Mitoak egin du munstroa

Sortzaile eta zientzialarien inguruan hazia izanik, Mary W. Shelleyk bere garaiko eztabaidak islatu zituen 'Frankenstein'-en. Ordutik, ia mila laneko soka ekarri du zinema, komiki eta antzerkian.

Frankenstein edo Prometeo modernoa-ren lehen eskuizkribua. EFE.
itziar ugarte irizar
2018ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Badira literaturaren historian mendez mende ezabatzen ez den lorratza utzi duten gauak. Haietako bat da 1816ko uztailean Frankensteini amua jarri ziona. Gau batean hasitako jolas batetik irtengo zen beldurrezko generoaren ikono agorrezina; eleberriaren bertsio eta pantailaratze infinituaren bidetik, mito gisa iritsi dena gaurko egunera. Asteon bete dira 200 urte Mary Wollstonecraft Shelleyk Frankenstein edo Prometeo modernoa eleberria argitaratu zuenetik, 1818ko Urteberri egunean, Londresen.

Shelleyk idatzitako istorioaren atzeko istorioa ere istorio oso bat da. Indonesiako Tambora sumendiaren erupzioak ipar hemisferioa errauts lainoz estali zuen 1816an, eta udarik gabeko urtea eragin. Zeru haien azpiko Suitzan zebiltzan Mary W. Shelley eta Percy Shelley poeta —harekin ezkontzean hartuko zuen abizena lehenak—. Londrestik ihes eginda zeuden biak, lehenaren aitak bien harremana ukatzen zuelako. Haiekin zen Maryren ahizpaorde Claire Clairmont ere. Tamborak eragindako hotzetik babes bila, Lord Byron poetak bere udako etxean hartu zituen, Leman lakuaren alboan, Colignyn (Suitza). Villa Diodati deituriko etxe hartan zen John Polidori ere, Byronen mediku pertsonala eta literaturan bidea egiten hasia zena. Ez zen edozein etxe: lehenago, haren hormen artetik igaroak ziren, besteak beste, John Milton, Jean-Jacques Rousseau eta Voltaire.

Negututako uda hartan, Polidorik eramandako liburu baten pasarteak irakurtzen igaro zuen gaua taldeak: Fantasmagoriana, mamu kondairen antologia germaniar bat. Erronka bota zuen orduan Byronek: mamuen inguruko kontakizun bana sortzea. Jolas hartatik geratu diren bi istorioak ez ziren ordurako nabarmentzen hasiak ziren bi idazleen eskutik atera —Percy eta Byron—, ezpada Shelleyrenetik eta Polidorirenetik, zeinak The Vampyre (1819) idatzi zuen.

Handik urte batzuetara Shelleyk kontatuko zuenez, Byron eta Percy hizketan aditu zituen gau batean, Johann Conrad Dippel medikuak hilotzekin egindako esperimentuen eta Luigi Galvaniren elektrizitate proben inguruan. Gorputzaldi urduria utzi zion entzundakoak idazleari, eta amesgaizto batek esnatu zuen gauean. «Lurrean botata zegoen gizon baten fantasma izugarria ikusi nuen; eta gero, buru-argitasun boteretsuren baten bidez, bizi seinaleak manifestatzen eta mugimendu baldarrez astintzen», izango ziren haren hitzak. Orri gutxitako kontakizuna izateakoa zen hasieran, baina, handik urte eta erdira, eleberri gisara argitaratu zen.

Sinadurarik gabe atera zen eleberria 1818ko urtarrilaren 1 urrun hartan, egileak 20 urte zituela. Bostehun aleko tirada izan zen estreinakoa. 1823an argitaratu zen bigarren edizioa, antzeko tiradarekin, baina oraingoan egiletza aitortu zuen idazleak. Apenas hiru urtean, hamar antzerki moldaketa taularatu ziren. 1831n, moldatu egin zuen jatorrizko testua egileak. Ordurako hazten hasia zen mitoa: gero eta urrunago Shelleyk sortutako izakiarengandik, gero eta hurbilago iruditegi kolektiboan geratu den munstro torlojutuarengandik.

Bizitza sortzearen izua

Zientzia fikzioa, gotikoa eta erromantizismoa gurutzatu, eta bizitzaren sorrera eta suntsipenaren gaiak hartu zituen langai Shelleyk. Victor Frankenstein protagonistak, izaki beldurgarri bat sortu, eta berehala arbuiatuko du, bientzako ezbeharra eraginez. Harik eta izakiak mendekua hartu nahiko duen arte: «Onbera eta zintzoa nintzen; zorigaitzak bihurtu nau deabru». Izen propiorik ez du eleberrian, ezta munstro izendapenik ere.

Idatzi zuen garaian, elektrizitatearen lehen erabilera praktikoak garatzen hasiak ziren. Bizia sortzeko gai izango ote zen jakiteko zegoen oraindik. Prometeo modernoa da nobelaren azpititulua. Idazleak desafio egiten dio jainkotasunari Prometeo izaki mitologikoaren bitartez, hark bizia sortzeko boterea ebatsi baitzion Jainkoari.

Kritikaren arabera, 1797an Londresen jaio zenetik izandako bizi baldintzei zor die Shelleyk narraziora eramandako auzia. Mary Wollstonecraft zuen ama, emakumeen eskubideen defendatzaile aitzindaria. Neska gazteen hezkuntzaren aldeko A Vindication of the Rights of Woman: with Strictures on Political and Moral Subjects manifestua argitaratu zuen 1792an, askok lehen tratatu feministatzat jotzen dutena. Alabaz erditu eta 11 egunera hil zen, sukarrak jota. Eta aita William Godwin anarkista izan zuen; besteak beste, ezkontzaren eta jabetzaren aurkako ideiak zabaldu zituen. XVIII. mende hartarako pentsamendu aurrerakoia zuten bi-biek. Shelleyren biografo zenbaitek idatzia du afektu baino ideia eta pentsamendu gehiagorekin hezia izan zela. Amaren hilobira joan ohi zen irakurtzera, eta han ezkutatzen zen Percyrekin, hari eta 17 urterekin harekin ihes egin zuen arte.

Bada biografia horretan oinarrituta Shelleyren obrari beste irakurketarik egin dionik: Godwinek alaba ukatzen zuen gisara ukatzen du Frankenstein doktoreak berak sortutako izakia, haren idealekin bat ez etortzeagatik. Eta, halaber, Frankenstein doktorea bizia sortzen jartzean, Prometeo bezala, hildako ama berriz bizirik ikusteko desira irakurri du zenbaitek. Shelleyk izandako haur guztiak ere hil ziren, bat izan ezik. Eta egunerokoan idatzita utzi zuen ametsetan alaba berriz bizitzara itzultzen zitzaiola. Orduko autoreen erromantizismoan ulertua izan da balizko atzealde hori.

Euskaraz ere bada

Euskarara duela lau urte ekarri zuen Iñigo Errasti Arambarrik, Literatura Unibertsala bildumaren barruan. «Gizakiak biziaren sorreraren kezka eta bizitzarekiko ardura» ikusten ditu hark jatorrizko istorioaren erdigunean. «Zientziaren hastapenetan sortutako istorioa da, baina ikaragarri modernoa da. Gaur egun, manipulazio genetikoz bizitza sortzen dute, eta hori beldurgarria ere bada. Horri da azkenean: mito moderno bat da».

Hain zuzen, Shelleyk eta orduko autore erromantikoek zientziekin izan zuten harremana nabarmendu du Errastik. «Erromantikoak bai, baina zientzialariekin harreman handia zuten». Errasti: «Ez da nobela gotiko hutsa: harago dago. Bide propioa egin duen obra bat da, beste asko eragin dituena».

1831ko edizioaren itzulpena egin zuen hark, ez aurrenekoarena. «Batzuek diote obra puruena lehena dela, baina Shelley berak oraindik bizi zela egokitutako lana da bestea», azaldu du. Bi edizioen artean, baina, ez dago jauzi handirik: gordin esandakoak leundu zituen berredizioan.

Zineman jarritako torlojuak

Shelleyk idatzitako orriek literaturaren esparrua garaitu zuten aspaldi. Bertsioz bertsio izandako «desitxuratzea» mito bihurtzearen «prozesuaren parte» ikusten du Errastik. «Zinematik ezagutzen duenak liburua irakurriz gero, ikusiko du hori ere badela, baina hortik aurrera hainbat gauza dituela liburuak mitoak jaso ez dituenak». Gogora ekarri du desitxuratze hori oso goiz hasi zela, liburua kaleratu eta urte gutxira. «Lehenengo antzerkietatik izakiari ahotsa kendu zitzaion, eta eleberrikoa ez da mutua. Izaki adimenduna da, irakurketa eta gogoeta oso sakonak dituena. Obran ez da buruan torlojuak dituen izaki ahotsgabe bat. Hori da mitoaren eta obraren arteko alde nabarmenena».

Zinemarako lehen moldaketa 1910ean egin zuen Andres Tungek Frankenstein-en; eta geroztik 150tik gora egin dira, munstroaren irudia eraikitzen lagundu dutenak. Haren ikonoa zinemak sortu duela bat datoz adituak.

Beldurrezko zinemak, oro har, gizakiak sortutako munstro irrazional eta hiltzaile gisa irudikatu du Frankensteinen izakia. Halaber, badira bizitzaren gaineko ikuspegi kritiko bat landu eta gizakiak jokatzen duen rolaz galdetzen dutenak ere.

1931ko Frankenstein nabarmendu da gehien mitoaren ikonografian. James Whalek zuzendu zuen, Universal ekoiztetxearentzat, eta Boris Karloffen interpretazioak finkatu zuen laborategian sortutako izakiaren irudia, zeinean bi torloju dituen pertsonaiak lepoan, bere jatorri antinaturalaren seinale. Kritiko askoren arabera, ordea, 1935eko Bride of Frankenstein gehiago iristen da eleberriaren mamira. Izaki bihozgabe batetik urrun, bere jatorriaren gainean galderak dituen Frankenstein konplexuago bat eraikitzen baita.

Odola eta erraiak The Curse of Frankenstein-en (1957) agertu ziren aurrenekoz, Hammer etxearen lanean. Ebakiondo eta trasplantatutako azalarekin irudikatu zuen Terence Fisher zuzendariak munstroa, Christopher Leek gorpuztu zuena. Frankensteinen filmografia amaigabean Fisherren izenak ere badu pisua; bost pelikula egin zituen Fisherrek 1957 eta 1974 bitartean; askorentzat, pantaila handitik mitoari egin zaion ekarpen mamitsuena dena.

Nabarmentzen diren beste pelikula batzuen artean daude, besteak beste, Andy Warhol's Flesh for Frankenstein (1973) eta Kenneth Branaghen Frankenstein (1994). Era berean, eta parodiaren eta umorearen bidetik, Scooby-Doo, The Munsters, The Addams Family eta halako serie ugari oinarritu dira Shelleyren istorioan.

1822an, senarra itota hil ostean, haren literatur lana zabaltzen eman zituen bizitzako azken urteak Mary W. Shelleyk. Ingalaterrara itzuli, eta beste bi liburu argitaratu zituen: The Last Man eleberria (1826) eta Lodore (1835) autobiografia. 53 urterekin hil zen, buruko minbiziak jota.

Gaurko egunez, kalera irten zenetik mende bi bete berritan, mitoaren ekoizpenak ez du etenik; bizi-bizirik jarraitzen du liburu dendetan eta zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.