Txikitzeari utzi ezinik, Koalizio Handiari bai

SPDko militanteek erabaki dute alderdiaren historiako emaitzarik kaskarrena eragin zuen gobernua errepikatzea. Bozak errepikatu balira, aurreikuspena are ilunagoa izango zen sozialdemokratentzat

Willy Brandten eskultura begira zutela, SPDko Dietmar Nietan eta Olaf Scholzek iragarri zuten militanteen erabakia, igandean Berlinen. FELIPE TRUEBA / EFE.
Danel Agirre.
Berlin
2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
SPDk igandean jakinarazi zuen, Berlinen duen egoitzan —Willy-Brandt-Haus delakoan—, Europa osoak hiru astez itxaron behar izan duen erabakia. Alemaniako sozialdemokraziaren mitoak, brontzezko estatua forma hartuta, gertutik jarraitu zuen agerraldia. Baita ehunka militantek ere, hall-eko barandetara bilduta. Eraikinean ez zen txalo bat bera ere entzun Dietmar Nietan SPDko diruzainak iragarri zuenean alderdiaren oinarriek Koalizio Handia berrestea deliberatu zutela. Willy Brandten erreakzioa nolakoa izango litzakeen asmatzea politika fikzioa da. Egungo jarraitzaile sozialdemokratak aiene batean bizi dira, ordea, eta ia inork nahi ez zuen eta testuinguruak ia saihetsezin bilakatu duen urrats moduan bizi izan zuten gehienek herenegun gertatua.

Militanteen %78k erantzun diote SPDko zuzendaritzak mahaigaineratutako galderari.Haietatik %66k onetsi dute Koalizio Handia errepikatzea CDU/CSUko demokristauekin: guztira, aldeko 238.604 boz. Ia urte erdiko geldialdi urduriaren ondoren, Alemaniak gobernu berria izango du Aste Santurako.

Alemanian baiezkoak inor gutxi harritu badu ere, SPDko hainbat buruzagik onartu zuten ezzutela aldeko hain ehuneko zabalik espero. Buruzagi sozialdemokraten interpretazio ofizialen arabera, demokristauekin gobernu ituna adosteko negoziazioetan irmo aritu zirelako lortu duten horren babes zabala. Alderdiak trofeo moduan erakutsi ahal izan du Finantza Ministerioa, esaterako.

Baina askoz irakurketa errealistago baten arabera, militanteek beste hauteskunde batzuei zioten beldurrak suspertu du baiezkoa. Joan den asteko inkesten arabera, sozialdemokratak hirugarren indar izatera igarotzeko arriskuan leudeke, Alemaniarentzat Alternatiba (AfD) eskuin muturreko indarraren gibeletik. SPDk botoen %20,5 eskuratu zuen iraileko hauteskundeetan: haien historiako zenbatekorik kaskarrena, alde handiz. Ordutik, babesa galtzen jarraitu du, demoskopia etxeei kasu eginez gero. Galdeketa horien arabera, herritarrek inola ere ez zuten beste hauteskunderik nahi, eta, botoei dagokienez, sozialdemokratek ordaindu beharko lukete beste deialdi baten faktura ia osorik. Hamarkadetan Europako entitate politikorik sendoena izan denaren militanteek denbora apur bat erosi behar izan dute, SPDren existentzia krisiari aurre egiten saiatzeko.

Nolanahi ere, zuzendaritza lasaituta zegoen Willy-Brandt-Hauseko iragarpenaren harira. Sozialdemokraten talde parlamentarioko buru Andrea Nahlesek uste sendoa azaldu zuen egin duen barne prozesuak epe luzera alderdia sendotuko duela: «Azken asteotako eztabaidak batu egin gaitu. Orain, denbora dugu etorkizuneko SPD elkarrekin eraikitzeko». Martin Schulzen dimisioaren harira, biltzarra deitu dute datorren hilerako, haren ordezkoa aukeratzeko. Azken legealdian lan ministro izan zen Nahles, eta bera da oraingoz hautagai bakarra. Ikusteko dago aurkaririk izango ote duen, nahiz eta ildo ofizialetik aldenduko den presidentegaiak behar direla aldarrikatu duten hainbat barrutitan.

Merkel, bi egunetan prest

SPDko gazterien idazkariak, Kevin Kuehnertek, barruti horiek guztiak bisitatzen eman ditu azken bi hilabeteak, Koalizio Handiaren aurkako #NoGroKo! kanpainaren buru informal moduan. Komunikabideek galtzaile aurkeztu zuten igandean, eta Kuehnertek berak ez zuen atsekabea ezkutatu, Willy-Brandt-Hausan bertan: «Emaitza etsipenez hartu dugu. Gobernua estu hartuko dugu, eta alderdia berritzeko ahaleginari eutsiko diogu». Alderdiko buruzagiren batek Kuehnert zeharka astintzeko aukera baliatu zuen, SPDko militantzia gaztediak uste baino pragmatikoagoa dela iritzita.

Atzo, Angela Merkelek pragmatismo horixe eskertu nahi izan zien militante sozialdemokratei. Gobernua osatzeak luzeegi eman duela deitoratu, eta Koalizio Handia «pare bat egunean alemaniarrentzat lanean» jarriko dela hitzeman zuen. «Indar osoz» sentitzen da Merkel; 16 urte beteko ditu kantziler gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.