza Epaitegian aurkeztuko dituzte helegite guztiak, eta, aurrera begira, «behar den instantzia guztietara» jotzeko asmoa azaldu dute; baita Europako Giza Eskubideen Auzitegira ere. Halakorik behar ez izatea espero dute, hala ere, horrek ekarriko lukeen bakarra eskubide urratzeak urtetan luzatzea litzatekeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.