Arrospide eta Plazaola askatzeko erabakia baliogabetu du Gorenak

Auzitegi Goreneko plenoak Pikabeari buruz urtarrilean hartu zuen bideari jarraituta, Frantzian betetako espetxe urteak Espainian bete beharrekoei ez kentzeko agindu du

Alberto Plazaola, senideek lagunduta, iazko abenduan A Coruñako Texeiro kartzelatik atera zen unean. ELISEO TRIGO / EFE.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Santiago Arrospidek eta Alberto Plazaolak Frantziako espetxeetan igaro dituzten urteak ez aintzat hartzeko agindu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Espainiaren kartzeletan igaro beharreko denbora zehazterakoan, ez kontuan hartzeko aurrez betea dutena. Zigorrak ez batzeko agindu du. Ez jokatzeko Europako Batzordearen 675/2008 zuzentarauak zehazten duen bezala. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Salak abenduan hartutako erabakia baliogabetu du horrela, eta bi presoak askatzeko hartu zuen erabakia bertan behera utzi behar duela esan du. Berriz espetxeratu behar direla. Plazaola kalean dago abendutik, baina Arrospide hilabetera espetxeratu zuten 80ko hamarkadan ETAren bi atentatutan parte hartzea egotzita.

Europa osoko justiziak batera jokatzeko hartutako neurria da 2008an Europako Batzordeak onartu zuen zuzentaraua. Zigorrak batu egin behar direla dio, eta, beraz, Europako edozein herritan zigortutako presoari, beste herri batean delitu beragatik betetako zigorra gutxitu behar zaiola. 2010eko abuzturako legean jasoa behar zuen araua iazko abenduan bihurtu zuen lege organiko Espainiak. PPk salbuespen batzuek txertatu zituen, gainera, euskal presoei espetxealdia murriztea saihesteko.

Horrek eragin zuen eztabaidaren erdian, Auzitegi Nazionala presoren eskaerak ebazten hasi zen; euren artean kontrajarriak ziren epaiak ematen. Zigorrak batzearen alde egin zuen batzuetan, kontra besteetan.

Plazaolaren eta Arrospideren kasuan, zigorrak batu eta espetxealdiak murriztu behar zirela esan zuen Auzitegi Nazionaleko Lehen salak. Espainiak 7/2014 Lege Organikoa indarrean sartu bezperan ebatzi zuen, eta, beraz, lege horren salbuespenak aintzat hartu gabe erabaki zuen presoen alde. Hala egin ezean, legea atzera eragintasunez ezartzea litzatekeela argudiatu zuen.

Bi presoek aurrez Frantzian beteta zituzten espetxealdiak kontuan hartuta, zegokiena baino kartzelaldi luzeagoa betea zutela eta biak askatzeko agindu zuen.

Auzitegiko sala bakoitza, ordea, modu batean jokatzen ari zen. Horren aurrean Auzitegi Goreneko plenoa bildu zen urtarrilean, eta, eztabaida sutsuaren ondoren, zigorrak ez batzeko agindu zuen, Kepa Pikabeari zegokion auzian. Liskarrak agerian geratu ziren orduan ere: 15 epailetik bederatziren oniritziarekin hartu zuten erabakia. Seik aurka bozkatu zuten, eta boto partikularrak egin zituzten Europako Giza Eskubideen Batzordeak erabakia atzera botako zuen usteaz ohartarazita.

Bozketa hartan espetxealdiak ez murrizteko ebazpena babestu zuten hiru epailek parte hartu dute atzoko erabakian: Andres Palomok, Francisco Monterdek eta Julian Sanchez Melgarrek. Zigorrak ez batzearen alde egin dute orain ere. Baita Carlos Granadosek ere. Orduan erabakiaren aurka egin zuen Joaquin Gimenezek kontra egin du orain ere, boto partikularra aurkeztuta. Berri agentziek zabaldu dutenez, Gorenaren epaia jasotzen duenean aginduko du Auzitegi Nazionalak Plazaola espetxeratzeko.

Presoen aurkako ebazpena gogor kritikatu dute Etxerat-ek, Sortuk eta Aralarrek. Erabakia giza eskubideen, Europako irizpideen eta legeen aurkakoa dela salatu dute eta Estrasburgok indargabetu egingo duela seguru agertu dira. Baina bitartean igaroko diren urteetan presoek kartzelan legez kanpo segituko dutela salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.