Irizarren hurrena, kamioi elektrikoa

Adunako lantegian egingo du, autobus elektrikoentzat garatutako teknologia propioarekin. Autobus elektrikoen ekoizpena bikoiztuko du irailean, eta 50 langile hartu

Irizarren ie tram modelokoautobusak, Adunako lantegian JON URBE / FOKU.
Iker Aranburu.
Aduna
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Teknologia bakar bat, bi produktutarako. Hori egingo du Irizarrek, autobus elektrikoak egiteko garatutako teknologia erabiliko baitu kamioi elektrikoak ere egiteko. Hirietan zerbitzuak emateko kamioiak izango dira, Irizar ie truck izenekoak. Zortzi metro luze izango dira, eta hemezortzi tona inguruko gaitasuna izango dute, zaborra biltzeko eta antzeko zereginetarako egokiak. Bi kamioi prestatzen ari dira hurrengo hilabeteetan probatu, homologazioa lortu, eta datorren urtearen hasieran merkaturatzeko.

Irizarren E-mobility adarrak Adunan atzo inauguratutako lantegian egingo dituzte ie truck kamioiak. Fabrikak dituen 18.000 metro koadroetatik 3.000 gordeko dituzte kamioi elektrikoak egiteko. Etorkizun handia iragarri dio Irizarrek ibilgailu industrial elektrikoen sektoreari. «Hazkunde esponentziala izango du», azaldu zuen Hector Olabe, E-mobilityko zuzendariak. Hilabete batzuk barru egin nahi dute aurkezpen ofiziala, ahal dela, lehen eskaerekin batera.

Irizar ie truck-ek autobusetan baliatzen duten motor elektriko berdina izango du, eta ioi litiozko bateriak. Lanegun luzeetarako egokia izan dadin, GNK gasa ere erabili ahal izango du. Oso isila denez, gauez lan egiteko oso egokia dela nabarmendu zuen Olabek.

Kamioiaren beste ezaugarribat da kabinara igotzeko ahalegin handirik ez dutela egin beharko gidariek eta beste langileek, hiriko autobusek duten altuera izango baitu lehen mailak.

Lantegi modernoa

Kamioi elektrikoa da Gipuzkoako enpresaren berritasun nagusia, baina autobusak dira Irizarren iragana, oraina, baita etorkizuna ere. Ormaiztegiko egoitza ohiko autobusetarako utzi du, diesel motorra dutenentzat, hiri arteko bidaietarako egokiak. Eta Adunako fabrika berrian, berriz, autobus elektrikoak egingo ditu, hiri barruko bidaietarako. «Europako lehenengo elektromugikortasun lantegia da», taldeak azpimarratu duenez. Lehenengoa kontinentean, eta moderno askoa. «Energia eraginkortasunean A ziurtagiria lortu du, Europan aitortzen den gorena».

Irizarrek autobus elektrikoen alde egindako apustuaren fruitua da Adunako lantegia. 2011. urtean hartu zuen Ormaiztegiko kooperatibak arlo horretan inbertitzeko erabakia, eta dirutzarekin eutsi dio: 2020ra bitartean 75 milioi inbertituko ditu autobus elektriko oso bat eskaini ahal izateko. «Dena gurea da», zehaztu zuen Jose Manuel Orcasitas Irizarreko zuzendariak: motorrak, bateriak, energia biltegiratzeko sistemak, ibilgailuak kargatzeko azpiegiturak... «Zerbitzu osoa emateko onena da guk geuk dena egitea, hornitzaileen menpe egon gabe».

Irailean, egunero bat

Duela urtebete hasi zuten ekoizpena Adunako lantegian, eta erritmoa bizkortzen aritu dira orduz gero. Hiru egunetik behin ibilgailu bat egiten zuten hasieran, eta azken hilabeteetan bi egunean bat egin dute Adunako150 langileek. Udako oporretatik itzultzean, irailean, egunean autobus bat egitera igaro nahi du Irizarrek. Horretarako, beste 50 langile hartuko dituzte, eta urtea 200ekin bukatzea espero dute.Urte gutxi barru, autobus elektrikoen eskaera igo ahala, 500era ere iritsi nahi dute. Kooperatiba izanik, enplegua sortzeari eta bere sorlekuan egiteari garrantzi handia ematen diotela nabarmendu zuen Orcasitasek.

Lehen autobus elektrikoa, Irizar i2e modelokoa, Ormaiztegin egin zuten, eta 2014n entregatu zioten Donostibusi. Urte hartanbertan, beste bi hirik ere jaso zituzten Irizarren ibilgailu elektrikoak. Orduz geroztik, kontratu mardulak lortu ditu, besteak beste, Euskal Elkargoarekin Baiona-Angelu-Miarritzerako hemezortzi autobus hornitzeko. Bilbon eta Iruñean ere badabiltza Irizarren ibilgailu elektrikoak.

Espainia, Frantzia eta Erresuma Batua ditu orain beren merkatu nagusiak, eta Alemania, Italia eta Beneluxeko hiru herrialdeak dituzte jomugan. Duela gutxi aurkitu dute autobus elektrikoakSuedian nork banatu.

Autobus elektrikoena bizkor haziko den sektorea dela uste du Irizarrek, gero eta hiri gehiagok mugak jartzen ari direlako diesel motorrak dituzten ibilgailuei.

Berez, Irizar ez da autobus elektrikoen aldeko apustua egin duen euskal enpresa bakarra. CAF ere sartu da alor horretan, Vectia markarekin, trenak egiteko teknologia baliatuta.

Bi modelo eta haien aldaera desberdinak egingo dituzte Adunako plantan. Batetik, Irizar ie bus izeneko modeloa dago, hiriko ohiko autobus itxura duena. Hamabi metro luze da, eta haietako ehunen bat dabiltza dagoeneko Europako hirietan. Beste bi bertsio gehitu dizkio orain Ormaiztegiko taldeak: 10,8 metrokoa, eta hemezortzi metroko autobus artikulatua.

Beste modeloa ie tram izenekoa da, tranbia baten estetika duen autobusa. «Tranbia baten gaitasun handia du, eta sartzeko eta irteteko erraztasuna, baina hiriko autobus baten malgutasuna».

129 urteko historia

Irizar 1889an sortu zuen Jose Antonio Irizarrek. Hasieran, zalgurdientzako burdinezko zatiak egiten zituen, baina aurki hasi zen gurdigintzan. Zaldiek konbustio motorrei lekua utzi ahala aldatu zuen Irizarrek ere, eta 1929an egin zuen bere lehen autobuserako karrozeria. 1963. urtean egin zen kooperatiba, 60 bazkiderekin. 2009an, krisi bete-betean, erabaki estrategiko bat hartu zuen: karrozeriak soilik egin beharrean, autobus osoak ere egiten hasi zen. Gaur egun, Ormaiztegitik ateratzen diren hiru autobusetik bat osorik han egindakoa da, DAFen motorrekin, betiere.

«Autobusen Audi» bat egitea zen Irizarren asmoa. «Premium produktua da gurea. Merkatu txikiagoa da, baina interesgarriena, hemendik egin nahi dugulako lan», azaldu zuen Orcasitasek. Autobus pertsonalizatuak eskaintzen saiatzen da. «Bezeroek dakite zer nahi duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.