Kataluniako hauteskundeak

«Generalitatera itzuliko naiz presidente hautatzen banaute»

Puigdemontek nabarmendu du Junts Per Catalunyak «egitateen errepublikarako» bidea ibili asmo duela. Bozetan kataluniarrek erabakitakoa errespetatzeko eskatu dio Madrili

Carles Puigdemont, pasa den igandean, Junts Per Catalunyak antolatutako ekitaldi batean bideokonferentziaz parte hartzen. TONI ALBIR / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Espainiara itzuliz gero, Carles Puigdemont atxilotu egingo dute. Hori ondoriozta daiteke Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak joan den astean kaleratutako ebazpena kontuan hartuta. Baina datorren osteguneko hauteskundeetako emaitzen arabera, «arrisku hori» hartzeko prest dago Kataluniako presidentea. «Generalitatera itzuliko naiz presidente hautatzen banaute», nabarmendu zuen, atzo, bideo konferentziaz, ACN Kataluniako Albiste Agentziak antolatutako prentsaurreko batean. Eta subiranismoak parlamentuan gehiengoa lortzen badu, argi dauka JPC Junts Per Catalunyaren hautagaitzak zer proposatuko duen ondoren: «izendatutako» errepublikatik «egitateen errepublikarako» bidea egitea. Horretarako, gehiegi zehaztu ez zuen arren, Generalitatearen eskumenak indartzea du asmo.

Eta hori lortzeko, Espainiako Gobernuarekin negoziatu nahi du. «Gure sendotasunak ez gaitzala elkarrizketaren metodologiatik desbideratu», azpimarratu zuen. Haren asmoa ez da, ordea, «estatutu berri bat edo konstituzioaren erreforma» negoziatzea. Madrilek, dena den, ez du Espainiako marko konstituzionalaz haragoko agertokirik aurreikusten.

Bozen agertokian elementu ezinbestekoak dira 155. artikuluaren aplikazioa, gobernu legitimoaren erbesteratzea, eta horietako kide batzuen kartzelatzea. Hori guztia kontuan hartuta, subiranistek hauteskundeak irabaziz gero emaitzak errespetatu ditzala eskatu dio Puigdemontek Espainiako Gobernuari. «Zerk edukiko du pisu handiagoa: botoek edo 155aren eskuburdinek?», galdetu zuen, atzo.

JPCren zerrendako ordezkariak pentsatzen hasi dira bozak irabaz ditzaketela. Duela hiruzpalau asteko inkestek baino boto askoz ere gehiago ematen dizkiete azken egunetakoek. Zenbait komunikabidek hautagaitzako iturriak aipatuz diotenaren arabera, gainera, JPCren barruan pentsatzen dute Ciutadans lehen indarra bada horren erantzulea ERC izango dela, subiranisten hautagaitza bateratuari muzin egin ziolako, hain zuzen.

Puigdemontek atzo esandakoagatik, ERC eta JPC bat datoz hilaren 21aren ondoren jarraitu beharreko bide orriari dagokionean. Hala ere, bai kanpaina egunetan eta baita lehenago ere izan dira tira-bira batzuk alderdi bateko zein besteko ordezkarien artean. ERCkoen ustez, zerrenda bozkatuena haiena bada Oriol Junqueras aukeratu beharko lukete presidente. JPCkoentzat, aldiz, gobernu legitimoa 155.aren aplikazioaren aurrekoa da, eta subiranismoak gehiengoa lortuz gero horrek berak jarraitu beharko luke boterean, Puigdemont buru duela. Hala baieztatu zuen atzo presidenteak, eta adierazi bi alderdien asmoa dela «legez kanpo kargugabetutako gobernuari eustea».

Alderdi bakoitza bere programa propioarekin aurkeztuko da bozetara, baina duela hiruzpalau aste bederatzi puntu adostu zituzten bien artean —ez zuten CUPen babesa lortu—. Puntuetako batek dio «herri akordio handi bat» bideratu beharko litzatekeela hilaren 21etik aurrera, prozesu eratzaile moduko bat alegia, baina «autodeterminazio eskubidea» hauspotuko lukeena, errepublika indarrean jartzea beharrean. Aldebakartasuna mugatzen dute, beraz, adostutako puntuek. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak esan zuen igandean, baina, aldebakarreko bidea ez dutela baztertzen, «Espainiako Gobernuak negoziatzeari muzin egiten badio». Junquerasek kartzelatik dio, aldiz, elkarrizketa bultzatu behar dela, eta Puigdemontek hori berretsi zuen, atzo: «Independentista gehienok negoziazioaren eta elkarrizketaren aldekoak gara». Anbiguotasunez jokatzen ari dira bi alderdiak. Izan ere, negoziazioak bultzatzen dituzte, aldebakarreko bideari ateak guztiz itxi gabe.

Ez da EBkoekin egon

Bi alderdiei iruditzen zaie EB Europako Batasunak balizko negoziazioetan parte hartu beharko lukeela. Oraingoz, baina, Madrilen erabaki oro babestu du EBk. JPCkoek pentsatzen dute ezin dela baztertu EBk negoziazio mahai hori behartzea. Gainera, haien irudiko, Madrilek ezingo luke hauteskunde batzuk irabazi berri dituen presidente bat kartzelatu. Dena dela, Espainiako Estatuaren jarrera guztiz kontrakoa izan da, Kataluniako Gobernuaren erdia eta Jordi Sanchez zein Jordi Cuixart ANC Biltzar Nazional Katalaneko eta Omnium Culturaleko presidenteak espetxeratu baititu azken bi hilabeteetan. Puigdemontek, berriz, aitortu zuen, atzo, ez duela hitz egin ez EBko ordezkariekin, ez eta haien inguruko kide «ez ofizialekin» ere.

Hauteskundeak irabaziz gero, Bruselatik itzuliko litzateke hara joan eta ia bi hilabetera. Hala esan zuen atzo. Politikari subiranista batek Kataluniako komunikabide bati kontatutakoaren arabera, baina, «bermeak» behar dira itzulera hori baieztatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.