Torrak Sanchezi ohartarazi dio ez dezala exijitu «amore emateko»

Kataluniako presidentearentzat, «jendearen borondatea» errespetatzeak izan beharko luke negoziazioen abiapuntua. Bilera sorta bat hastekoa da Kataluniako alderdiekin

Pere Aragones Generalitateko presidenteordea (ERC) eta Quim Torra presidentea (JxC), atzo Kataluniako Parlamentuan egindako saioan. ANDREU DALMAU / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Duela hiru aste pasa Generalitateko presidente izendatu zutenetik, Quim Torra hitz egiteko eskatzen ari zaio behin eta berriro Espainiako Gobernuko presidenteari: hasieran Mariano Rajoyri, eta azken egunotan Pedro Sanchezi. PSOEkoa Moncloara heldu denetik, eskakizun horiek areagotu egin dira. Larunbatean, «arriskatzeko» proposamena egin zion, «gobernutik gobernura» negoziatzekoa; astelehenean, aldiz, «presazko» bilera batera deitu zezala eskatu zion, eta zehatz zezala Kataluniarentzako zer proiektu duen. Atzo, Kataluniako presidenteak Espainiakoari ohartarazi zion «amore emateko» ez exijitzeak izan beharko lukeela elkarrizketa horien abiapuntu.

Torrak Kataluniako Parlamentuan egindako osoko bilkuran egin zituen adierazpen horiek. Atzokoa izan zen Madrilek 155. artikulua kendu duenetik egindako lehendabiziko saioa, eta gobernu berriko kontseilariak aurrenekoz eseri ziren parlamentuan haiei dagozkien eserlekuetan.

Joan den abenduaren 21ean, Espainiako Gobernuak inposatuta Katalunian egin ziren hauteskundeetako emaitzak aintzat hartuz, «jendearen borondatea» errespetatzeak izan beharko luke negoziazioen abiaburua, Torraren esanetan. Generalitateko presidenteak errepikatu zuen urriaren 1eko erreferendumaren «aginduaren arabera» jokatuko duela legegintzaldian.

PSOEk orain arte esan du Kataluniako subiranistak «zubiak eraikitzera» gonbidatuko dituela, eta elkarrizketa horiek Espainiako «legearen barruan» bideratuko dituztela. Horrek talka egiten du, hain zuzen, Torrak agerraldi publikoetan zabaltzen dituen mezuekin, adibidez atzo esandakoekin. Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak atzo gogorarazi zion zein den negoziaziorako ezinbesteko baldintza: «Legezkotasuna errespetatzea». Torrari adierazi zion gauzak «beste modu batean» egiteko aukera dutela orain.

Espainiako Gobernuarekin ez ezik, Kataluniako Parlamentuan ordezkatuta dauden indar politikoekin ere hitz egin nahi du Generalitateko presidenteak, eta atzo iragarri zuen bilera sorta bat hasiko duela haiekin. Ostiralean, hasteko, Ines Arrimadasekin biltzekoa da, baina Ciutadansekoak baldintza bat jarri dio enkontrua gauzatu ahal izateko: joan den larunbatean Generalitateko jauregiaren fatxadan jarritako xingola horia kentzea.

CUPen kritikak

CUPeko parlamentariekin ere bilduko da Torra, eta atzo ere antikapitalistek gogor kritikatu zuten Kataluniako presidentea. Gogoan hartu behar da antikapitalisten lau abstentzioei esker inbestitu ahal izan zutela presidente. Natalia Sanchez CUPeko diputatuak nabarmendu zuenez, Kataluniako gobernu berria «autonomista eta neoliberala» da. Era berean, ERC Esquerra Republicana eta JXC Junts Per Catalunyari leporatu zien «aspalditik herria saltzen ari diren politikako profesionalak» aukeratu izana gobernu berrirako. «Subiranotasunak auzitegien menpe jarraitzen du». Torrak erantzun zion «atsekabetu» egiten dela hori adituta: «Ez da gobernu autonomista bat».

Aurreko gobernuaren legitimitatea onartuz, Torrak legegintzaldi honetarako dituen helburuen berri eman zuen. Hasteko, batzorde batek 155.a aplikatu izanak zer kalte eragin duen neurtuko du; gainera, 155.ak desegindako parlamentuak onartu eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako hamasei legeak berreskuratzea agindu du Torrak. Gaineratu zuen «ezinbestekoa» dela Generalitateak nazioartean presentzia edukitzea, eta azpimarratu zuen «aldian-aldian» bilduko dela kartzelan edo erbestean dauden politikari subiranistekin.

Bestetik, nabarmendu zuen «zoritxarreko albistea» dela Josep Borrell Espainiako Gobernuko Atzerri ministro berria izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.