Abokatuen kontrako polizia operazioa

Defentsarako eskubidea (ere), urratuta

Eten egin dute atzo hastekoa zen 04/08 auziaren epaiketa, atxiloketak direla-eta 19 auzipetu defentsarik gabe geratu direlako.Euskal abokatuek auzitegietan egiten duten lana baldintzatu nahi dutela salatu du Gorizelaiak

04/08 sumarioko auzipetuak, pankarta bati heltzen, atzo, epaitegiaren aurrean. J. DANAE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Madril
2015eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Epaiketa hasteko ia ordubete falta zen, eta epaitegiko atarian jada dozena bat komunikabide zeuden. Albistea, baina, handik 500 kilometrora zegoen, Euskal Herrian. Parte bat; bestea, halakoetan ohi denez, Madrilen baitzegoen. Kezka eta harridura aurpegiekin azaldu ziren protagonista izatera deituta zeudenak. Iragarria zuten orduan eta, esan bezala, «epaiketa politikoen» aurkako pankarta laranja bat zabaldu zuten epaitegiaren aurrean, eta «euskal herritarren eskubideen kontrako hamaikagarren erasoa» salatu zuten, euren auziari erreferentzia eginez, baina baita ere une horretan Euskal Herrian egiten ari ziren operazioa gogoratuz.

Amesgaizto batean jarraituko balute bezala azaldu ziren 04/08 sumarion auzipetutakoak Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzara, Madrilen. Eta halako egoerak azaltzeko erabili ohi den adjektiboa erabili zuen Pernando Barrena auzipetuak. «Kafkarra». Atzo zen hastekoa haien aurkako epaiketa, baina ezin. 35 auzipetuetatik hemeretzi abokaturik gabe azaldu baitziren epaitegira. Eta ez haiek hala erabakita, auzitegi horretako Eloy Velasco epaileak aginduta baizik.

Epaiketa hasi baino pare bat ordu lehenago, Amaia Izko, Haizea Ziluaga eta Eukene Jauregi abokatuak atxilotu zituzten, Madrilen, hotelean. Auzitegira joan behar zuten, maiz egiten duten moduan, euren bezeroak defendatzera. Eta atxilotuak izan gabe epaitegian jaso zezaketen epailearen aurrean deklaratzeko agindua, legeak aukera hori jasotzen baitu, Jone Goirizelaia haien lankideak gogoratu zuenez. Baina Velascok nahiago izan zuen haiek ere atxilotzea, badaezpadako neurri gisa; erabaki horrek abokatu horien eta haien bezeroen oinarrizko eskubideetan eragin dezakeen kalteaz azalpenik eman gabe haiek atxilotzeko autoetan.

Aho batez

Ia zortzi urte igaro dira 04/08 sumarioan auzipetutako asko antzeko egoera batetik igaro zirela. Atxilotu egin zituzten haietako asko, badaezpada haiek ere. Eta batez beste bi urte inguru eman zituzten espetxean. Kalean dira egun, baina auzitegiak ezarritako baldintza zorrotzei aurre egin behar izan diete zazpi urteotan. Horrez gain, hiru urtez zenbait oinarrizko eskubide ezin baliaturik egon ziren: alderdi politiko bat sortzea edo bertan parte hartzea, hauteskundeetara aurkeztea, agerraldi publikoak egitea... Orain, haietako hemeretziren abokatuak atxilotuta, defentsarako eskubidea ere urratu zaie, edo, gutxienez, urratzeko arriskuan egon da, eta dago, Espainiako Auzitegi Nazionalean atzo gertatutakoak agerian utzi duen moduan.

Izan ere, atzoko saioa bertan behera utzi eta epaiketa eten egin behar izan zuten, atxilotutako abokatuekin zer gertatzen den argitu arte. Defentsako abokatuen parte hartzerik gabe, ezin zen hasi epaiketa, eta, beraz, ateak itxita hartu zuten erabakia. Bi orduz aritu ziren. Auzipetuen zerrenda banan-banan irakurri ostean, salan sartu ziren abokaturik ez zuten hemeretzi auzipetuak bakarrik. Egoeraren berri eman zien idazkari judizialak, eta auzia eteteko eskatu zuten haiek haren aurrean, aurretik, salatik kanpo, beste auzipetuen abokatuen gomendio eta azalpenak jaso ostean.

Hemeretzi auzipetuek euren konfiantzazko abokatuak, eta ez beste inork, defendatuta epaituak izan nahi dutela berretsi zuten, eta babesgabetasun juridikoa argudiatu zuten. Han zeuden beste abokatuek, berriz —tartean Iñigo Iruin eta Jone Goirizelaia—, ez zuten auzipetu horien defentsa euren gain hartu nahi izan. Aldeen oniritzia jaso zuen etete eskaerak: defentsarena, fiskaltzarena eta akusazioa ordezkatzen duten AVT eta Dignidad y Justicia elkarteetako abokatuena. Aho batez.

Auzitegi Nazionalak, berriz, ohar labur batean azaldu zuen, Velasco epaileak erabakitzen duenaren arabera, auzitegi horretako bigarren sekzioak —sekzio horretakoa da epamahaia— galdetuko diela aldeei epaiketari buruz. Epaiketa noiz hasiko den, beraz, airean jarraitzen du. Goirizelaiak ez du iragarpenik egin nahi izan, atxilotuen egoera juridikoa argitu arte. Auzipetuak atzo bertan itzuli ziren Euskal Herrira.

Komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan, atzoko gertakarien larritasun azpimarratu zuen. Salatu zuen atxiloketok testuinguru zehatz eta helburu argi batekin egin direla. Gogoratu zuen abokatu horietako batzuek euren lanarekin «kolokan» jarri dutela Espainiako Estatua, besteak beste, Parot doktina indargabetzea lortuta, eta azpimarratu zuen atzoko operazioarekin horri erantzun nahi izan zaiola eta auzitegietan dauden beste gai batzuk baldintzatu nahi direla. Gaur, esaterako, Frantzian preso eginiko urteak Espainiako zigorretatik kendu edo ez aztertzekoak dira Gorenean, eta hainbat kasu dituzte mahai gainean; horietako bat Izkok darama.

Atxilotuen egoerari buruz, berriz, Goirizelaiak berretsi zuen Madrilgo Tres Cantosko polizia etxean daudela, ez dietela inkomunikazioa ezarri, eta horren berri atxilotuek beraiek eman zietela. Zain daudela polizien aurrera deklaratzera noiz eramango dituzten, eta haiek han izango direla konfiantzazko abokatu gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.