Eragile politiko eta sozialekin bilduko da Sortu, bere lan ildoak azaltzeko

EH Bilduko kide izateko eskatuko du alderdiak, eta independente gisa koalizioan ari direnak afiliatu ahal izango dira

Erredakzioa
Iruñea
2013ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Larunbatean eginiko eratze batzarraren ondoren, Sorturen Kontseilu Nazionala lehen aldiz bildu zen atzo, alderdiak Iruñean duen egoitzan. Bilera hasi aurretik eginiko prentsaurrekoan, Pernando Barrena bozeramaileak adierazi zuen alderdia «ehuneko ehunean» hasi dela lanean eta jakinarazi zuen aurrera eramango duen lehen ekinaldia izango dela eragile politiko eta sozialekin biltzea, haiei azaltzeko zeintzuk diren alderdi sortu berriaren lan ildoak eta iritziak trukatzeko. Bozeramaileak adierazi duenez, aste honetan bertan egingo dituzte biltzeko eskaerak.

Kazetarien galderei erantzunez, Barrenak azaldu du euren asmoa ez dela inor bazterrean uztea bilera sail horretatik, baina jakinarazi du PPri, UPNri eta UPDri ez dietela eskaerarik bidaliko. «Agerikoa da alderdi horiek jendaurrean esan dutela Sorturekin ez dutela inolako harremanik izan nahi, eta guk ez dugu egoera deserosorik sortu nahi. Beraz, gurekin harremana izateko arazorik ez duten erakunde politikoei egingo diegu eskaera», argitu du.

Era berean, Sorturen bozeramaileak jakinarazi du alderdiak «aurki» egingo duela EH Bilduko kide izateko eskaera. Koalizio horretan zein Amaiurren eta Bildunindependente gisa ari diren hautetsiek Sortuko kide izateko aukera izango dute, baina Barrenak zehaztu duenez, haiek dira «modu pertsonalean» erabaki behar dutenak alderdiko kide izan edo independente gisa jarraitu.

Eragileekin abiatuko duen bilera sorta bat dator aurrera begira alderdiak zehaztu duen estrategiarekin. Atzo Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Hasier Arraizek esan zuen ezker abertzalearen aldaketa estrategikoa burutzeko «bitartekoa» izango dela Sortu. Alderdiaren presidenteak nabarmendu du «hauteskundeetatik haratagoko» ekintza politikoa landuko dutela eta euren «aliatu nagusiak» izango direla herritarrak eta herri mugimenduak. Era berean, zehaztu du «burujabetzaren alde eta ezkerreko gunean kokatuta dauden eragileekin» lan egin nahi dutela, instituzioetan eta instituzioetatik kanpo. «Herri gisa zapaltzen gaituztenei aurre egiteko herri mugimendu bat sortzea nahi dugu, baita kapitalismoari aurre egiteko ere. Euskal Herria aitortzeko eta herritarren nahia errespetatzeko», azaldu du.

Erabakitzeko eskubideari dagokionez, esan du horren inguruan eztabaidatzeko «baldintzak» ematen direla Eusko Legebiltzarrean, baina adierazi du eskubide horren gauzatzea ez dela soilik Gasteizko legebiltzarrera mugatu behar. «Osotasunean hartu behar da aintzat; zatika, baina osotasuna onartuta».

Bestalde, beste alderdiekin harremanak «normalizatzea» espero duela adierazi du, besteak beste, Sorturen kongresuan egon ez ziren EAJrekin eta PSE-EErekin. «Harremanen normalizazioak behin betiko bakera lagundu behar du, eta Sortuk hori erraztu behar du», nabarmendu du Arraizek. Horren harira, adierazi du une honetan Sorturen «lehentasuna» izango dela euskal presoen egoerari erantzuna ematea, eta azpimarratu du euskal presoentzako «amnistia globala» espero dutela, «irtenbide global» gisa, baina, «ziurrenik, mailakatutako prozesu batean gauzatuko dena». Halaber, biktima guztien aitorpenean lan egiten jarraituko dutela berretsi du.

Barne Ministerioaren oharra

Espainiako Estatuko Segurtasun idazkari Francisco Martinezek adierazi duenez, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak «gertutik» jarraitzen ari dira alderdi berriaren mugimenduak, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, Sortu legeztatzea erabakiz zuenean, ezarri zituen «marra gorriak» gaindi ez ditzan. «Barne Ministeriotik egiten ari gara eta egingo dugu ahal dugun guztia Estatuko Segurtasun Indarrek zaindu ditzaten marra gorri horiek», adierazi du polizien buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.