Katalunia

Berak eman nahi du botoa

Puigdemontek botoa delegatzeko aukera baztertu du oraingoz, eta adierazi du lanean ari dela inbestidura saiorako itzultzeko. Kartzelatutako Fornek diputatu izateri uko egin dio

Carles Puigdemont, atzo, Kopenhagen, Danimarkako Parlamentuko zenbait diputaturekin bildu eta gero egindako agerraldian. RICARDO RAMIREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Legeak hala aginduta beranduenez hilaren 31n, datorren asteazkenean, izan beharko duen arren,Kataluniako Parlamentuaren Mahaiak oraindik ere ez du zehaztu noiz egingo duten Generalitateko presidente berriaren inbestidura saioa. Roger Torrent parlamentuko presidenteak herenegun iragarri bezala, Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyak eta ERCk adostutakoa da hautagai bakarra, eta egun horretan legebiltzarrean egoteko eskaera egin zuen presidentegaiak, atzo. «Bertan egoteko helburuarekin ari naiz lanean», jakinarazi zuen Danimarkako Parlamentuan, hango bederatzi diputaturekin bildu ondoren egindako agerraldian. Itzuliz gero haren aurkako atxilotze agindua emanda dauka Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak, baina Puigdemontek «arriskurik gabe» bueltatzeko bermeak nahi ditu. Nahiz eta oraindik ere berriro eska dezakeen, presidente ohiaren botoa delegatzeko aukera bertan behera utzi du, oraingoz, JxCk. Puigdemontek bere kabuz, legebiltzarrera joanez, eman nahi du botoa inbestidura saioan.

Bestalde, JxCko kide batek, Joaquim Fornek, diputatu izateari uko egin dio. Matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra egotzita, espetxean dago joan den azaroaren 2az geroztik. JxCko iturriek diotenez, kartzelatik irtetea du asmo hartutako erabakiarekin.

Bien bitartean, Espainiako Gobernuari «elkarrizketarako eta negoziaziorako» hamaikagarren deia egin zion atzo Puigdemontek, eta uste du bere itzulerak hori ahalbidetuko lukeela. Madrilek, baina, ez du horretarako asmorik agertu. Eta balizko itzuleraren harira, Juan Ignacio Zoido Barne ministroak argi asko erakutsi zuen, atzo, zein jarrera duen gobernuak: «Lanean ari gara Puigdemont auto baten maletategian ere sar ez dadin». Kataluniarako sarreren zaintza areagotuko dute. «Landa bide asko daude, eta sar daiteke ontziz, helikopteroz, ultraarinez. Hori eragozteko ari gara lanean». Zoidok adierazi zuen «ziurta» dezakeela Puigdemontek «justiziari» aurre egin beharko diola.

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ere prentsaren aurrean hitz egin zuen atzo, baina ez zuen ezer aipatu Torrentek elkarrizketatzeko egindako proposamenaz. Hori bai, Puigdemonti ohartarazi zion «legea beste alternatibarik»ez dagoela

Joan den urrira arte Generalitateko presidentea zenak inoiz ez du esan inbestidura egunean Bartzelonan egoteari uko egiten dionik, baina bermeak nahi ditu horretarako. Joan den ostiralean bertan azpimarratu zuen ezin dela presidente izan kartzelan egonik. «Beharrezkoa den berrezarpen demokratikorako lehen pausoa litzateke arriskurik gabeko nire itzulera», nabarmendu zuen. Hori gauzatu ahal izateko «ekarpenik onena» litzateke, presidentegaiaren hitzetan, «beldurrik gabe eta atxilotua izan gabe» bueltatu ahal izatea. Madrili eskatu dio, bide batez, errespeta ditzala joan den abenduaren 21eko hauteskundeetako emaitzak.

Jakinarazitako asmoarekin lortu du, gutxienez, Espainiako Gobernuak inbestidurako oso bilkura Konstituzionalean ez inpugnatzea, oraingoz behintzat. Izan ere, unionistek egunero ohartarazten dute Puigdemont telematikoki edo botoaren delegazioaren bidez inbestitzen ahalegintzen badira helegitea jarriko dutela; are saioa blokeatuko dutela. PSCk atzo argitu zuen ez duela parte hartuko telematikoki egindako saio batean.

Parlamentuko Mahaia atzo zen deliberatzekoa ea uzten dien erbesteratutako diputatuei inbestidura saioko haien botoa beste diputaturen batengan delegatzen. Toni Comin, Meritxell Serret (ERC), Lluis Puig eta Clara Ponsati (JxC) parlamentariek egin dute eskaera. Zenbait komunikabidek parlamentuko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, parlamentuko presidentea bihar da biltzekoa talde parlamentario guztietako bozeramaileekin, eta, haiekin mintzatu eta gero, mahaiak erabakiko du bai noiz egin inbestidura saioa, bai nola; hau da, ea botoa delegatzen uzten duen. Torrent, bien bitartean, Puigdemontekin mintzatzekoa da, gaur, Bruselan.

Danimarkan bi egun igaro eta gero heldu zen Generalitateko presidentea izateko hautagai bakarra, atzo gauean, azken 80 egunetan Espainiako Estatutik aterpetu duen hirira. Eguerdian prentsaren aurrean egindako agerraldian, Espainiako Fiskaltza Nagusiak eskatu eta Llarena epaileak baztertutako atxilotzeko euroagindua ere izan zuen hizpide. Llarenaren autoaren arabera, Danimarkara joanda atzerrian atxilotua izatea «probokatzen» ari zen Puigdemont. 2016ko urtarril eta iazko urri artean Generalitateko presidentea izan zenari «eldarniozkoa» eta «harrigarria» iruditzen zaio Llarenak bere autoan argudiatutakoa.

CUPen zalantzak

Hura inbestitzea erabaki baino lehenago, CUPek jakin nahi du ea Puigdemontek ba ote duen errepublika gauzatzen jarraitzeko asmorik. «Ez dugu gobernu errepublikano baten eraketa frenatu nahi, baina ez dugu gobernu honek errepublika gauzatzeko intentzioa duelako frogarik», azpimarratu zuen atzo Natalia Sanchez antikapitalisten parlamentariak. JxCri eta ERC gobernu programari buruzko «xehetasunak» eskatuko dizkio Sanchezek. Espainiarekin adostutako erreferendum batek «konponbidea» izan daitekeela adierazi zuen Puigdemontek, herenegun, Kopenhagen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.