Adi-adi: eltxoei aurrea hartzeko

Zika birusaren inguruan sortu den ezinegonak agerian utzi du infekzioak hedatzen dituzten intsektuak atzemateko kontrolen garrantzia.Tigre eltxoari begira ari dira, batez ere

Besteak beste, pneumatiko asko dauden tokietan edo ura pilatzen denetan bilatzen dituzte tigre eltxoak. BERRIA.
arantxa iraola
2016ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Lehengo astean heldu zen albistea: Espainiako Osasun Ministerioak Hego Euskal Herrian atzemandako lehen zika kasuaren berri eman zuen. Nafarroan agertu zela jakinarazi zuten, eta kanpoan kutsatutako pertsona bat zela, Euskal Herrira birusarekin ailegatutakoa, alegia. Erruz zabaltzen ari da gaixotasuna hilabeteotan —bereziki, Hego Amerikan—, eta espero izatekoa zen Euskal Herrian ere agertzea. Eltxoen ziztadaren bidez zabaltzen den birus bat denez, eltxo klase horiek kontrolatzeko Euskal Herrian martxan dauden neurriei erreparatzea ere garrantzitsua da orain. Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundean, esaterako, horretan ari dira. Aedes albopictus tigre eltxoari begira daude, bereziki. Lapurdin atzeman izan dute, Lapurdi eta Gipuzkoaren arteko mugan ere bai, eta erne ibili behar dela argi dute adituek. Izan ere, badu arriskua eltxoak. «Dengea, chikungunya eta zika hedatzeko bektorea izan daiteke», azaldu dute Neikerreko ikertzaile Jesus Barandikak eta Ana L. Garciak.

Beste eltxo espezie arriskutsuak agertzea ez dute ezinezkotzat, baina tigre eltxoaren inguruan dago egun kezkarik handiena. «Ezarrita» dago inguruko hainbat herrialdetan —Herrialde Katalanetan, esaterako—, eta arrisku handiena eltxo horrexetan ikusten dute. «Litekeena da horixe izatea gure inguru honetan geratuko dena», azaldu du Barandikak. Zikari dagokionez, eritasun hori gehienetan aedes aegypti eltxo klaseak hedatzen badu ere, tigre eltxoak ere zabal dezakeela ohartarazi du. «Zikaren bektore nagusia Aedes aegypti da, baina egon dira tigre eltxoak eragindako agerraldiak. Etxeen inguruetan izaten da sarriago aegypti, eta pertsonei zizta egitera jotzen du usuago; tigre eltxoek, berriz, pertsonak eta animaliak ziztatu ohi dituzte». Zikaren kasuan, andre haurdunei egiten dien kalteagatik da, bereziki, arriskutsua: gaixotasunaren ondorioz, umeak ohi baino burezur txikiagoekin jaiotzen dira, eta arazo neurologikoekin.

Abian dituzten kontrol sistemen bidez, aegypti eltxoak ere atzeman ditzaketela azaldu dute Neikerreko adituek. Oraingoz, ordea, gertuago dirudite tigre eltxoek. Hain justu, Behobian atzeman dituzte orain arte eltxoaren aztarnak —Lapurdi eta Gipuzkoa artean, Irunen—, eurek egiten dituzten kontroletan. «Modu bakanean egindako aurkikuntzak izan dira, eta urriak», esplikatu du Ana L.Garciak. Arrautzak atzeman dituzte. «Baina arrautzen kopuruari begira, ezin da askorik zehaztu eremu batean zenbat eltxo heldu dauden; izan ere, emeek hainbat tokitan ipintzen dituzte arrautzak. Nolanahi ere, orain arte egin diren atzemateak bakanak eta urriak izan direnez, ematen du eltxo heldu gutxi ibili direla». Badute beste zantzu bat uste horren alde: «Eltxo helduak atzemateko harrapagailuetan ez dugu alerik aurkitu».

Kasu autoktonoen kezka

Adi ibili behar da, ordea. Izan ere, eltxoak ibili izan dira Euskal Herrian, eta infektatutako norbait ziztatzen badute, gaitza zabaltzen has daitezke: eta gaitzaren agerraldi «autoktono» bat jazo daiteke. Alde horretatik, gaixoen gaineko kontrola ezinbestekoa dela ohartarazi dute Neikerreko ikertzaileek. «Birusa leku batean dagoenean, garrantzitsua da saihestea pertsona horiek izan ditzaketen ziztadak; era horretan eragotziko da gaixotasuna pertsona gehiagoren artean zabaltzea». Eta Europan jazoak dira orain arte bertakoentzat urruneko ziruditen gaixotasunen agerraldiak: Nimesen (Okzitania), esaterako, denge agerraldi autoktono bat gertatu zen iaz. Italian eta Kroazian ere izan dira gaitz tropikalen agerraldiak.

Neikerreko adituek harrapagailuak ipintzen dituzte eltxoen arrautzak atzemateko, eta, aztarnaren bat atzematen badute, neurriak hartzen dituzte horiek suntsitzeko. «Tratamendu batzuk egiten ditugu, egon daitezkeen eltxo helduak zein larbak ezeztatzeko», azaldu du Barandikak. Halaber, eltxo helduak atzemateko ere harrapagailuak jartzen dituzte. Esate baterako, pneumatiko asko dauden tokiei arretaz erreparatzen diete, bai baitakite horrelakoetan bidaia luzeak egin ditzaketela eltxoek: adituen arabera, tigre eltxoaren arrautza batek sei hilabete egin ditzake gurpil batean. Ura pilatzen den tokiei ere aparteko arretaz erreparatzen diete ikertzaileek; ura ezinbestekoa baitute eltxoek ugaltzeko.

Kezka globala da, eta beste hainbat kontrolklase ere egiten dira; portuetan eta aireportuetan, adibidez, neurriak hartzen dira espezie inbaditzaileak agertzen diren ikusteko, eta, deus apartekorik ikusten bada, fumigatzeko. Izan ere, adituek ongi dakite mehatxua kanpotik etorriko dela. Europako eltxo espezie autoktonoen artean eritasun horiek transmititzeko gai den bakar bat ez dagoela diote; horregatik, orain, kontrol neurrien garaia da. Aurrea hartzen ahalegintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.