Fenomenoa hedatzen

Muturreko talde armatu islamista sunitak hedatzen ari dira Saharaz hegoaldera. Mali, Nigeria eta Somalia gerran daude halakoekin, eta herrialde gehiagok jasan dituzte erasoak.

mikel rodriguez
2016ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Mali, Nigeria eta Somalia. Saharatik hegoaldera muturreko talde islamista sunitekin gerra betean dauden hiru herrialde. Al-Qaedaren, Estatu Islamikoaren eta antzeko joera fundamentalisten hiru ezpata punta duela ez anitz arte halako izaeradun gatazkak arrotz zitzaizkion eremuan. Jatorri ezberdinetatik sortu ziren gerra horiek, baina hirurek ondorio nagusi bertsu bat utzi dute: estatuak ahuldu egin dituzte talde horien aitzinean, eta inguruko herrialdeetara ere hedatu dituzte erasoak eta gatazken ondorioak. Eta muturreko islamismoa hedatzearekin batera, AEBek eta Frantziak handitu egin dute esku hartze militarra. Gerra horiek urte batzuk bete dituzte jada, baina fenomenoa oraindik hedatzeko fasean dagoela ikusten dute nazioarteko eragile gehienek. Horren adibidetzat, Boli Kostan joan den hilean Al-Qaedak egindako erasoa, Saheldik urruti, Urrezko kostan.

Saharaz hegoaldera 250 milioi afrikar inguru dira musulmanak. Sahelen eta Saheldik gertuen dauden herrialdeetan daude gehienak, eta ekialdean Somaliatik Mozambikeraino hedatzen dira. Erlijio horrek erro sakona du eremu osoan, europarren arpilatzeak eta kolonizazioak hasi aitzinetik Saharaz iparralderako munduarekin zuen lotura estuena baitzen, merkataritzarekin batera. Saharaz hegoalderako musulman gehienak sunitak dira, nahiz eta islamaren praktika modu anitzean egin den. Sinesmen tradizionalei eragin handia egotzi zaie, eta baita sufismoari, islama modu espiritual eta indibidualagoan praktikatzeko joerari. Bizi eredu laikoa izan da nagusi.

Dena den, Gerra Hotzetik gaurdaino Sahararen iparraldetik ailegatu den fenomeno bat hedatzen ari da. «Gaur egun Afrikako gizartean hedatzen ari den islama, islam aktibo berria da, ez islam lokartua, sufismoa, soilik bizitza pribatukoa. Politikara, ekonomiara, kulturara, hezkuntzara hedatzen ari da. Bizitza publikora hedatzen ari da», adierazi zion Hassan al-Turabik The Wall Street Journal-i joan den otsailean, zendu baino hilabete lehenago. Al-Turabi Saharaz hegoaldeko herrialdeetan ideologo islamista garrantzitsuenetako bat izan zen. NIF Fronte Islamiko Nazionala sortu zuen, eta 1989an laguntza erabakigarria eman zion Omar al-Baxirri estatu kolpea emateko. Al-Turabik helburu nagusia lortu zuen: Sudanek xaria lege islamikoa oinarritzat hartzea. Sudan muturreko talde islamista sunitentzat erreferentziazko gune bihurtu zen, eta hainbat bertan ezarri ziren; tartean, Osama bin Laden eta Al-Qaeda. HorrekAEBen jomugan paratu zuen Sudan. 1998an, Al-Qaedak bonba autoak zartarazi zituen Nairobin eta Dar es Salaamen AEBek zeuzkaten enbaxadetan —224 lagun hil zituen—. AEBek, berriz, farmazia lantegi bat bonbardatu zuten Sudanen. Egungo egoeraren aurrekaria izan zen.

Esku hartzeak gerretan

Hedatzea, berriz, gaur egungo hiru foku nagusiek ekarri dute. Lehenik, Somaliak. 1991n Mohammed Siad Barre sobietarren aliatu ohia boteretik kendu zutenean, zatitua gelditu zen Somalia. Kaos horretan sortu zen joan den hamarkadan Al-Shabab, urtetik urtera indartzen joan den taldea. AEBek sustatuta Kenya gerran sartu zen 2012an, eta ordutik Al-Shababen eraso bortitzak jasan ditu. Nigerian, Boko Haram matxinatu zen, 2009an. Frantziak eta AEBek bitartekaritza ahalegin nekaezina egin zuten Nigeriaren ondoko herrialdeek gerran sartzeko aliantza bat egin zezaten. Malin, berriz, 2012an Azawadeko gatazka nazionalari zukua atera zioten Sahelgo kontrol gabezian indartutako talde fundamentalistek, eta Frantziak militarrak bidali zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.