Espetxealdiak batzeari buruzko erabakia atzeratu egin du Gorenak

Argudiatu du Pikabearen helegitea hobeto aztertu nahi duela eta aldeen iritziak entzun nahi dituela.Auzitegi Goreneko hamabost epaileak urtarrilaren 13an bilduko dira berriz

Sortuk deituta Donostiako Artzai Onean egindako elkarretaratzea. Pankartari eusten, besteak beste, Rufi Etxeberria eta Hasier Arraiz. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Euskal presoei Frantzian betetako espetxe urteak kontuan hartu eta Espainiaren kartzeletan bete beharrekoei kendu behar ote zaizkien ez du argi Espainiako Auzitegi Gorenak. Zigor Salako osoko bilkura osatzen duten hamabost epaileak bost orduz aritu ziren gaia aztertzen atzo, baina ez zuten erabakirik hartu. Atzeratu egin zuten ebazpena.

Berez, Kepa Pikabearen auzia da Gorenak espresuki ebatzi behar zuena. Baina erabaki horrek beste 50 bat euskal presori eragin ahal diela eta gaia zurrunbilo handia sortzen ari dela jakitun, deliberoa luzatzea erabaki zuen. Pikabeak jarritako helegitea hobeto aztertu nahi duela, aldeak entzun nahi dituela eta berriro urtarrilaren 13an bilduko dela jakinarazi zuen iluntzean Gorenak.

Aho batez hartutako erabakia izan da. Epaileek adierazi dutenez, auziko fiskalari eta Pikabeari berari galdetu nahi diote erabaki bat hartu aurretik. Haiekin egon gabe erabakiko balute «babesgabetasun» egoera bat sortuko litzatekeela diote.

Eguerdian hasi zuten bilera Zigor Salako hamabost epaileek, desadostasunak nagusi zirela. Europako Batzordeak 2008an onartutako zuzentaraua ezarrita euskal presoei ere espetxealdia murriztu behar zaiola uste dute epaile batzuek; Frantzian betetako espetxealdia aintzat hartu eta Espainiakoari kendu behar zaiola. Beste epaile batzuek, ezetz.

Pikabeari ezezkoa emana zion Auzitegi Nazionalak, eta helegitea aurkeztu zuen presoak. Argudiatu zuen Europaren mandatua ezartzeko eskaera egina zuela Espainiak agindua lege bihurtu aurretik. Beraz, zigorrak ez batzea lege kaltegarri bat atzerako eraginez ezartzea litzatekeela. Hori nazioarteko zuzenbidean oinarrizkoak diren arauen aurkakoa da. Horixe izan zen, hain zuzen, Estrasburgok Parot doktrina deitu zaion 197/2006 irizpidea atzera botatzeko arrazoia.

Edonola ere, atzoko saioa ez zen Pikabearen kasuari mugatzea espero. Izan ere, azken egunetan Auzitegi Nazionalak iritzi kontrajarriak eman ditu gai beraren inguruan, eta horrek ezinegona eta liskarra eragin ditu. Gorenak atzo hartu beharreko erabakiak irizpide orokorra ezarriko zuela espero zen.

Kontuan hartu behar da duela bi aste Auzitegi Nazionaleko Lehen Atalak Alberto Plazaola, Santiago Arrospide, Pakito Mujika eta Rafael Caride presoei Frantzian betetako espetxealdiak aintzat hartzeko agindu zuela. Plazaola eta Arrospide aske geratu ziren. Egun berean, ordea, Auzitegi Nazionaleko Bigarren Atalak atzera bota zuen Iñaki Bilbaoren eskaera, Frantziako espetxealdia ezin dela «automatikoki» aintzat hartu argudiatuta.

Kontua da zuzentaraua hurrengo egunean txertatu zela Espainiako legedian, baina euskal presoek onura horiek balia ez ditzaten PPk egindako moldaketekin. Epaile batzuek Espainiako 7/2014 lege hori ezarri nahi diete guztiei espetxealdia murriztea eragozteko, eta besteek diote legea ezin dela atzerako eraginez ezarri.

Urtarrilaren 13an jarraituko du eztabaida Goreneko batzarrak. Pikabeari buruzko erabakia hartu beharko du, eta ebatzi beharko du, halaber, gainontzeko kasuetarako irizpidea zehaztuko duen, eta hala egiten badu zein bidetan egingo duen.

Dozenaka mobilizazio

Gorenak euskal preso askori eragin ziezaiokeen erabakia hartu behar zuela eta, dozenaka mobilizazio egin ziren iluntzean, Sortuk antolatuta, Espetxe politikari stop! Presoak etxera lelopean. Espainiako Gobernua euskal presoen aurka hartzen ari den neurriek ez dutela legeekin zerikusirik ohartarazi zuen Pernando Barrenak Donostian egindako elkarretaratzean. «Legeak sortu ere egiten dituzte, atzera eragintasunez ezartzeko», esan zuen. 7/2014 Lege Organikoarekin, esaterako, euskal presoak delitu beragatik birritan zigortu nahi direla salatu zuen, eta hori nazioarteko araudien aurkakoa dela. Bide hori alboratu eta bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiteko deia egin zuen, beraz. Horretarako modurik onenetakoa espetxe politika aldatzea dela adierazi zuen. «Euskal herritarren etorkizunerako bake eta elkarbizitzak presoen eskubideak errespetatzea behar du, bake iraunkor batean ez dadin preso bakar bat ere egon arrazoi politikoengatik».

Goizean, espero zutenari buruz aritu ziren politikariak. Auzitegiak «presio politikoetatik» kanpo jardungo zuen esperantza azaldu du Eusko Jaurlaritzak. Josu Erkoreka bozeramailearen esanetan, Europako mandatuak espetxe politikari «aire aurrerakoia» ematea du helburu; bestelako espetxe politika baten bidez bergizarteratzea erraztea. Espainiako Gobernua, ordea, horren aurkako «erresistentzia aktiboa» egiten ari dela iruditzen zaio. Horregatik «baliogabetu» duela Europako agindua Espainiako Legean txertatzean. Horren aurrean, Gorenak Europako erabakia bete eta zigorrak batzearen alde egitea espero du.

Sortuk Europari bidali dio mezua: Espainiak euskal presoen inguruan duen jarrera ikusita, bete beharreko arauei buruzko mezu «argi eta zehatzagoak» igortzeko eskatu dio Asier Arraiz presidenteak. PPren gobernuari «giza eskubideen Europan sartzeko» esan dio. Izan ere, Arraizen hitzetan, «Espainiako Estatuak urteetan elikatu duen munstroaren ondorioz», orain ezinezko zaio zigorra bete duten presoek kalera atera behar dutela onartzea.

Beste zerbait nahi du PPk: «Ezarri diren zigorrak bete daitezela bidezidorrik bilatu gabe». Horrela eskatu du Arantza Quirogak ez daitezela presoen zigorrak batu. «Zuzenbide estatu batek biktimei justizia eman behar die, eta espero dut epaileek jakingo dutela euskal gizartearen eta Espainiakoaren gehiengoaren sentipena interpretatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.